Bukatu zuen azkenik Espainietako itzulia Eliza Katoliko Apostoliko eta Erromatarreko buruak, Leon XIV.ak –alegia, aitasantutu aurretik Robert Francis Prevost Martínez bezala ezaguna zen artistak; pixka bat drag da aita santuen izenen kontu hau, baina hori agian beste baterako–, eta laburbiltzeko zera esan behar da: inportantea izan dela. Hedabideek asuntuari buruz eman duten kaparrada, alegia.
Dimentsio biblikoak izan baititu apaizetan apaizenak, apostoluen printzearen oinordekoak, Vatikanoko erregimen absolutista gidatzen duen agintariak –ez naiz esajeratzen ari, e? Hau hitzez hitz horrela da– Bidasoaren alde honetan bere gauzak egin bitartean jasan dugun eraso kognitiboak. Tokitan geratu da Josukristo hippiak Tomasekin izandako ateraldi hura –“zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak” etab. (Joan 20:29)–, izan ere, mende honetan edozer sinetsarazteko tonaka propaganda ekoiztea sine qua non baldintza bilakatu baita; eta elizak badaki hori; eta kaparrada arruntaren edo ohiko lataputaren transubstantziazioak eginez, paparrada itzela, lata santua, santua, guztiz santua –baina batez ere lata– eman digute jai eta aste.
Eta orain kalteen balorazioa egitea tokatzen da, noski. Ez daude oso gustura nire eskualdeko Katoliko Anonimoak elkartean. Berriz erori direnen testigantzak bata bestearen atzetik datoz: “Kaixo, Joseba dut izena eta 746 egun neramatzan garbi, baina aita santuaren bisita dela-eta nire burua aurkitu dut ostera ere pentsatzen igual Maria izan zitekeela birjina eta ama aldi berean”.
Polarizazio politikoaren kontra hitz egin baitu Leon XIV.ak, migratzaileen egoera gogora ekarri du, adimen artifiziala pertsonen zerbitzura egon behar dela esan… ezkerreko subiranistek ere txalotu zioten diputatuen kongresuko hitzaldia, independentzia eta sozialismoa ondo baitaude, baina momentuz, estatus berria eta elizaren dotrina soziala ere ez daude gaizki.
“Bueno, bueno, mesedez: utziozu jendeari nahi duena sinesten”, eten dit artikulua Patxikontrak. “Jendeari ondo iruditzen bazaio, zein da zure problema?”. Eta hara non konturatu naizen jarrera horixe hartu izan dudala neronek ere, ez noski elizaferak tarteko zirenean, baizik eta lagun batzuk totalki eta frontalki antifutbol jartzen zirenean: “Utzi jendeari partidua lasai disfrutatzen” eta “gustatzen ez bazaizu, ez egin kasurik”. Horrelako kontuak.
Ah, baina hori ere ez zait geratzen jada, trumpwashing –laranjazuriketa?– nahiko tamalgarria bilakatzeko puntu asko dauzkan Munduko Txapelketa hasi den honetan, kaparrada mediatikoaren premium pakete eta guzti hasi ere. Ez dira motiboak falta, noski, lehenbiziko minututik ostikolariei kasu handirik ez egiteko, baina arrazoi ebidenteenak alde batera utzita, ume horri buruz bi hitz esan nahi nituzke. Gaur eskolara Espainiako selekzioaren elastikoarekin joan den horretaz, alegia.
Bale, 19 zenbakia daukala: Lamine Yamal, baloia oinetan daukanean magia hutsa. Gainera langile migranteen semea, Barçarekin liga irabazi eta ospakizunetan Palestinako bandera atera zuena. Ultraeskuinak gorroto duen espainiar izateko modu bat, nahi baduzu. Baina alternatiba gisa, gehien-gehienez, nazionalismo espainiar progre bat eskaintzen duena; Espainia plural bat, baina batez ere Espainia, Espainia, Espainia, gure auzoetan geroz eta normalizatuago, horretarako Esplugues de Llobregateko gaztearen talentua baliatuz.
Eta niri aita santuarekin bezala gertatzen zait: gutxi gorabehera zentzuzkoa izan daitekeen zerbaiten izenean, bestela inola ere onartuko ez nituzkeen edukiak sartzen ari zaizkidan sentsazioa geratzen zait.
“Hahaha, you’ve been PSOEd”, egin dit orain barre Patxikotrak. Egia esan, gauza bat eta bestea deskribatzeko hain esaldi zehatza edukita, ez dakit zertarako eman dudan hainbeste buelta.