Boligrafo Gorria
Ezetz astea ondo bukatu
by Gorka Bereziartua
  • Ezetz astea ondo bukatu

Zuzen jokatu Babacar Welleren hilketaren ondoren

Gorka Bereziartua
2026-10-05
1
Argazkia: Bidasoko Hitza.

Argi urdinak Hondarribiko San Pedro kalearen bukaeran. Umeak zer pasatzen den galdezka. Astelehen buruzuri batean zer pasako da ba, ezer ez: bertakoak edo turistak pintxo jaten, trago batzuk hartzen… “Norbait ondoezik jarriko zen eta anbulantziari deituko zioten”, erantzun nien. Meriendatzen jarraitu zuten. Gero, anbulantzia gehiago etortzen hasi ziren; eta Ertzaintzaren furgoi bat, muturra hesituta daukaten horietakoa; eta polizia-auto gehiago, denak ere azkarregi ondoez arrunt bat izateko.

Giroa zintzurra estutzen hasi zitzaidan, baina ez nuen nahi umeek nabaritzea. Ezagun bat ikusi eta galdetu egin nion. “Labana” eta “tiroak” eta “bat hil omen dute”. Guztiz sinetsi ez arren, etxera erretiratu nintzen badaezpada, esajerazio bat izango zela pentsatu nahian. “Ez gaude Estatu Batuetan, faborez”.

Ez gaude Estatu Batuetan, ez. Hau ez da Spike Leeren pelikula bat, ez gara Do the Right Thing-en bizi. Baina poliziek Radio Raheem hil dute eta badirudi halabeharrak eragindako zerbaiten aurrean gaudela. Azken finean istilu gogorrean hasia zen, lepoa bihurritzen ari zitzaion pizzeriako nagusiari; itoko zuen, norbaitek eragotzi izan ez balio.

Barka, ez, ez da horrela izan. Hau ez da Spike Leeren film bat, baina udaltzain batek Babacar Welle tirokatu eta hil du Hondarribian. Prentsaren parte bati, sareetako iruzkin askori, kaleko jende itxuraz normalaren komentarioei jaramon eginez gero, gauzak ezin zuen bestela bukatu: labanarekin bazterrak nahasten ari zen, ia zauritu zuen ertzain bat; ez omen zen aingerutxo bat.

Ez gaude Estatu Batuetan, hau ez da Do the Right Thing. Eta hala ere, hilketaren ondoren, film horren izenburua deika ari zaigu denoi: “Egin ezazu zuzena den hori”.

Agindu hori bete nahi izanez gero, oinarri-oinarrizko premisa bat badago: begiratu gertatu denari gizatasuna erauzten diguten betaurrekorik gabe. Ulertu bizitza bat galdu zela betirako joan den astean Hondarribian baina, segur aski galduta zegoela askoz lehenagotik ere, Judith Butlerren hitzekin esateko “dolugarria ez den bizitza” bat izaten ari zelako. Alegia, hiru tirok Babacar Welle fisikoki hil baino lehen ere, haren bizitzaren balioa kasik hutsera debaluatua zeukala indarrean dagoen ordenak, halako moldez non herrikide bat tiroka akabatzea gertakari ulergarri eta, azken finean, justifikagarria iruditu baitzaio espero nuena baino jende gehiagori.

Jacques Rancièrek gizartearen antolaketa “polizial” gisa izendatu zuen logika hori. Erregimen kontsentsual bat, zeinean bakoitzak bere lekua, bere rola, bere lana, bere ikusgarritasun-gradua eta, azken finean, bere balioa goitik behera definituta dauzkan. Babacar Welle bezalako norbaitek oso leku zehatza zeukan sailkapen horretan. Arazo psikologikoak dauzkan etxegabe senegaldar beltz bat? Kanpoan dago. Ez da existitzen. Mutua da. Ikusezina.

Ordena “polizial” horren ifrentzua da Rancièrek “politika” gisa definitzen duena: desakordioa ageriko egitea; ezarritako koordenatuetan kabitzen ez direnek, ikusezinek, mutuek, sailkatu gabeek, beren burua beste guztien parekotzat aldarrikatzen dutenean hasten den gertakari bakan bat. Hilketa argitzeko eskari konkretuarekin batera, pasa den astean egindako mobilizazioek eduki dute, nire ustez, dimentsio politiko hori. Ordena “poliziala” auzitan jarri da Babacar Wellek justizia merezi duela esanez eta haren bizitzaren galerak berriz, dolua, beste edozein pertsonarenak bezala. Baina gainera, Hondarribiko komunitate senegaldarrak plaza hartu du, itzal huts bilakatzen dituen ohiko ikusgarritasun-erregimena alde batera utzita.

Gertatu denak guztiontzat inflexio-puntu bat izan behar luke, oraindik ikusezin zaizkigun edo kategoria jakin batzuetan –beltz, migrante– murrizten ditugun gure bizilagunen bizitzak beste modu batera hautemateko, era horretan haien aurkako biolentzia ere ez bailitzateke orain den bezain gertagarria izango.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

1 Iruzkin
    Marikarmen (e)k dio: Erantzun
    2026-10-05, 9:27

    Milesker Gorka.

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Pandaren diplomazia2026-09-28
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA