“Euskadi, aurrera doan herria” zioen Eusko Jaurlaritzaren eslogan klasiko batek eta txoro-txoro, egia dela sinesten hasia nago. Aurrera goaz. Euskadi ataskatuta eduki duten eztabaida antzu batzuk gainditzen hasiak gara. Osakidetzako txerto iraungien kasuak, adibidez, behin betirako itxi du EAEko osasun zerbitzuaren historia osoa zeharkatu duen debatea. Hemendik aurrera, inori burutik pasatzen bazaio jendeak entzuteko moduan galdetzea “zer nahiago duzu, mediku ona ala euskalduna?”, orduan, tentsioz beteriko isiltasun baten ondoren, parean dagoen jendeak aho batez –eta segur aski garrasika– erantzungo du: “Nahiago dut orangutan epileptiko bat ere, pasata dauden txertoak jartzen ez dizkidan bitartean”.
Oso argigarria izan da dena, lagunok. Oso. Herri-erdi hau ardaztu duten bloke historikoen arteko botere-harremanak aldatu ditu txerto-txartoen auziak. Alor akademikoan nabarmena da aldaketa: Leioako unibertsitatean medikuntzakoen bromatxoak aguantatzera kondenatuak ziruditen kazetaritzako matrikuladunek –esperientzia pertsonalean oinarrituta, ez naiz ausartzen “ikasle” jartzera–, orain paparra puztuta begiratzen diete noizbait bata zuria jantziko duten burmuintxoei. Zein da listoa orain, e? Sei urteko graduan gauza totxoak bata bestearen atzetik irentsi beren buruari inportantzia emanez, eta total, azkenean ez direla gai Eroskiko saltxitxa-pakete batek daukan informazio basikoena ere ondo interpretatzeko.
Asuntuari tamaina hartzea ere ez da erraza izan, Osasun sailak zabaldu dituen datuek, kokaina-inkautazio onenetako kilo-kopuruarekin bezala, beheranzko progresio etengabea erakutsi baitute: hasieran 253 kasu ziren; gero 103; azkenean 30 bat, sailburuak igandean esan zuenez. Baina non sartu dira lehen eguneko zenbakitik azken berrietakora bidean galdu diren 223 dosi iraungiak? Bai, bai, badakit, txolopotea esplikatzeko kontu tekniko batzuk-eta azaldu ditu Alberto Martinezek, baina ez dakit ba. Quebrantahuesos lasterketa prestatzen ari da auzoan bizi den mediku bat eta azken egunetan energia berezia sumatu diot, aureola fosforito-erradioaktibo bat bezala gorputzaren inguruan, iluntzetan are nabarmenago ikusten dena. Dopin hexabalentea? Nik hor uzten dut hipotesia.
Ezin aipatu gabe utzi, bestalde, kasuak eragingo dituen drama familiarrak. Eta ez, ez naiz bakarrik ari berriz txertatu beharko dituzten ume errukarri horien marruez, xiringaren orratzak azala bigarren aldiz zeharkatuko dien momentuan –nahiz eta genero horretako garrasiren bat Dolby Surround kalitatean entzun duen edozeinek dakien moduan, hori ere esperientzia ahaztezina den; ahaztezina, baina trauma parental formatuan–. Baina ez, hori baino arazo larriagoez ari naiz: bigarrenez txertatu eta zenbait hilabetera, hizketan ikasten dutenean alegia, “beste txuta bat nahi dut” esaten hasiko diren umeak dauzkat gogoan; nola saiatuko diren gurasoak konbentzitzen “lasai amatxo, nik kontrolatzen dut” eta antzeko argudioekin.
Ez da zaila 2066. urteko Ur Handitan bat imajinatzea ere, zeinean haur bitxerto horiek kontatuko duten nola Osakidetzak txiki-txikiak zirenean engantxatu zituen; nola bost urte zituztenerako bakunadikzioa diagnostikatuta zuten; nola pasa zuten beren gaztaro osoa txerto berriak merkatu beltzean erosi ahal izateko dirua lapurtzen; nola faltsifikatu zituzten paperak gripearen kontrakoa urtean sei edo zazpi aldiz zainetik sartu ahal izateko. “Kosta zitzaidan onartzea problema bat neukala”, esango du malkotan haietako batek, Xabier Madariaga senior baten mila metroko begiradaren aurrean.
Baina bueno, txapuza guztia gorabehera, ondorioa positiboa da guztiz: gutxienez orain txertoei buruz tonu honetan idatzi daiteke heriotza mehatxurik jaso gabe. 2020arekin konparatuta, esandakoa: estropezuka bada ere, aurrera doan herria.
