Pol·len argitaletxe katalanaren Durangoko Azokako standeko liburuak interes bitxiarekin aztertzen ari zirenean gurutzatu ziren haien begiradak. “Hau Bartzelonara ihes egitea bezala da, ezta? Rollo supereuskaldun honen erdian katalan batzuk”, ausartu zen esaten bata, lotsa ezkutatu ezinda, zeren, dudarik gabe, komentarioa inozo samarra baitzen; eta, agian, match egiteko gogo desesperatua adierazten zuen, gainera.
Besteak, ordea, jarraitu egin zion, Sarrionandiaren, Meaberen, Antzaren, Jimenezen katalanera itzulitako liburuak seinalatuz: “Ez al da alderantziz? Bartzelonaren erdian euskal oasi bat, orain honaino teletransportatua?”.
Batak barre urduria egin zuen espero ez zuen erantzun horrekin eta besteak esan zion Artekalen aurrera segiko zuela, ea bazetorren, Neskato onak izeneko komiki bati buruz oso ondo hitz egin ziotela. Batak jarraitu zion, noski, bestearen belarritako urrekarak eta bota berriak bistatik galdu gabe. Hura zerbaiten hasiera izan zitekeen.
Bueltak eta bueltak eman zituzten, une batean, hainbeste portada koloretsurekin pixka bat hordituta, batari gogoeta astunak jo zion arte: “Ez al da pixka bat tristea liburu hauetako gehienen patua? Zenbat itzuliko diren etorri bezala, inork begiratu ere egin gabe; zenbatek bukatuko duten biltegietan edo egileen etxeetako trastelekuetan hautsa hartzen. Ez da bidezkoa”.
Besteak pentsatu zuen bata pertsona sentibera zela dudarik gabe, jendetza haren erdian, kontsumoaren feriaren muinean, arretarik jasotzen ez zutenengatik kezkatzen. Eta gogoa izan zuen bata bere besoetan biltzeko, baina horretarako intimitate pixka bat behar zuen. Eroskiren standera joatea proposatu zion: “Han ezinezkoa da inor ibiltzea eta lasai hitz egin ahalko dugu”.
Batari gustatu zitzaion besteak nola entzun zion. Besteari gustatu zitzaion batak nola besarkatu zuen, berak ere euskal kulturaren egoeragatik asko sufritzen zuela aitortu zionean. Kariñotik igurtzira pasa ziren berehala; igurtzitik Landakopeko parkineko komunetara. Han egin zituzten gauzak nekez irakurriko dituzu euskal liburuetan.
Elkarren zukuetatik ase arte edanda itzuli zirenean, giroa zeharo aldatuta aurkitu zuten ordea. Jendea azokatik ateratzeko prestatzen ari zen, manifestazioa omen zegoen deituta. “Joango gara?”, galdetu zuen batak. “Bai noski”, erantzun zuen besteak. Baina orduan konturatu ziren manifestazio desberdinei buruz ari zirela, batak EHKSk deitutakora joan nahi baitzuen; besteak EHErenera.
Dezepzio sakonak pitzatu zituen elkarri zuzendu zizkioten begiradak. Eternala iruditu zitzaien isiltasunaren ondoren hasi zen hizketan bata: “Baina orduan zu… txillardegitar erreformista bat zara?”. Besteak, halako laidoa jasan ezinda, gogorretik erantzun zion: “Arestiar espainolista bat izatea baino hobea da, inolako dudarik gabe”.
Bukatua zen huntaz eta hartaz ari zitezkeen garaia, elkarri euskal harriak jaurtitzen hasi ziren; eta diskoak, diskoak ere bai: “Tori hau, ea zerbait ikasten duzun”, esan zuen batak builaka, besteari J Martinaren Negu Gorri ninja izar bat bezala botatzen zion bitartean. Besteak, zaurituko zuen biniloari iskin eginda, Zetaken singleen tiro-sorta batekin erantzun zion, burutik egindako norbaitek bezala “ZEIN EDERRA IZANGO DEN” oihukatzen zuen bitartean.
Landakoko seguratek plakatu zituztenean bakarrik konturatu ziren: ez zituzten elkarren Instagrameko kontuak partekatu. Ezin izango zuen batak bestea etiketatu biharamunean, desordena publikoak leporatuta aske utziko zituztenean, Arantxa Urretabizkaiaren ondoan egin zuten argazki hartan. Batak edo besteak profilean finkatutako story kriptiko batean entzuten da, orduz geroztik, egun hark utzitako zauri sakonari hitzak jartzen dizkion kanta: “No Ilores, mi querida / Dios nos vigila / Soon the horse will take us to Durango / Agárrame, mi vida / Soon the desert will be gone / Soon you will be dancing the fandango”.