Fantasia pixka bat gehiago

Gorka Bereziartua
0

Hemen bakoitzak bere fantasiak ditu eta, norberak eduki ditzakeenekin bat etorri ez arren, komeni da besteenak kontuan edukitzea gauzak ulertzen saiatzen garenean. Ezkerreko peña, adibidez: noizbait etorriko den iraultza orgasmiko batekin amestuko ez balute, ez legoke ulertzerik egiten duten gauzen erdia ere. Hori bezain berdaderoa da, ordea, eskuineko hiritar prestu orok bere afrodisiako politikoen artean daukala amets erredimitzaile bat, iraultzaren negatibo erabatekoa dena: estatu-kolpea. Gero fantasia horiek esplizituago bihurtu daitezke eguneroko antzerki publikoan edo erdi-gordean geratu ze, horixe, fantasiak dira: lotsa beti da osagaietako bat material horiekin jolasten eta enredando –ai, Iturgaiz, zu bai fantasia– hasten garenean.

Politika modu libidinal honen bidez interpretatzea lagungarria da azken urte luzeetako dinamika nagusiak beste modu batera ikusteko. Izan ere, esango nuke ezkerrak kasik erabat erreprimitu duela bere fantasia iraultzailea; eskuina, aldiz, estatu-kolpeari buruzko pentsamendu autosexualak edukitzetik, ideia horrekin orgiak antolatzera pasa da.

Aste honetako gaia pixka bat zehazten hasi behar dugu honezkero eta, hara, konstatazio pare bat aurkitu dut patrikan. Baga: Isabel Díaz Ayuso ez da ordezkari instituzional arrunt bat, aktore pornopolitiko bat baizik; bere jarduera publikoa arrazoiaren bidez baino hobeto ulertzen da pultsioak kontuan hartuta. Biga: joan den astean Espainiako autonomia-erkidegoetako presidenteen bilkuran egin zuenak erakutsi digu zein den euskaldunon lekua estatu-kolpe espainiarraren fantasian: mapatik desagertzea.

Jakingo duzue, noski, zer pasa den. Hasi da Imanol Pradales EAEko lehendakaria euskaraz hizketan konferentzia horretan eta Ayuso, eusko berba leuna jasan ezinda, aretotik irten. Aurretik iragarria zuen, gainera, hori egingo zuela aldibereko itzulpen-zerbitzua eduki arren. Mezua argi dago: “Ez genuen gerra irabazi probintzietako hizkera horiek aguantatu behar izateko”.

Espektakuluak balio izan du behintzat Manzanaresen rive gauche-ko batzuek deskubritzeko euskararen potentzial subertsiboa: hura entzute hutsarekin Ayusok ihes egiten badu banpiroek eguzkia ikustean bezala, agian masiboki hitz egiten hastea izango da Madrilgo eskuin trumpistaren destituzioa ekarriko duena. Erregimenaren aurkako oposizioa: korri Complutenseko euskal ikasketetan matrikulatzera.

Lehendakariak ere utzi du esaldi onen bat. Jarri fondoko musika epikoa eta irakurri Kandido Urangaren ahotsez: “Zer askatasun mota aldarrikatzen du norbaitek, pertsona bati ukatzen badio hitz egin nahi duen hizkuntzan aritzeko libertatea?” –egia esan, Ajuria-Enean jarri duten modelo berri honek kasik gizaki batek bezala jokatzen du: harrigarria da teknologia nolako abiadan ari den garatzen–.

Eta hala ere, zeozer faltan. Madrilgo PPren kontra, nork bere hizkuntzan aritzeko eskubidearen alde… Aber, ez dut esango horrelako gauzak defendatzea gaizki dagoenik, baina rolloa da, gutxi gorabehera, giza eskubideen alde zaudela esatea bezala. Oso-oso minimoetako zerbait. Falangismo pop berri honi erantzuten hastean, ordezkari politikoek euskaltzaletasun libidinalago bat atera beharko lukete behingoz paseatzera. Errespetua eskatzen ibiltzeak dagoeneko eman du eman behar zuena. Orain kontua errespetua galtzen hastea da, fantasia pixka batekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA