Fiskal nagusiarena, Manolo soziatarena eta abar

Gorka Bereziartua
0
Alvaro García Ortiz, Espainiako Estatuko fiskal nagusia zigortu du Auzitegi Gorenak.

Zarata asko produzitzen du Espainiako politikak eta buru argitasun pixka bat eduki nahi duen jendeak, normala den bezala, deskonektatu egiten du, dena eskandalua bihurtzen denean ezer ez baita hain eskandalagarria azkenerako. Joan den astekoa, ordea, ohiko zarata-geruza konstante horretan akorde disonante bat izan da. Teloia tarratatu duen labana: Auzitegi Gorenak, hau idaztean oraindik epai detailatu baten bidez esplikatu ez dituen arrazoiengatik, lepoa moztu berri dio Estatuko fiskal nagusiari.

Ez da txori kaka gero, kontuan izanda auzitegi horren maila, instituzionalki, gorteen eta gobernuaren parekoa dela. Kanoi handienak dauzkan tribunalak misil bat jaurti berri dio Pedro Sanchezen gobernuari –honen sokakoa baitzen ministerio fiskaleko burua–, eta hori egiteko, gainera, azaroaren 20ko data seinalatua aukeratu du –Franco, Franco, Francoren deathbot-a pantailan xuxurlaka 50 urte eta gero–.

Kalibre lodiko erabakia disparatu duten epaileen artean badira ezagun samarrak diren batzuk. Manuel Marchenaren izenak zerbait esango dio Kataluniako independentisten aurkako epaiketa jarraitu zuen edozeini; Carmen Lamelaz akordatuko dira, dudarik gabe, Altsasun; Juan Ramon Berdugok parte hartu duen epai ezagunen artean dago txio batzuk idazteagatik Cesar Strawberry musikariari jarritako urtebeteko kartzela-zigorra; eta Andres Martinez Arrietaren kasuan ere, hortxe aritu zen txostengile Arnaldo Otegiren inhabilitazioa 2021eraino luzatu zuen epaian.

Baina aurrekari horiek errepasatzean ikusten da eman berri duten jauzi kualitatiboa. Alegia: ez gara orain espantuka hasiko deskubritzen Espainiako justiziak nolako desmasiak egiten dituen norbait posfrankismoaren traje estutik ateratzen saiatzen den aldiro; botere-banaketa iberikoa zer den ere badakigu, gutxien-gutxienez Auzitegi Nazionalak Egin egunkaria itxi eta Jose Maria Aznarrek, gobernuko presidentea zela –zerikusirik ez, teorian, asuntuarekin–, adierazi zuenetik: “Zer uste zenuten, ez ginela ausartuko?”. Epaileen bidez ere politika egiten da. Edo bestela esateko: epaileek politika egiten dute, zenbait kasutan politikariek eurek baino gehiago.

Kontua da orain arte horrelako erabaki judizialak ikusi izan dituenean, batez besteko pesoeko boto-emaileak, grisen aurrean korri egin omen zuenak, Javier Cercasen liburuak eta El País irakurtzen dituen horrek, zeinari Manolo deituko diogun burua gehiegi ez estutzeko; Manolok, beraz, hasperen etsi bat egiten zuela gauzak ondo-ondo ere ez zirela egiten susmatzen zuelako. Baina gero, buruan bi ideia nagusitzen zitzaizkion: 1) niri ez didate ile bat ere ukitu ba; beste horiek zerbait egingo zuten; eta 2) akatsak akats, zuzenbide-estatu batean bizi gara zorionez eta justizia inpartziala da guztion artean gure buruari eman diogun demokrazia honetan.

Manolok, gizajoa, bi ideia horiekin tira du urtetan, agian pentsatuz judikaturaren hurrengo erronda ere beste batzuek pagatuko zutela, konturatzeke Estatuaren etsai potentzialen zerrenda geroz eta handiagoa bilakatu dela, kolofoi gisa osagai kutre samarrekin Estatuko fiskal nagusia –Estatuko putofiskal nagusia, e– enpapelatu duten arte. Orain komeriak, klaro. Manoloren fede konstituzionala krisian eta abar tartar.

Ez gaude, dena den, hari nagusikeriaz begiratzeko moduan. Auziak euskal prentsan izan duen jarraipen eskasa kontuan izanda, ondo kalibratzen ari ote gara horrelako zerbaitek hemengo instituzioetan ere ekar lezakeena? Gure errekreoko eztabaidak oso entretenigarriak baitira, baina agian hasi beharko genuke ganbara betetzen premiazkoagoak izango ditugun materialez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA