Bero-boladak herri gisa estrategikoki baliatu

Gorka Bereziartua
0
Itsasontzia sutan. Olioa mihise gainean. James Francis Danby (1873).

Zerbait definitiboki, erremediorik gabe, betirako aldatu dela konturatu nintzen joan den astean, nire artean esan nuenean: “A, eskerrak, hasi da freskatzen”. Termometroak 30 gradu markatzen zituen. Duela urte batzuk jasanezina irudituko zitzaidan tenperaturaren muga-mugan egotea, bat-batean, lasaigarria bilakatu da, hamar edo hamabi gradu gehiagoko zartaginean buelta eta buelta ibili ondoren.

Egoera horren aurrean, alarmismo klimatiko faltsuak elikatu ordez, begirada estrategikoa edukitzea inportantea dela iruditzen zait. Azken finean, gizakia oso espezie moldakorra da eta tenperatura berri hauekin bizitzera ere ohituko gara laster, autobusean telefonoko musika topera jartzen duten pertsonekin bidaiatzen edo ulertzen ez ditugun espresioak erabiliz komunikatzen diren gazteekin bizitzen ohitu garen bezala.

Pixkanaka egokitzea da gakoa: bero-kolpe handiak bat-batean jasaten hasi beharrean, urte hasieratik gorputza tenperatura altuagoetan produktibo mantendu ahal izateko azpiegiturak behar ditugu. Herri bezala estrategikoa da berodromo publikoak eraikitzen hastea. Egokitzapen-gune horietan herritarrek gradualki bero-dosi geroz eta handiagoak jaso beharko dituzte, kalean termometroak 45 gradu markatzen dituen unean haien gorputza lanerako prest egon dadin. Ekiteko ordua da: azpiegitura horiek atzeratzen badira, etorkizun hurbilean talentu-galera ikaragarria jasango dugu sektore estrategikoetan, kualifikatutako langileek alde egingo baitute euren organismoen biziraupenarentzat baldintza egokiagoak eskaintzen dituzten herrialdeetara.

Instituzioek dagoeneko prest eduki behar zuten Sargori – Basque Heatwave Adaptation Strategy programa, zeinak aipatutako azpiegiturez gain, mahai gainean jarriko duen mentalitate-aldaketa sakon baten beharra ere. Izan ere, adituek argi utzi duten moduan, pertsona guztiek ez daukate gaitasun berdina berotze-programa gradualei aurre egiteko: proba-pilotuetan partaideen portzentaje batek –%10-15 bitartean– ez dute programa bukatzea lortu, batez ere laugarren berotze-fasean jasandako geldialdi kardiorrespiratorioak direla-eta.

Emaitza horiek ezinegona eragin dute edozein arazo soziali irtenbidea bilatu ordez dilema moraletan katramilatzeko joera duten gizarteko zenbait sektoretan. Baina kontuan izanda bero-boladak gure artean geratzeko etorri direla, eta nahiz eta argi izan esango dudana ez dela politikoki oso zuzena, iruditzen zait tabu zaharkitu bat hautsi beharrean aurkitzen garela: bai, hemezortzi urte baino gehiagoko herritarrek derrigorrez egin beharko duten bero-egokitzapenak zenbait albo-kalte eragingo ditu. Inork ez du halakorik gertatzea nahi, noski. Baina kontuan izanda balantzaren beste aldean hazkunde ekonomikoaren bidetik ateratzea dagoela, behar bezala baloratu behar dira irabazi-galerak.

Datu bat lagungarria da berodromoen unibertsalizazioa sustatzeko: estatistikoki 65 urte baino gehiagoko herritarrak izan dira, orain arte, berotze-programetan zendutakoen %87. Nire ustez, hori jakinda, egoera berriak eskaintzen dituen aukerez gogoetarik ez egitea arduragabekeria handia litzateke, aintzat hartu behar baita nolako aurrekontu-ahalegina egiten duten erakundeek gaur egun pentsioetan eta hirugarren adinekoen zaintzan. Klima berrira egokitzeak horiek arintzeko aukera historikoa ematen digula ulertu behar dugu.

Abantailak are handiagoak lirateke, bestalde, probak gainditzen ez dituzten pertsonen hondakin fisikoak balorizazio energetikorako erabiliko balira Zubietakoa bezalako ingurumen-guneetan, nahiz eta –berriz ere!– zuzentasun politikoarekin dauzkagun problemak medio, agintari gutxi ausartuko diren, oraingoz, jubilatuen gorpuak ekonomia zirkularraren mix energetikoan sartzera.

Bale, igual azkeneko horrekin pixka bat pasa egin naiz. Baina jo, ikustekoa da tenperatura batetik gora, normaltzat hartzen ditugun tramankulu ideologikoak erabiliz, noraino iritsi gaitezkeen pixka bat despitatuz gero.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA