Bismillah, ilunpea da

Gorka Bereziartua
0

Kontrako zulotik jaiotako arrazista bat izatea bere horretan dago gaizki. Baina, gainera, txakur patruilan lan egiten baduzu, merezi du kontuan hartzea profesionalki espaloiaren mailan gera zaitezkeela zu bezalakoak ez direnekiko estereotipo baztertzaile kutre horiekin burua intoxikatuta edukitzeagatik. Bidasoatik gorako giroa inarrosten ari den lizeotarren mugimenduaren harira ikusi berri dugu.

Ezagutuko duzue kontua, noski, baina badaezpada hor doa di-da: ari ziren gazte gaizto horietako batzuk euren lizeoa blokatzeko gauzak antolatzen Snapchat aplikazioaren bidez, taldean erabiltzaile berri bat agertu zenean. “Mamadou” omen zuen izena. Ondoko mezua bidali zuen: “Salut! Bismillah c’est les ténèbres. C’est quand le blocus wallah mon frangin. On va tous [sic] casser. Met moi dans le groupe blocus Aichek” (gutxi gorabeherako itzulpena: “Epa! Bismillah ilunpea da. Noiz da blokatzea wallah ene anaia. Dena xehatuko dugu. Sar nazazue blokatzearen taldean Aichek”). Aljeriako banderatxoak ere bidali zituen –kutsu errealistagoa emateagatik edo, auskalo–.

Bazeukan mezuak, beraz, usain berezi bat: ez udazkeneko orbelek euri langarraren pean busti ondoren barreiatzen dutena –zeinak erremediorik gabe eraman zaitzakeen malenkoniatsu jartzera eta zure existentziaren tolesduretan pentsatzera–, baizik eta beste fragantzia hori, garratzagoa; kaserna-zokoan denbora gehiegi pasa duenaren izerdi-urrina, alegia: nola edo hala ikasleen txat batean infiltratu nahi duen polizia baten kiratsa.

Marrazki bizidunetako Chase imajinatu behar dugu, misio berri batean: gaur egungo gazteen hizkera imitatu behar du, konkretuki Afrika iparraldeko herrialdeetatik etorritako familietakoena, patruilatzean zeharkatzen dituen auzo emerdatu horietan bizi diren zaborkumeek bezala idatzi. Baina jende horrek ba al daki idazten? Bah, pixka bat aliritzira arabierazko hitz batzuk sartu, akats ortografikoak eta, batez ere, hasieratik “dena txikitzeko” asmoa erakutsi –gauza jakina baita, rakailla horrek ez dauka besterik buruan–. A, eta Aljeriako banderak, ez ahaztu: kuskusjaleei ez zaie zakila tenkatzen trapu trikolorea ikustean, beraiena nahiago dute; ez dira integratzen, ostia.

Eta tira, gaur egungo lizeotarrak nahi duzuna izango dira, pantailek burmuina funditu diete, PISA txostenak erakusten du irakurtzeko gaitasunaren tar-tar-tar-tar. Baina hori lerro artean irakurtzen badakite. Alegia, badakite nola hitz egiten duten beraiek. Eta badakite mezu hori ez lukeela euretako batek inoiz idatziko, informazioa lortu nahi duen uniformedun batek baizik, zeinak, batere konturatu gabe, aldirietako gazteei buruz dauzkan estereotipo arrazista eta xenofobo guztiak jariatu dituen, argi utziz polizientzat imajinario hori dela arrainentzat ura den bezalako zerbait: bazterkeria horretan igerian bizi direnez, ikusi ere ez dute egiten zein punturaino dauzkaten gizartearen hainbat segmentu topikoaren topikoaren topikora murriztuta.

Estereotipo baztertzaileen bidezko profilatze poliziala ez da, portzierto, Frantziako hiri handien periferietako gazteetara mugatzen, zu eta ni ere ukitzen gaitu. Tira, ukitu: jo. Baionan hamabost urteko ikasle bat jipoitu zuten CRSek lizeotarren protestetan, zergatik eta euskaraz hitz egiteagatik. “Beti da gauza bera. Euskaldun hauek dira problema!”, esan zuten errepublikaren beso armatuko kideek azaña burutu ondoren.

Oso argigarria guztia, bai ulertzeko poliziaren bazterkeria eta bortizkeria elkarrekin txirikordatzen diren bi fenomeno direla; baita ikusteko ere CRSen bitartez hitz egiten ari den estatua guztiz deskonektatuta dagoela menpean dauzkan jende eta herrietatik. Bismillah, ilunpe horretatik alde egin dezagun ahal bezain laster, zerbait hobea sortzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA