Donostia, austro-hungariar erara

Gorka Bereziartua
0

Ez dut uste hiriak idealizatzen ditudanik. Ezta inperio austro-hungariarra ere. Eta, egia esan, bi kontuak nahasita eta batere pasteurizatu gabe aipatzearen arrazoia da Madrildik etorri den notizia bat, zirkuitulabur inportantea eragin didana. Beraz, bale, esplikazio bat zor diet hasiera honen ondoren zutabe digestiboago batera ihes egin ez duten guztiei, ezta?

Hor doa ba: hamabost urteren ondoren, MalasaƱa auzoko Tipos Infames liburu-denda itxiko dutela ikusi dut notizietan. Ez dut Madril askorik ezagutzen, baina kasualitatez parean tokatu zitzaizkigun tren-txartel merke batzuk tarteko, han izan nintzen 2020ko hasieran, historiaren orrialdeak tolesdura koronabirikoa jasan aurretik egindako azken asteburu-pasan. Beste gauza pare bat ere feriatu nuen, baina batez ere gogoan dut liburu-denda hartan erosi nuela Joseph Rothen Radetzky martxa-ren poltsiko-edizio bat, azal zatar samarrekoa, baina nekez hobetu zitekeen prezioa zeukana, zeina hasi eta buka irakurri bainuen, glups, positibo eman ondoren etxean konfinatuta pasa nituen egun tristeetan.

Radetzky martxa, beraz. Beste gauza askoren artean dekadentzia baten kronika, inperio austro-hungariarrarena: haren kontraesanak ironikoki komentatzeari utzi gabe, nostalgia puntu batekin gogoratuko zuen Rothek, nobela 1930eko hamarkadan argitaratu zuenean, habsburgotarren koroaren pean bildutako herrien elkarbizitza, zeinak mosaiko nahiko harmoniatsuaren itxura hartuko zuen ondorengo hamarkadetan etorri zen elkarrenganako gorroto-festibalaren aldean. Inperioa perfektua izatetik urrun zegoen arren, gutxienez bermatzen zuen haren mugen baitan bizi zirenak ez hastea bata bestea zitzikatu nahian eta, aizu, gauzak nola zeuden/dauden ikusita, ez da txori-kaka.

Begirada mitteleuropar hori ondo etortzen da, portzierto, edozein hiri den bezala baloratzeko ere; alegia, ulertzeko hiri batean asuntua ez dela justu zuk nahi zenukeen giza-komunitatea era puru-puruan gorpuztea, baizik eta elkarren artean gauza handirik partekatzen ez duten jendeek produzitzea, igurtzi, urratu eta karranka, beste zerbait, zeinak miseria asko izan ditzakeen, baina baita gordetzea merezi duen barne-oreka zibilizatu bat ere.

Madril eta Vienaren arteko konexio hau, hala ere, inkontzienteki Donostiari buruz hitz egiteko aitzakia besterik ez da izan, nik uste. Donostiako liburu-denda bati buruz zehazki, zeinak, orain bai, itxiera-data iragarri baitu: Okendo kaleko Hontzaren ibilbidea martxoaren 31n amaituko dela irakurri nion Berria-n Miren Mujikari eta, azkenik, ulertu nuen zer sentitu zuen Rothen nobelako protagonistetako batek, Carl Joseph von Trottak, Sarajevon hildako artxidukearen berria jaso zuenean. Donostiatik etxera itzultzeko hartzen nuen autobusaren geltoki parean baitago Hontza eta, beraz, niretzat aukera paregabea bihurtzen zuen muturren aurrean alde egindako G-1 bakoitza: sartu hara, teorian ordu laurden baterako; praktikan, sarri, denbora horren hirukoitza liburu artean pasa. Nire edukazio sentimentalaren tenplu nagusietako bat izan zen.

Ez dago zereginik: Donostiako gure inperio austro-hungariarra, keriaz josia noski, baina jende desberdinak topo egiteko lekuak ere bazeuzkana, puskaka amiltzen ari da. Tobacco Days eta Lagun liburu-dendak ere joan ziren; atzo itxi zen Alboka taberna, herenegun Okendo kalean bertan zegoen Tanger; lehentxeago, Bulebarra gurutzatu eta bi pausotan zeneuzkan Rekalde eta Eiger. Eta beste zenbat. Ez dut uste desegiten ari den Donostia hori idealizatzen dudanik. Ondoren zer etortzen ari den ikusten dut, besterik ez. Eta zer nahi duzue esatea, nahiago nituen liburu-dendak eta tabernak, kate multinazionalak eta kasualitatez Adolf izena ez duten tipo infameen cheescake negozioak baino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA