Betaurreko (ustez) adimendunak

Gorka Bereziartua
0

Ba kontua da Donibane Lohizunen izan nintzela joan den astean. Eta Lapurdira pasatzean maiz gertatzen zaidan moduan, denda, ostatu eta gainontzeko kontsumoaren tenplutxoak oso goiz itxi zizkidaten –goiz, estandar espainulean funtzionatzera ohituta nagoen honentzat, noski: Euskal Herri europarrean ordua ez baita aldatzen, baina denbora erabiltzeko modua bai–. Bref, han geratu nintzela itxitako denden eskaparateei begira, pixka bat nire arraza madarikatuz, egun hartan erlojuak 14:30 markatzen zuenean oraindik “eguerdia” zela esateko kapaz izan nintzelako eta, klaro, horrela dena atzeratzen da asko, abiatu aurretik egin gabe dauzkazun gauzen zerrenda luzea baita: bazkaldu, kafeinatu, pattartu, pipatu, siestatu, meriendatu, despijamatu… hara desorduaren emaitza.

Total, Kylian Mbappé deika sumatu nuela pertsiana jaitsita zeukan begi-lagunen denda bateko eskaparatearen bestaldetik. Betaurreko arraro batzuk zeuzkan jantzita, kirolean espezializatutako marka batek salgai jarri dituenak, sare sozialetako gaizkiaren korporazio batekin elkarturik. Adimen Artifiziala txertatuta dute antiojoek, bideoak grabatzeko balio dute, musika eta podcastak entzuteko, kirola egin bitartean metrikak kontrolatzeko eta, labur esateko, bizi dugun amesgaizto orweldarraren hurrengo objektu fetitxea bilakatzeko aukera handiak dituela uste dut.

Orduan, zergatik iruditu zitzaidan horrelako betaurrekoak edukitzeko aukera hain erakargarria? A, badakit: Dragoi Bola. Trasteak, nolabait, gogora ekarri zidan Raditzek, Vegetak eta abarrek janzten zuten begi bakarrerako pantaila koloredun erdi-garden hura, besteak beste arerioen indarra neurtzeko baliatzen zutena –planeta batetik bestera mezuak bidaltzeko ere erabiltzen zuten; eta audioak grabatzeko, datuak biltzeko eta abar: Akira Toriyamari esker, gaur egungo distopia hau pixka bat déjà vu ere bada, nondik begiratzen diozun–.

Asuntua zera da: Dragoi Bola-ren zeharkako lezioetako bat ondo ikasi genuela, alegia, aparailu hiper sofistikatu horiek ez zutela balio bat-batean bere borroka-indarra biderkatzen hasten zen arerio bat aurrean tokatuz gero. Literalki lehertu egiten ziren Son Goku kabreatzen zenean. Badira neurtu ezin diren gauzak, kalkuluak pikutara bidaltzen dituztenak, asko saiatu arren kontrolari ihes egiten diotenak. Hori litzateke mezua.

Ez dut uste, hala ere, Mbappék iragartzen dituen betaurreko horiek fortuna handirik izango dutenik fauna kultureta euskaldunaren artean, berandu baitatoz: lehen euskaldun oro sasi-filologoa zen, baina urteak dira ia denek betaurreko sasisoziologiko, tabernantropologiko eta erdifilosofikoen bitartez begiratzen diotela munduari, inguruko jendeari eta beren buruei. Eta betaurreko ustez adimendun horiei esker, sarritan ulergaitza dirudien garai honetako gertaerez iritzia ematea ere askoz errazagoa bilakatu da.

Errazagotik errazegira, ordea, saltoa ez da oso handia izaten. Irudipena daukat euskal kulturako aferei begiratzeko azken urteetan behin eta berriz erabiltzen ari garen beherapenetako cultural studies optikak ikusmena lausotu ere egin digula pixka bat. Gure eztabaidetako aukera posible guztiak tipifikatuta, etiketara murriztuta, multzokatuta eta sailkapen horren arabera a priori epaituta dauzkagu gehienetan.

Betaurreko hauekin dena ikusia dugu aurretik, aurreiritziak indartzen dizkigute, ez diogu gure buruari harritzeko aukera handirik ematen. Betaurreko hauek ere adimendunak dirudite, baina ez dakit ba; egongo dira komunitate gisa dugun borroka-indarra hobeto neurtzeko balioko diguten beste antiojo batzuk. Inteligenteagoak edo, gutxien-gutxienez, ez hain aspergarriak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA