Antzerkia gustatzen zait. Federico García Lorcak behin esan zuen moduan, antzerkia da liburutik altxa eta pertsona bilakatzen den poesia. Baina teatroak badauka problema bat gaur egungo bizimodu azeleratu eta azal-azaleko honetan: konpromiso minimo bat eskatzen diola ikusleari. Ordu eta leku jakin batean egon beharra; funtzioak irauten duen bitartean gertatzen denari adi egotea; telefonoa itzaltzea; aktoreek taula gainean osagai gutxi batzuekin sortzen dituzten munduetan murgiltzea. Esperientzia sakonegia, dudarik gabe, txorakeria guztietara hiper-konektatuta eta benetan inporta dutenetatik geroz eta deskonektatuago gabiltzanontzat.
Batere eredugarria ez den bizi-estilo horren erruz, beraz, joan den astean ere ezin izan dut benetako antzezlanik ikusi. Eskerrak gure hedabideek suzedaneo bat gutxienez esku-eskura jarri diguten: PSEren eta EAJren arteko ika-mika, alegia, zeina San Prudentzio egunean lehertu baitzen, goizean Aitor Esteban buruzagi jeltzaleak iradoki zuenean soziatekin kariñoso jartzen hasiak zirela EAEko Estatutua berritzeko negoziazioetan.
Asuntu pribatu horiek jende guztiari kontatzeagatik zapuztuta-edo –aber euskal erditarrek pentsatu behar duten PSEkoak titifreskera batzuk direla–, dena ukatzen hasi zen Anduezaren kuadrilla, baina gero berotu egin ziren nonbait; eta erlojuak 13:12 markatzen zuenean, akabo, adimen artifizialez egindako meme bat zabaldu zuten sareetan, zeinean Aitor Esteban agertzen zen igerileku batera salto egiten.
“Oztezko lotsadia!”, oihukatu zuten Sabin Etxetik hura ikusita. Moncloan zeukaten bilera ere bertan behera utzi zuten eta konturatzerako afruntua estatu-mailako politika bilakatua zen. Sanchez saiatu zen bultzia perrokarriletik ez ateratzen, baina jokaldia erdipurdi atera zitzaion, handik gutxira PSEko idazkari nagusia agertu baitzen, talo baten tamainako ahoa jarrita, esanez, gutxi gorabehera, ez zela ezertaz damutzen. Jaurlaritzako bi partiduen arteko giroa tenk-tenk, beraz.
Hau guztia antzerki hutsa dela hasieratik ulertuta, iruditzen zait interesgarriena zera dela: betiko testuari, jelzialistek mila aldiz jokatu duten obra honi, zer modulazio berri eman zaion polemika honen bitartez. Oinarria ezaguna baita: hurrengo hauteskundeak gerturatu ahala, gozo-gozo zupatzen ari ziren administrazioaren errapea tarte batez askatu eta soziatak gauzak esaten hasten dira, normalean koalizio-gobernuko Alfa alderdia gaizki samar uzten dutenak, publikoari gogorarazteko oraindik existitzen direla panazko jakaz jantzitako ametsak. Alfa alderdiak kontrakritikekin erantzuten du, pixka bat aitatxo, pixka bat Bizkargin iskiluagaz ibilitako aitite. Edozein kasutan, trumoi nahasia instalatzen da maketoen eta boronoen artean. Eta azkenean iristen dira bozak, ateratzen dena ateratzen da, eta liskarrean inbertitutako indar guztiak elkarrenganako tentsio sexual bilakatzen dira, “desberdinen arteko paktuan” korritzen diren arte.
Nobedadea da antzezlanaren bertsio digitala ikusi dugula lehen aldiz. Eta ez da diferentzia txikia, kontuan izanda EAJ alderdi analogikoa dela: Athletic-en partidua DAZNen ikusten ari denean irudia izoztuta geratzen bazaio, kapaz da teilatura igotzeko, ea antena mugituta konpontzen duen. Beraz, alderdijarekin meme bidez komunikatzeak jauzi semiotiko handi samarra eragin du euskal politikan.
Gainera, PSEk badauka inork aurreikusi ez zuen arma bat, menperaezin bilakatzen duena –absurdoa dirudien arren–, horrelako materialekin produzitu den polemika batean: Eneko Andueza bera. Izan ere, zure idazkari nagusia meme bat bada, hura barregarri uzteko idatzi daitekeen edozein prompt motz geratuko da beti. Jeltzaleek I+G asko beharko dute betiko obraren bertsio berri honetan protagonismorik galdu nahi ez badute. Larrazabalgo zinaren holograma bat edo ekoizten ariko dira honezkero, gobernagarritasunaren izenean.