Jakintsuak Ilargia seinalatzen duenean, tontoak hatzari begira geratzen omen dira. Inork ez dizu kontatzen, ordea, zer egiten duen bitartean eszenako hirugarren protagonistak, aipatu gabe geratu ohi den listoak, alegia –ez baita gauza bera jakintsua eta listoa–. Eta klaro, tontoak ez izatearekin konformatzen gara; Ilargiari begiratzearekin.
Zuetako askok bezala, nik ere poz gaseoso moduko batekin kontenplatu ditut azken asteetan Artemis II misioari buruzko gorabeherak notizietan. Asuntuaren narratiba guztiak eduki du halako kutsu retro bat, aspaldian mainstream mailako ilusiorik pizten ez zuen karrera espazialari bultzada emozional berria eman nahi izan baliote bezala, eta akaso datozen belaunaldiei eskaini gure gurasoek eta aitona-amonek topera bizitutako Neil Armstrongen ilargiratzearen arrasto bat –ez bilatu “arrasto” horri bigarren zentzurik, portzierto, ez bainaiz ari mezu horien xede-talde nagusiak ilargi-hautsekin goizeko ordu txikietan tabernetako komunetan egiten dituen gauzez–.
Eta bueno, polita izan da, ez dut ukatuko; politegia ere bai, beharbada. Zelofan erromantikoz eszenaratu digute astronautak Ilargiaren alde ezkutua erretratatzen hasi aurreko momentua: “Irrati komunikaziotik ateratzeko prestatzen ari garen bitartean, Lurretik zuen maitasuna sentituko dugu oraindik. Eta Lurreko guztioi gure maitasuna bidaltzen dizuegu Ilargitik. Beste aldean ikusiko zaituztegu”. Arina. Baporetsua. Etereoa. Ni behintzat, tonto ez dakit, baina satelite samar sentiarazi nau, atzamarrari begira banengo bezala, ez Ilargiari. Listoak zertan ari diren galdetu gabe ez naiz geratuko ba, pentsatu dut. Eta aurkitu dudan erantzuna kontatzera natorkizue.
Listoak, ohiko moduan, beren gauzez arduratzen ari dira. Ilargiaz, alegia. Ilargiaren materialtasun konkretuaz: ur-erreserba handiak izoztuta, metal kopuru erraldoiak; lur arraroak ere bai, gure planetan hain eskasak direnak, ezen “lur arraro” deitzen baitiete listoek, terminologia zehatzagoak jakintsuentzat utzita; eta Helio-3 pila bat, hemen –Lurretik ari naiz idazten– apenas aurki daitekeena, baina han –Ilargian– milaka urtez pilatu dena eta, antza denez, erregai perfektua izango dena etorkizunean fusio nuklearreko zentralentzat.
Kontua da, hainbeste superprodukzio gabe, satelitearen alde horretako argazkiak bazeuzkala Txinak 2019tik. Duela bi urte berriz, Chang’e 6 zunda txinatarrak esploratu gabeko meatzalde horretatik materialak lurrera ekartzea ere lortu zuen. Ez dakit zuek, baina ni, osagai horiek kontuan edukita, beste mota bateko pelikula muntatzen hasi naiz buruan. Clint Eastwooden bat, baina ez egunotako The Bridges of Madison County moñoñoa, western bat edo Harry zikinaren sagakoren bat baizik, zeinean legea pistolaren abiaduraren arabera idazten baita eta inporta duen bakarra da zeinek ateratzen duen errebolberra/espazio-ontzia besteak baino lehen, izan ere, azkarrena zutik geratzen da eta motelenekoa berriz, haragizko zaku bat bezala kalearen erdian, espaziotik etorriko den energia freskorik gabe, erregai fosil geroz eta eskasagoen eta bateria gutxiko berriztagarrien artean odolustuta.
Listoen logikatik begiratuz gero, zentzua badu, hori argi dago: planeta hau azkeneko zentimetroraino zukutu dutenez eta baliabide naturalak arpilatzeko egin daitezkeen zerrikerien zerrenda Lurrean jada pixka bat errepikakorra gertatzen ari denez, zergatik ez hedatu operazio-eremua espazioko lurralde birjin eta salbaietaraino? Eskerrak han ez dela inor bizi, bestela hasiak izango ziren, astronautak lurreratu baino lehen ere, Ilargiko diktadura bolibartar gupidagabearen ordez usamerikarren demokrazia lunatikoa ezartzeko armak prestatzen.