Uztailaren 20a zen eta hondartzara joatekoa omen zinen. Gu hurrengo arratsaldean ere joan ginen, Zurriolara. Zu ez. Zu ez zinen inoiz gehiago hondartzara joango. Horregatik gogoratzen dut oraindik nola aritu ginen zuri buruz hizketan, uztaileko arratsalde sargoria izateko huts samar zegoen Renfeko bagoi hartan, tarteka sorbaldaren gainetik begiratzen, pika etorriz gero bagoiz aldatzeko prest. Eguerdiko informatiboetan agertu zinen, mundu guztian ez dakit, baina bai orduan, hamazazpi urterekin, eskura geneuzkan albiste-iturri guztietan behintzat. Pentsatzen dut zerbaitek hesteetan hozka egin zigula, jakin genuenean gu baino bospasei urte nagusiagoa besterik ez zen gazte bat modu horretan hil zutela.
Uztailaren 20an izan baitzen. Hondartzara joateko planak bertan behera utzi zenituen, zure hirian egiten ari ziren G-8aren goi-bileraren aurkako protesten eta istiluen berri izan zenuenean. Tute Bianche mugimenduaren manifestazioan parte hartu omen zenuen. Desberdina zen hura ohiko manifa jendetsuekin konparatuta: jasoko zituzten kolpeak biguntzeko arropa zurien azpian betegarriak sartu, giza-bloke handitan antolatu eta elkar babestuz egiten zieten aurre poliziei. Izango ziren 10.000 lagun egun hartan Genovan. Italiako langile autonomoen mugimenduak eta zapatismoak inspiratzen zituen. Iruditzen zait ordurako gehiago konbentzituko zintuela horrelako zerbaitek, gauzak aldatu nahian aurretik izan zenituen esperientziek baino –Amnistia Internazionala, Rifondazione Comunista–.
Uztailak 20. Piazza Alimonda, Genova. Karabineroek manifestazioaren kontra kargatu dute aldamenetik eraso eginez, baina arrakasta handirik gabe. 70 uniformedun galtzak galdu beharrean eskapoka, atzetik ehunka gazte dituztela, okasio horretarako arropa zuriak etxean utzita, baina kaskoak eta maskarak jantzita, bidean aurkitutako edozein traste gogor eskuetan, txikitu behar dituztela. Anabasa horretan polizia-auto bat ez atzera eta ez aurrera geratu da, manifestariek harrapatu dute, harrika ekin diote, birrindu dizkiote leihoak. Eta zuk, Carlo, autotik hiruzpalau metrora, su-itzalgailu bat ikusi duzu lurrean. Su-itzalgailu hori hartzeko makurtu zara. Ez dugu, nik uste, asuntua gehiegi dekoratzeko beharrik: su-itzalgailu hori jaurti nahi diezu poliziei. Ez zara konturatu, ordea, maspilduta geratzen ari den polizia-auto horren atzeko leihotik pistola bat atera dela.
Uztailaren 20a zen, 2001ekoa. Aste honetan bete dira 25 urte hil zintuztenetik, Carlo Giuliani. Pasa zen mugimendu altermundialistaren garaia, zeinaren indarrak, hasieran, inoiz harritzen ez direnak ere zur eta lur utzi zituen: hiru urte lehenago, Seattleko batailan, Munduko Merkataritza Erakundearen goi-bilera geldiaraztea lortu zuten; 2000. urtean Pragan Nazioarteko Diru Funtsaren eta Munduko Bankuaren bilera lehenago bukatu behar izan zuten mobilizazioen eraginez; gauza bera Munduko Bankuari hurrengo urtean ere, Bartzelonan. Gorbata asko jarri zenituzten dantzan. Lezio bat eman behar zizueten.
Zu hil zintuzten uztailaren 20 hura, Carlo, horregatik ere gogoratzen dut urtero. Hilketa politikoa modu ofiziosoan legeztatu zuten momentu gisa oroitzen dudalako. Gero etorriko ziren Dorre Bikiak, demokrazia parlamentarioen ustezko printzipio irmo guztiak xerraka-xerraka ebakitzea, estatu-kolpe giro etengabe hau. Eta dagoeneko ez dute su-itzalgailuaren aitzakiarik ere erabiltzen jendea tiroka hiltzen dutenean. 23 urte zenituela bizitza kendu zizuten garai hartako esloganak zaharberritu beharrean gaudela iruditzen zait: nahikoa ikusi dugu dagoeneko, “bestelako mundua posible da” ordez, “bestelako mundua ezinbestekoa da” esateko.