Shock venezuelarra ulertu nahian

Gorka Bereziartua
0

“A ze urtea, Tintin”, esan du Haddock kapitainak. Tintinek, erdi harrituta, erdi errukiz, erantzun dio: “Kapitain, urtarrila da oraindik”. Fuerte hasi baita 2026a: hilabeteak pasa direla ematen du Mar-a-Lagoko agente laranjak aginduta AEBetako matoiek Venezuelako presidentea bahitu zutenetik.

Partikula geopolitikoen azeleragailu baten barruan garbi pentsatzea konplikatu samarra dela onartuz, esango dut urtarrilaren 3koa, hasieran, bushtarren inbasio estelarren remixa iruditu zitzaidala: alde batetik, junior gezurteroak 2003an Irakeko petrolioaz jabetzeko martxan jarritakoa; bestetik, seniorrak 1989an Manuel Noriegari narkotrafikoa leporatuta Panama inbaditu zuenekoa –portzierto, Koldo Izagirrek badu liburu bat, biziki gomendatzen dizuedana, azken hori euskaldunen ikuspuntutik kontatuz: “Merry Christmas, Panama!”, esan zuen heriotzak–.

Gauza jakina da, ordea, historia ez dela inoiz berdin-berdin errepikatzen; eta kasu honetan, ez dakit errimarik egiten duen ere, zeren Venezuelaren aurkako erasoa, stricto sensu, ez da inbasioa izan, akaso Trumpek, tontolo-montolo, ikasi duelako aurreko administrazio usamerikarrek ez zekiten zerbait, adibidez, garesti samar ateratzen dela atzerriko herrialde bat ez si eta ez no zureganatzea oso-osorik, aukera handia baitago patrikan sartu nahi duzun lurralde horretako jendea malaletxean jartzeko eta, beraz, arriskuetako bat da merkantzia txungoak agertzen hastea inportazioen balantzean, hala nola AEBetako banderan bildutako pinuzko kutxak, zeintzuek ekar ditzaketen, Kinder opari gisa, soldadu yanki destripatuen fianbreak; eta fianbre horiekin batera disgustuak, haserretutako boto-emaile forma hartzen dutenak, haietakoren bat hildakoaren senide edo laguna izan daitekeelako, klaro.

Hortaz, teknikoki AEBek ez dute Venezuela inbaditu. Baina Venezuelan estatu-kolpea jo dute. Eta gero, erauzitako presidentearen taldea utzi dute gobernuan. Baina esanez petrolioaren jabe berriak cowboyak direla, ez bolibartarrak –erraz esaten da: historiako lapurretarik handiena litzateke–.

Bada han Carabobo izeneko estatu bat eta, egia esatea nahi baduzue, ni ere horrelaxe geratu naiz, aurpegi babokara samarrarekin. Deus ez, dena den, Maria Corina Machadori geratu zaionaren aldean: segur aski inoiz gehiago ez duzu ikusiko norbait Bakearen Nobel saria bigarren eskuko Opel Corsa bat balitz bezala gainetik kendu nahian.

Washingtondik egin duten egoeraren konposizioak lagundu dezake shockaren –eta gag komiko horren– ondoren pixka bat burua birkokatzen. Kolpea jo ondoren, AEBek hiru fase aurreikusi dituzte –komatxoak nik jarri ditut–: 1) Venezuela “egonkortu”; 2) “errekuperazio ekonomikoa” eta “berradiskidetze politikoa”; 3) “gainbegiratutako” trantsizioa eta hauteskunde “libreak”. Trumpek The New York Times-i esan dio azken urratsera iristeko presarik ez daukala.

Beraz, geratzen den koadroan ikus dezakezu pistola etengabe buruan daukan gobernu venezuelar bat, zeina Etxe Zuriak erabil dezakeen ezari-ezarian herrialdea nahi duen lekurantz eramateko dena leherrarazi gabe –Siria, Libia, Irak edo Afganistanen tankerako txandriorik ez, a priori behintzat–, ulertuta oraindik kontrol formalaren fasean dagoela kontua eta kontrol erreala geroxeago etorri daitekeela.

“Venezuela ez da inoiz inoren kolonia izango berriz”, adierazi zuen Maduroren ordez agintea hartu duen Delcy Rodriguezek urtarrilaren 3an bertan. Agian arrazoia zuen. Hori bai, AEBen protektoratu bilakatzeko arriskua oso agerikoa da. Eta ez diot nagusikeriaz: bere buruaz iritzi oso ona badauka ere, eguneroko praktikan Europar Batasunak ez du jokatzen estatus hori baino askoz gehiago edukiko balu bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA