Lagunen errepublika

Gorka Bereziartua
0

Belaunaldi bakoitzari tokatzen zaio garai bat. Eta garai bakoitzari bere fenomeno jasangaitzak. Ez naiz ari pixka bat molestatzen duten gauzatxoez –goma estuegiko barruko arropak edo ahots nasaleko abeslariak, adibidez–, benetan aguantatu ezin diren gauzei buruz baizik. Adibidez, bizi dugun denbora hau partekatu beharraz gizateriak inoiz ezagutu duen kontserbadurismo histerikoenarekin.

Asaldatu dituen azkeneko gauza –edo azkenaurrekoa: hau irakurtzen ari zarenerako aurkituko zuten eskandalurako gai berririk–, laguntasuna izan da. Konkretuki, Clémence Guetté Frantziako diputatu intsumisoak argitaratu duen liburu bat: Pour une politique de l’amitié (Laguntasunaren politika baten alde). Abuztuaren 27an liburu-dendetara iritsi zenetik atertu gabe ari dira hura larrutzen hedabide erreakzionarioetan, zergatik eta lagunen arteko harremanei izaera ofiziala aitortzea proposatu duelako –baita eskubide batzuk bermatzea ere, adibidez baja hartu ahal izatea lagun min bat hiltzen denean; edo itun zibil berriak, bikote harremanetan existitzen direnak bezalakoak, baina adiskideen artekoak–.

“Lagunen errepublika, ezker totalizatzailearen apeta berria”, funditu zuen Le Point astekariak. Sentsazionalismotik irainera pasa zen berriz Pascal Praud ultra CNews katean: “Hori dio funtzionatu dezakeela uste duelako ala sinpleki ergela delako?”. Gaia planteatze hutsa barregarria iruditu zaie frantziparrak eskuinaldetik jotzen dien iritzi-emaile guztiz gehienei. Guették aipatu ere egin ez duen antagonismo baten bidez ulertu nahi izan dute, gainera: laguntasuna vs. familia tradizionala –inork ezin zuen aurreikusi, noski, bigarrenaren alde paratuko zirenik biharko egunak argitu beharko ez balu bezalako grinaz–. Zenbat hiperbole. Zenbat 500 euroko adjektibo. Zibilizazio europarraren amaiera iragartzen duen beste zantzu bat bihurtu da laguntasunaren existentzia onartzea.

Espektakulu tamalgarriak zera pentsatzeko aukera ere eman dit, hala ere: horretarako ere baditugula lagunak. Alegia, erridikulu gogoangarriena egiteko zorian gaudenean, gure ondoan agertzeko eta esateko: “Txo, hobeto saiatu beste zerbaitekin”. Baina eskuineko tertulianoek, ba al dute benetako lagunik? Ze, beharbada, hori da problemetako bat asuntu honetan: inor ez dela beraietaz aski arduratzen proposatzeko, nik zer dakit, kamamila bat-edo har dezatela jendaurrean hasi aurretik laguntasuna ezker muturreko konplot bat dela barbarbar botatzen.

Baina itxon, itxoin, igual gaiak badu-eta beste buelta bat. Izan ere, nire ustez kontu honetan, beste askotan bezala, problema ez da zer, norentzat baizik. Kontserbadoreak benetan asaldatzen dituena zera da: gaur egun lagun egokiak edukita bakarrik lor daitezkeen aukera batzuk bihartik aurrera gizarte osoaren esku gera daitezkeela adiskidetasunaren historia hau pixka bat makilaz astinduz gero. Ze, denboran atzera eginez gero, abortuaren kontra-kontra ere ez zeudela konturatzen zara: familia oneko neskak bata bestearen atzetik joaten ziren klinika pribatuetara legezkoa izan aurretik; beste mota bateko jendeak hori egiteko eskubidea edukitzea zen –eta da– eskuindar askoren benetako buruko mina. Osasungintza ere gogoko dute –beraiek sendatzen dituena–. Edo hezkuntza –besteena ez den bitartean–.

Ez da munduan egoteko oso modu lagunkoia izan inoiz, noski. Lehen gutxienez buila gutxiago egiten zuten, hori bai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA