Ezkerra ‘woke’ eta eskuina punk?

Gorka Bereziartua
0

“Eskuina da punk berria”, bota zuen Santiago Abascalek iazko abenduan podcast argentinar batean eta, orduz geroztik, eslogana errepikatu eta errepikatu ari dira eskuadrismo digitaleko kliken jornalariak. Inor ez da harrituko ondorengo datuarekin, baina eman egingo dut hala ere: esaldia ez da alkandora estuegiz eguzkiari so egiten dion Amurrioko ultrarena. Horretan ere ez da originala. Berehala aurkituko duzu formula bera Roseanne Barr komediante eta aktore estatubatuarraren ahotan, urtebete lehenago –bai, ETB1ek emititzen zuen Roseanne telesaileko protagonista: trumpatuta dabil, antza–.

Dena den, destripa dezagun pixka bat kontu hau, taxiei deika aritzen ez den jendeak ere erdi-sinetsi baitu honezkero: gaurko eskuin hiperbentilatuari gandorra ikusi nahi dioten askok esaten dute ezkerra woke bilakatu dela, politikoki polita, dena errespetu, zaintza, aniztasun eta koloretxo. Eta horren erruz, korroskada publikoak botatzeko espazioa libre geratu dela faxismoarentzat.

Punk errealki existentea ezagutu egin behar da, ordea. Giro horretan zertxobait ibili den edozeinek –ez orain bakarrik, duela hamar, hogei edo auskalo zenbat urte gehiago–, badaki espazio punkien agendan ez dela arraroa otordu beganoak edo anti-espezismoa agertzea; jarrera matxifaxisten arbuioa leku “normaletan” baino agerikoagoa dela; labur esateko, woke tramankulua AEBetatik inportatu baino puskaz lehenago izan direla punkiak batezbestekoa baino woke-ago.

Batzuentzat, zera bihurtu da problema, nik uste: lehen hankabeltz zorritsuen lokal okupatuetara mugatuta zegoena orain zentro komertzialeraino iritsi zaiela, forma aski edulkoratuetan bada ere. Eta, besterik gabe behazuna jariatzen aritzea ez denez itxurosoa ordenako jendearentzat, asuntuari justifikazio kontrakulturalen bat bilatu behar izan diotela.

Errebeldiaren ideia eskuin muturrerantz lerratzea, dena den, kontuan hartzeko joera da. Abisuak aspalditik dauzkagu. Virginie Despentesen Vernon Subutex (2015-2017) trilogiako pasarte bat da ondorengoa, zeinean ama batek izandako dezepzioa kontatzen den: “Bere semea txikia zenean, ezerk ez zuen kontsolatzen haren musuek bezain azkar. (…) Amak xamurtasunez irensten zuen gorputz txiki hura. Haren oin ñimiñoak, Dragoi Bola Zren edredoiak. Gauzak konplikatu egin ziren hamasei urte bete zituenerako. Inoiz ez zuen hura maitatzeari utzi, baina akabatu ahalko zuen, bateko futbola eta besteko edozein unetan esaten zituen lerdokeria matxistak eta fatxak. Zauritua eta traizionatua sentitu zen, beti moldatu izan baitziren ondo. Hiru urteko tentsioa eta gero pasa zen. Bere semea eskuinekoa da. Hasieran pentsatu zuen bera izorratzeko bakarrik egiten zuela, baina azkenerako onartu zuen: gazte inteligenteak dagoeneko ez dira sistematikoki ezkerrekoak”.

Pierre Bourdieuk 1981ean seinalatutako zerbaitek argi dezake, zertxobait, transformazio hori. Eremu politikoan ezkerra eta eskuina bereizteko, bakoitzak hartzen dituen posizioei begiratzen diegu; baina posizio horiek garaiaren arabera erabat aldatzen dira: bi mundu gerren arteko Frantzian, ezkerrak esperantza handia zuen zientzian eta aurrerapenean; eskuinak aldiz, naturaren gurtza eta irrazionalismoa zituen banderatzat. 1980ko hamarkadaren hasieran aldiz, eskuin frantsesa zen arrazionalista-teknokrata Bourdieuren arabera; 68ko maiatzaren osteko ezkerra, aldiz, net libidinala.

Beharbada eskema hasierako posizioetara itzuli da kapitalismoaren fase distopiko honetan: ezkerrak argudio-multzo oso sofistikatuak eskaintzen ditu; “sartu hitz potolo horiek ipurtzuloan eta goazen after-era”, erantzuten dio parranda neoliberalaren ondorengo faxismo berriak. Ez da hainbeste woke ala punk. Garaiz erretiratzen den enpolloia izan, ala Mari Karmenen seme kabroia: hori da une honetan askoren dilema ideologikoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA