​­Italo Calvinok Adimen Artifizialari buruz eman zuen abisua

Gorka Bereziartua
0

Problema ez da Adimen Artifizialarekin liburuak idaztea. Problema da horrela egindako liburuak irakurtzeko prest dagoela jendea. Presaka hartutako apunteetan hitz horiekin agertzen zait Rosario Villajos idazleak duela hilabete Bilboko Gutun Zuria PRO jaialdian esandakoa. Berriz etorri zait gogora ze, Adimen Artifiziala hau eta Adimen Artifiziala bestea, ematen du kazetari nagi samarrak kafe makinatik urrundu eta zeozer egiten jartzeko gaia aurkitu dutela medioetako erredaktore-buruek azkenaldian. Eta irakurleak pagatzen du, klaro; konkretuki zuek zerbitzatzeko dagoen honek, dena ipurtzuloz gora jarriko duen fenomeno teknologikoari buruzko clickbait horietako batek arrantzatu bainau aste honetan: “Hauek dira Adimen Artifizialaren arabera zaharkituta geratu diren hiru unibertsitate-karrerak”.

Sorpresaren bila sartu naiz notizian, ez dizuet gezurrik esango: ea Arkitektura-fakultatean oina jarri bezain laster Le Corbusierren haizeekin ibiltzen hasten diren horiek pixka bat bajatzen dituzten; ea Medikuntzako listomarien aldetik karrera osoan jasandako burlak bueltatzeko moduan nagoen; ea Ingeniaritzako burmuin crossfitero horiek diren orain makinekin ordezkatuko dituztenak. Kaka lehorra: Kazetaritza izango omen da algaretera joango den karreretako bat ­–besteak: Zuzenbidea eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza–. Eta esango nuke harmailak zoramenez hartuko duela berria, gainera. Ze, kiroltasun osoz eta gardentasun demokratikoz esan behar da, ez direla hauek munduko ofiziorik maitatuenak. Jeneralean, aipatzen badira, hankapean hartzeko izaten dela. Eta, munduak, oro har, bake eta maitasun unibertsalaren helburua irudikatzen duenean, kazetaririk, abokaturik eta enpresaririk agertzen ez den pelikula daukala buruan.

Nolanahi ere, beste kontu batengatik ekarri nahi nuen asuntu hau eta dagoeneko hasi naiz endredatzen. Nik idazkeraz hitz egin nahi nuen: kazetariek, abokatuek, enpresariek ekoiztutako testuez. Benetan norbait harritzen al da jakinda makina batek berdindu dezakeela ofizio horietan ari direnen jerga kaltzifikatua? Italo Calvino sumatzen dut barrez bere hilobi toskanarretik: “Abokatuek eta funtzionarioek, ministerioetako kabineteek eta administrazio-kontseiluek, egunkarien eta telebistako albisteen erredakzioek, antilinguan idazten, hitz egiten eta pentsatzen dute. Antilinguaren ezaugarri nagusia da nik «terrore semantiko» gisa definituko nukeena, alegia, bere horretan esanahia daukan edozein berbari ihes egitea, ‘botila’, ‘berogailu’ edo ‘ikatz’ hitz lizunak balira bezala, ‘joan’, ‘aurkitu’ edo ‘jakin’ aditzek ekintza lotsagarriak adieraziko balituzte bezala. Antilinguan esanahiak etengabe baztertzen dira, bere horretan ezer esan nahi ez duten edo zerbait lauso eta ulertezina esan nahi duten hitzen perspektiba batean zokoratuta”.

Abokatuak, administrazio kontseiluak, erredakzioak. 1965etik geunden abisatuta, baina enteratu zirenen artean behintzat, guztiz gehienek pentsatu zuten kontu hauek literati diletanteen ohiko espantuak besterik ez zirela. Eta orain hara, denak dardarka haizeak darabilen orbela bezala, OtsoaGPT datorrela-eta. Hainbeste urtez bizi izan gara irakurtzea eta idaztea etengabe debaluatu dituen kultura batean, hain gutxi kezkatu gara pertsonek roboten antzera egindako testuez, hain automatizatuta dauzkagu inguruko guztiaz jabetzeko mekanismoak, ezen orain, robotak pertsona imitatzen ikasi duenean, ez baitakigu ezta ardi elektrikoekin amesten duten androideak ote garen ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA