Espektakulu bat ikusten ari garela iruditzen zait muga-zerga usamerikarren kontura. Espektakulu bat zeinean, gaur egungo espektakulu gehienetan bezala, sold out kartela assspaldi zintzilikatuta zegoen, karta gehienak banatuta eta harridura itxuratzea besterik ez zaigun geratzen.
Zeren aber, dagoeneko nahikoa ikusi dugula iruditzen zait, Trumpen erabaki itxuraz kaotikoen atzean etengabe errepikatzen ari den gidoia identifikatzeko: 1) tipoak hitz egiten du, ahoa Altzoko Handiaren abarken tamainaraino irekita, barbarbar; 2) biharamun goizean kafesnea ere garestiago kobratzen dizute, kristo guztia alertan jarri delako eta, nazi laranjak hekatonbe bat probokatuko balu, munduaren amaierari aurrezki extra batzuekin egin nahi diotelako aurre kafetegiaren jabeak, kafea ekoizten duen enpresak, kafea banatzen duenak, eta handik pasatzen zen beste bitartekariren batek ere; 3) handik denbora batera –dei diezaiogun denbora-tarte horri X: gero itzuliko gara puntu horretara–, Stormy Danielsen bezeroak berriz hitz egiten du, oraingoan ahoa jarrita pipak jateko bezala, eta iragartzen du lehen esandakoa –Altzoko Handiaren abarkena, alegia–, ezetz, ez duela egingo, edo ez behintzat bertsio grindcorean, akustikoan baizik; 4) munduak, lasaituta, hasperen egiten du, ibex treintaizinko jartzen da berriz tinko eta cac kagant oso galant; 5) hurrengo egunetan kafearen prezioa ez da jaisten hala ere, eta trumpaldotik hurrena zer kantatuko zain geratzen gara denok.
Pentsa dezakezu DJ Trumpen –zer? Donald John du izena– pintxada horietako bakoitzak munduko ekonomiaren dantzalekua lehertzea beste helbururik ez daukala eta, funtsean, kaosaren agente bat ari dela Inperioa gobernatzen. Hemen dena arrazionalizatzeko joera daukagu ordea, eta kasu honetan ere posible dela iruditzen zait, baldin eta lehen aipatu dugun X denbora-tartea kontuan hartzen bada. Labur esateko: burtsako salerosketei esker dirua irabaziko banu, asko interesatuko litzaidake jakitea noiz iragarriko duen Donaldinhok astakeria berriren bat eta, batez ere, noiz hasiko den kablea jasotzen, izan ere, lehenbizikoa gertatzen denean, mundu osoko burtsei kakalarria sartzen zaie eta akzioen prezioa gainbehera hasten da putzu sakon eta ilun batera iritsi arte; “ezetz, broma zela!” esaten duenean berriz, akzioen salneurriak gora eta gora egiten du estasiatuta, eta erositakoa baino askoz garestiago saltzeko unea da. Orain demagun badakizula zehazki noiz gertatuko den gauza bat eta noiz bestea: joan den astean, informazio hori zeukatenek, milioitza ikaragarria irabazi zuten –eta Mar-a-Lagon inportatutako puruak erretzen ariko dira, ni pijaman hau idazten ari naizen bitartean–.
Iruditzen zait honek guztiak 2008ko krisitik elkarrekin ika-mikan ari ziren bi tendentzia jarri dituela azkeneko eztula egitetik gertu: merkatuetan esku-hartze publikoa galdegiten zuen sozialdemokrazia erradikala, batetik; eta esku publikoa merkatu libre funtzional baten joko-zelaia erregulatzeko bakarrik behar zuen ordoliberalismoa, bestetik. Trumpkonomiak titular kolpeka merkatuetan atzaparra modu aski agresiboan sartzen du, baina kapitalaren zati pribilegiatu bati mesede egiteko bakarrik. Eta tiroak nondik datozen asmatu ezinda, saldoka erortzen dira Varoufakisen eta Schäubleren aurpegiak tatuatuta zeuzkaten ekonomialariak. Kantatu beharko diegu harro hadi Kantauri itsasoa bat, arantzeletan biak hil baitziren. Baina, batez ere, ea hasten garen ziklo hau behar bezala ulertzeko ideia freskoagoz hornitzen.