Pertsonaia batek zerbait fundamentala ukitzen duenean, hura interpretatu duen aktorearekin maila sinestezinean fusionatu daiteke. Kontxu Odriozolak elkarrizketa batean kontatu zuen: hain zegoen mimetizatua publikoarentzat Goenkale-n interpretatzen zuen Maria Luisa Galardirekin, ezen jendeak kalean geratzen baitzuen esateko gogor segi zezala Boga-Bogan txikiteoan aritzen ziren gizon horiekin.
Goenkale-n ikusi genuen Joxe Ramon Soroiz ere. Baina egia esan, orduan nintzen ikusleak –10 urteko ikusleak, dena esan behar da– ez zuen behar bezala baloratu: zein zen Martin Lasa hura? Zergatik zegoen haserre bere anaiarekin? Zergatik ezin nuen barrerik egin berarekin? Edo, beste modu batera esateko: non sartu zen algaraka jartzen ninduen Joselontxo?
Ulertu behar izan nuen hura beste telesail bateko pertsonaia zela –Z belaunaldiko gehienentzat ohar wikipedikoa: Bi eta bat zuen izena Soroizek aurretik protagonizatutako serieak; sitcom bat zen–. Ulertu behar izan nuen, gogoz kontra hori bai, Soroiz ezin zela bakarrik Joselontxo izan. Orain pentsatzen jarrita, beharbada momentu horretan hasi zen gaur arte irauten didan gizakiaren dualtasunari buruzko kezka. Gai pasionagarria da, zeren Descartesek idatzi zuen mod… ei, aizue, nora zoazte? Bale, bale, ez alde egin, oraintxe segituko dut Soroizekin.
Izan ere, Goenkale-ren ondoren Jaun ta jabe etorri zen eta ez, Joselontxo ez zen itzuli, baina gauza are dibertigarriagoa agertu zitzaigun pantailan: Joxe Antonio Arizkorreta lehendakari-sukaldaria, Eneko Olasagastik zuzendutako komedia politikoan. Tripak botarazi zizkidan –eta bromak luze iraun zuen: handik urte batzuetara, prentsa kontuetan buru-belarri sartuta, irribarretxo bat ateratzen zitzaidan oraindik Euskal Herriko bake prozesua aurrera ateratzeko “sukalde-lana” aipatzen zen bakoitzean: “Gernikako piperrak, mixeraz beteak!”–. Gaur goizean, kafea hartzen ari zaren unean, herri honetan inork ez du komedia politikoaren alorrean gailur hori berriz usaindu ere egin –Patxi Lopez gogor saiatu zen arren–.
Joselontxo, Martin Lasa, Super Arizko… bale, baina hurrengoa gehiegi izan zen: Ertzainak. Hamabost urte nituen. “Tio, Joselontxo: zipaio? Egitan!? Paso. Paso, paso, paso”. Handik urte batzuetara Soroiz bera Nikola Agirre errebeldea bilakatu zen Metxa antzezlanean; ordurako agirretarren bandera nirea egin ez banuen, izagirretartu samar behintzat seguru banenbilela. Berradiskidetu nintzen Joselontx… Arizko… Soroizekin.
Gainera, zeozer ikasia nuen fikzioa eta errealitatea, aktoreak eta pertsonaiak bereizteaz. Gero gauza inportanteagoak ikasi ditut. Adibidez: arinkeria jasanezinez baztertzen ditugula sarritan gure fikziozko lanak –Ertzainak, berandu konturatu nintzen, jauzi handia izan zen aurretik hemen telesailak egiteko moduarekin alderatuta–; edo behin erregistro batean gustatu zaigun aktoreari beti erregistro horretan aritzeko eskatzen diogula –gutxi gorabehera musikariei beren betiko hit-ak jotzeko eskatzen diegun bezala; edo idazleei beti liburu bera idatz dezatela–; eta hori eginez ere itotzen ditugula gure artisten ibilbideak.
Forofo batek bezala egin nuen sofatik salto Donostiako Zinemaldiko sari-emate ekitaldian Joxe Ramon Soroizen izena entzun nuenean. Etxeko norbait saritu izan balute bezala, aizue. Maspalomas-eko Vicente ez da pertsonaia bat gehiago izango haren ibilbidean, paper batean sartzen denean zein kolore-gama zabala eduki dezakeen erakutsi duen lana baizik –eta hori nola gauza ona zen ikasiko dugu behingoz, urtetan tonu horietako batzuk probatzeagatik merezitakoa baino arreta gutxiago eskaini diogunok ere–.

2 Iruzkin
Bikaina artikulua. Gora Soroiz!!!!
Ze ondo irudikatua Soroizen ibilbide kamaleonikoa, ederra artikulua. Hunkigarria zilarrezko maskorraz ikustea, bejondeiola!