Guk mundua aldatuko dugu

Gorka Bereziartua
0
Garaiari aurrea hartu zion.

Arraroa da abenduko azken egunetan astekari batean idaztea, ez baitakizu irakurleak alde honetakoak izango diren, hau da, 2025ekoak; ala bestaldekoak, alegia, atalasea gurutzatu dutenak eta bilakatu direnak, aldizkaria etxera iritsi bitartean, 2026ko biztanle. Aurrenekoei zuzenduz gero, apustu segurua litzateke urtearen errepaso bat egitea, bere une gorenekin eta batez ere –gauzak nola pasa diren ikusita–, momentu deitoragarrienekin. Bigarrenei berriz, kontatu beharko nieke urte berria markatu dezakeen zerbait, iragarpen bat; dasta ezazue etorkizun zaporeko mokadutxo hau.

Ai, zalantzak. Bueno, errazena izango da etorkizunari erretrobisoretik begiratzea, 2026an euskal kulturan mugarri izan beharko lukeen efemeride bat aipatuz, zeinak aukera ematen baitit teoria kultural mamarratxoenean murgiltzeko urtea bukatzeko nire ohiko outfit-ean: lumadun boa, igitai eta mailudun uxanka txanoa eta pololo zuri batzuk, Union Tuteraren elastikoarekin konbinatuta, nola ez.

Jarrera hori hartuta, zorionekoak garela deklaratzen dut, urte berriarekin ospa baitezakegu euskal musikak eman duen bakarlari interesgarrienetako baten debuta. Aurretik poeta gisa ere ezaguna zen Andoni Tolosa Morau-k 1996an argitaratu zuen lehenbiziko diskoa Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin eta, ez da bakarrik ia harramazka bat jasan gabe iraun dutela diskoko hamalau piezek gaur egun arte. Soziologikoago jarrita, esango nuke kanta zehatz batek iragarri zuela jarrera baten agerpena, zeina, ezari-ezarian, guztiz hegemoniko bilakatu baita hurrengo hiru hamarkadetan gure kulturan.

Guk mundua aldatuko dugu da kanta eta, gauzak norantz doazen ikusita, uste dut agertu behar lukeela euskal identitate garaikidearen eraikuntza kulturala aztertzen duen edozein periodizazio berritan, 1960-1970etako poema fundazionalen artean Joxe Azurmendiren Manifestu atzeratua edo Amaia Lasaren Nereak ez diren agertu beharko liratekeen bezala. Mugarri horien antzera, Morau ere deskribatzen ari zitzaigun subjektibitate berri bat, oraindik Internetik eta Instagramik eta podcastik eta beste gauza txiripitiflautikorik ia existitzen ez zen garai batean. Garaiari aurrea hartu zion, antizipazio-ariketa harrigarria da gaur egundik begiratuta kantaren hasiera: “Ni guai naiz / Nire lagunak guai dira”.

Fijatu ondo, ze abestiak pertsonaletik kolektiborako jauzi bat proposatzen du hasieran; baina denok guai izan gaitezkeen utopia ezinezkoaren aurrean, kolektibo horren mugak zein diren ere agerian jartzen du: “Nire lagunak ez direnak / Horiek ez dira inolaz ere guai”. Huts egiteko beldurrik gabe diot, formulazio hori modu ez-ironikoan praktikan jartzean hasi zirela euskal kulturaren gaur egungo arazo guztiak.

Abesti kontzeptuala dela ere esango nuke, enfasi berezia jartzen baitu “guai” terminoan, hemezortzi aldiz esateraino –gehi, errepika gisa belarrira xuxurlatzen dizkizunak, xuabe-xuabe, “guai”, garbi gera dakizun zein den ereserki itxuraz sinple honen atzean gorde behar duzun ideiatzarra, orduan oraindik etortzekoak ziren garai berrien espiritua, gaur egungo euskal norguaiagoka etengabean bizitzearen sentsazio bigungarri eta anestesikoa–.

“Gu guai garenez / Gure iritziak dira guai / Besteen iritziak ordea / Horiek ez dira inolaz ere guai” bezalako pasarteekin; eta zer esanik ez, zati esplizituki politikoekin –“Gure asmoak dira guai / Gure ekimenak dira guai / Besteen ekimenak ordea / Horiek ez dira inolaz ere guai”–, Morau-k kantatu zion aurrerabidean zen herri bati, zeina modurik tontonean, inpase soziopolitiko batean sartu zen, bere buruari guaitasunetan oinarritutako pedagogia bat errezetatu ziolako.

Zorionez, horrelako jarreren aurkako antidotoa ere badu kantak. “Bla, bla, bla, bla-bla-bla-bla-bla, bla-bla, bla”. Azkenaldian askotan aurkitzen dut nire burua hori errepikatzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA