Ez begiratu atzera, pasa da. Uda, esan nahi dut. Aurpegitxo negartien emojiak. A ze kontzeptua, izan ere, uda. Momentu batez aske uzten zaituzte eta, hondartzako toallan etzanda edo kurtso osoan zure buruari permititzen ez diozun siestatik esnatu berritan, irudimena alde guztietara tiroka hasten da: imajinatzen ditu ordura arte eduki gabeko bizitzak, norbere buruaren bertsio paraleloak, desiragarriagoak normalean, nahiz eta elkarren arteko lotura handirik ez duten izaten, pentsatzen hasten baitzara irailetik aurrera Filosofiaren klasiko bat irakurriko duzula hilero; aurten bai, Jiu Jitsu brasildarra egiten hasiko zarela; eta AirFryer baten prezioak begiratzen aurkitzen duzu zure burua; koaderno bat erosten duzu, bertan koplak idazten hasteko asmo irmoarekin; orrazkera berri bat, gitarrari hautsa kendu, aspalditik ikusi ez dituzun lagunei idatziko zeniekeenaz pentsatu.
Gero kurtso berria dator. Eta umeekin hondartzako ur ertzean altxatako gaztelu fier hori olatu batek nola, halaxe eramaten ditu zure beste bertsio horiek denak, arrastorik utzi gabe. Uda osoko oroitzapenak ere hantxe doaz Zanpantzarrak perreatzera. Beharbada, hemendik urte batzuetara abuztu honetatik burmuineko zimurretan geratuko den gauza bakarra Txinan egin dituzten roboten Joku Olinpikoetako irudiak izango dira. Halakoa baita memoria: bizitzako fase super-inportanteetan inguruan izan zenuen jendearen izena ahaztuko dizu eta, aldiz, betirako zizelkatuko dizu 2026ko abuztuaren 22an Tiangong Ultra robot humanoide korrikalariak 100 metrotako lasterketan Usain Boltek zeukan 9,58 segundoko errekorra hautsi zuela.
Oroitzeko makinaren kapritxoak? Beharbada beste zerbait ere bai. Agian, apika, akaso, giza-kontuez gainezka egin digu deposituak, gizagaindikoa handi samar geratzen zaigu –edo aspergarria iruditzen– eta, aldiz, giza-antzeko makina horiek orain arte nahiko ezezaguna zitzaigun bestetasun baten aukera eskaintzen dute; eta horregatik, kuriositatea pizten. Jakin nahi dugu noraino iristeko gai izango diren, zer nolako intentzioak dauzkaten gurekiko. Terminator momentua gerturatzen ari ote den.
Momentuz, dena den, barregura ematen digute batez ere, pertsonentzat ia ezinezkoa dena lortu ondoren –aipaturiko errekorra, adibidez–, edozein homo sapiensek ahalegin handirik gabe egin ditzakeen gauzetan huts egin baitute robotek miserableki: 100 metroko lasterketaren amaieran makina ultra-bizkor horietako asko koltxoi baten kontra lehertu ziren, korrika egiteari uzteko ezgai. Usain Bolt baino arinagoak bai, baina jamaikarrak gorputzeko pieza guztiak elkarri pegatuta bukatzen zituen lasterketak, zera.
Tira, beharbada zailena lortu eta errazenean hanka ipurtzuloraino sartzeko joera horretan ere ikusten dugu gure burua islatuta. Zeren, esan egia: Joko Olinpikoetako robotak formazioan desfilatzen ikusita, ez al zaizue berehala burutik pasa zer erabilera militar emango zaien hemendik gutxira? Gertatzen ari da dagoeneko Ukrainako gerran: robot humanoideak martxotik dira gatazkaren parte.
Zailena lortzen ari da: gizakiak mendetan diziplina ugaritan metatutako jakintzak konbinatuz, pertsonak bezala ibili, mugitu eta haien funtzioak ordezkatu ditzaketen makinak sortzea. Errazagoa behar lukeena –kale itsura garamatzan logika gerrazale honi galga jartzea–, ez da planteatu ere egiten ordea. Are gutxiago robot horiek berehala erabiltzen hastea, nik zer dakit ba, adibidez jende guztia soldatapeko lanaren morrontzatik askatu dadin progresiboki. Hartara, agian, agian, egun batez, abuztuan denbora gehixeago dugula probestuz imajinatzen ditugun beste bizitza horiek egi bihurtu ahalko genituzke. Eta abuztuaren amaieran ez genuke izango sentsazio garratz hau, berriz robot bihurtzera kondenatuta gaudelako.