Horiengandik ez espero gauza handirik

Gorka Bereziartua
0

“Zer espero zenuen ba?” galdetzeko modu asko daude. Horietako bat gorrotagarria izaten da. Ez baita galdera-galdera ere; egin dizunak ez du nahi erantzuterik hau, hura eta bestea gertatzea aurreikusten zenituela. Egin dizunak dagoeneko badaki hau, hura eta bestea ez direla zuk nahi bezala gertatu. Eta horregatik sentitzen zarela triste. Edo erretxinduta. Ez oso ondo behintzat.

Tankera horretan zaudenean, “zer espero zenuen ba?”, zure espektatiba xaloegiak azpikontrata bidez epaitzeko modu bat bihurtzen da: galdera bota dizunak ez dizu zuzenean esango langa altuegi jarri duzulako sentitzen zarela orain kaka zapaldu berritan bezala. Zuri –gogoratu, zapata-zola adaxka batekin patetikoki garbitu nahian ari zaren horri– eskatuko dizu autoebaluazioa egiteko: benetan uste zenuen gauzak dauden bezala egonda beste zerbait pasa zitekeela, inuzente halakoa?

Dudarik gabe beste plan batean ari zen Immanuel Kant, gizateriaren galdera filosofiko handien top-4an “zer espero dezaket?” sartu zuenean. Asuntuak soka ekarri zuen ondorengo mendeetan. Hans-Georg Gadamerrek oso fuerte irakurri zituen Kant eta haren jarraitzaileak. Gero Gadamer oso fuerte irakurri zuen Hans-Robert Jaussek. Eta garuna estutzera dedikatu den jende-kate horri esker, badakigu espektatibak gauza inportantea direla literatura deitzen diogun zera horretan ere: edozein liburu irakurtzen hasi aurretik ari zara gauza asko aurre-ulertzen, lehenago irakurri dituzun testu guztiek baldintzatuta. Irakurri ahala, aurreikuspen horiek baieztatuko dira edo ez. Eta segun eta ze garai historikotan hartzen duzun ze liburu, aurreikuspenak ere aldatu egiten dira. Horregatik jarri zion Jaussek bere kontzeptu totxoenari “espektatiben zerumuga” izena: irakurtzeko prozesua gauza zabala dela imajinatu behar dugulako, hondartzako hamakan liburutik begirada altxatu eta ikusten duzun paisaia ozeaniko amaigabe hori bezalakoa.

Ondo legoke lan mundua eta harekin lotutako espektatibak ere horrelako metafora paisajistikoen bidez esplikatu ahalko bagenitu, egia esan. Inpresioa daukat, ordea, “espektatiben behatxuloaz” hitz egitea askoz zehatzagoa dela. Gauza bakarra erdi-ikusteko aukera uzten dizun zirrikitu txiki bat.

Hartu, adibidez, azken bost urteetan hedabide mainstream-etan etorkizuneko lanari buruz barra-barra produzitu diren diskurtsoak. 2020. urte pandemikoan, konfinamenduaren ondorioz “geratzeko etorri” ziren fenomenoen artean –ugh, espresio hori–, telelana izan zen errege: pertsonak askoz produktiboagoak omen ginen bakoitza gure etxetik arituta, kontziliaziorako abantailak ere gutxi ez, tar, tar, tar. Gauzak 180 graduko buelta eman zuen handik bizpahiru urtera: lantoki fisikoak iraganeko gauza zirela solemneki deklaratu zuten agerkari berberak, solemneki deklaratzen hasi ziren lana aurrez aurre egin behar zela, kontaktu fisikoak elikatzen zituelako gizakien berrikuntza-gaitasuna eta ez dakit zenbat gauza txiripitiflautiko gehiago. Biharko enplegua nolakoa izango den aurreikusteari dagokionez, ezinezkoa zirudien jendea gehiago mareatzea. Baina gaur, gosaltzen ari zaren bitartean, etorkizuneko lanari buruzko mezu nagusia, gutxi gorabehera, hau bilakatu da: hahahaha ez dugu pertsonarik behar adimen artifiziala daukagu LOL.

Lasai, ez dut “zer espero zenuen ba?” gorrotagarri horietako bat behar. Gorde dezakezue zuentzat: nik ere badakit dena bost axola zaiela, irabaziak maximizatzea izan ezik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA