Eureka

Gorka Bereziartua
0
Ume bat Donostiako Eureka zientzia-museoan.

Ba tipikoa: larunbata, kalean euri-jasa, etxean giro elektrikoa eta ez da geratzen sarrerarik arratsaldean haurrak entretenitzeko pentsatua zeneukan ikuskizunerako. Alternatibak bilatzen hasten zara, baita konturatu ere sold-out-aren kultura rollo hauetara ere iritsi dela, dena hartuta dagoela 30 kilometroko radio batean bilatu dituzun show familiarretan; igualtsu ibiliko zirela gainontzeko guraso guztiak ere, noski, baina diferentzia batekin: beraiek telefonoarekin azkarrago disparatu dute. Hau Mendebalde Basatia da txo, argi ibili erreflexu moteleko aitatxo horietako bat bazara.

Dagoeneko ari zara zure burua imajinatzen etxezuloan sartuta, arratsalde osoan kaosari aurre egin ezinda, pedagogikoki eutsi nahian piztia domestikoen eraso geroz eta emozionalki intentsoagoei, ez direlako ados egongo ezerekin, ez proposatuko dizkiezun jolasekin, ez marrazki bizidunak ikusteko denbora-mugarekin, ezta beraien osasunean pentsatuz meriendatzeko jarriko dizkiezun sagarrekin ere, zeinak burura jaurtiko dizkizuten haserre gorrian.

Halako batean, metraila gisa erabili nahiko duten fruta horretan pentsatzeak eraman zaitu Newton bezala “eureka!” esatera –tira, kontua ez omen zen horrela izan, baina se non è vero…– eta, hatxerik gabeko armonia zenbaiten ondoren, hantxe zaudete, Donostiako Eureka zientzia-museoan, zeinak duela 25 urtetik sekulako lana egin baitu haur eta gazteei ezagutza zientifikoa modu erakargarrian gerturatzeko, eguraldi petraleko egunetan larri zebiltzan gurasoei bizitza salbatzeaz gainera.

Bateko iturri agorrezina eta besteko ispiluen labirintoa, montaje guztiak ematen du aukera jostatu bitartean kontu interesgarriak ikasteko. Arratsaldea ziztuan pasatzen da, dibertigarri eta hezitzaile. Letra gogorretakoa den sinatzaile honi ere jakin-mina pizten dio, DBHko fisikak eta kimikak inoiz piztu ez zioten moduan; eta pentsatzen hasten da gauza batzuetan behintzat lortu dugula Bidasoaren alde honetako maldizioa gainditzea. Europak ez duela zertan hasi Pirinioetatik hara, zenbaitetan sosak jartzen direla merezi duten lekuetan; jendeak ere erantzuten duela, gainera.

Baina eskolan zurekin ibilitako lagun batekin topo egiten duzu narrastiak dauden aretoko sarreran eta berak esanda jakiten duzu ekainean itxiko dutela azkenik museoa. Aspaldi iragarri zuen Kutxa fundazioak. Gero jakin zen edukiko omen duela jarraipena Tabakaleran irekiko duten Atenea gunean. Funtsean dakiguna, ordea, zera da: Egiako eraikinera eramango dutela zientzia-museotik zerbait, Miramonen leku guztia libre utziz, auskalo zertarako.

Aurrekariak ezagututa, beldur naiz ez ote den gertatuko idem egiteko asmoz Kutxaren Bulebarreko erakusketa-aretoa itxi zutenean bezala –orain Burger King bat da–; edo Artelekuren proiektua Tabakaleran integratuko zela esan zutenean bezala –emaitza erdipurdikoa izan zen–. Kontua ez ote den, azken finean, higiezinen operazio bat egin ahal izateko ISPED motako jarduera bat –Instantean Sosik Produzitzen Ez Duena, alegia– beste ISPED guztiak kolokatu diren leku berean pilatzea, irizpide argirik gabe.

Kulturaren, artearen eta zientziaren arteko hibridazioa, diziplinartekotasuna, ekosistema eta beste zenbait hitz totxorekin esplikatu baitute aldaketa; eta pentsarazi dit benetan inporta duten azpiegituretan terminologia ez dela hain guaia izaten, ezta hibridazioa hain desiragarria ere: Anoetako estadioan futbola eta atletismoa konbinatzeko esperientzia multidiziplinarrak nola funtzionatu zuen gogoratzea besterik ez dago.

Zientziaren dibulgazioak bere leku espezifikoak edukitzea inportantea da. Gauzak nola egiten diren ikusita agian erotzat hartuko nauzue, baina iruditzen zait futbolak edo gastronomiak beren leku espezifikoak edukitzea bezain garrantzitsua behintzat badela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA