Entretenimendu politikoa Espainiako Garraio ministroaren dimisioaren konturantz lerratu da joan den astean, Madrildik Sevillara zihoazen bi trenek istripua izan eta albiste guztiak gorpuz bete zirenetik. Harritzeko-harritzekoa ere ez da: egin kontu, aurten hildako ugari utzi duen bigarren tren-desastre iberikoa da eta gauza horietaz arduratu beharko lukeen Oscar Puente ministroa berriz, famatuagoa da sareetan pitbullarena egiteagatik trenbideak egoera onargarri samarrean mantentzeagatik baino.
Ez du merezi denbora askorik galtzeak, dena den, bateko pepelerdoen eta voxerren egunotako urkamendirako deiekin; ezta besteko soziaten miseriekin ere –lehen minutuan istripuaren gorotz-munto osoa langile bati leporatu nahi izatea, adibidez: sozialista obreroak, omen–, iruditzen baitzait Urdako istripuan zerbait sakonagoa puskatu dela arduradun honen edo bestearen gaineko konfiantza baino. Garraio-eredu oso bat joan da pikutara, beharbada. Eta agian Espainiako estatuaren ideia bat ere bai. Fuerte gabiltza, e?
Baina ez da gutxiagorako, Madril eta Sevilla abiadura handiko trenez lotzea ez baitzen izan azpiegitura berri baten hasiera bakarrik. 1992ko propaganda pack-aren barruan ulertu behar da, Expoarekin, Bartzelonako Joko Olinpikoekin eta beste zenbait kontu txiripitiflautikorekin batera. Urte hartako orgia etengabean, sestertzio guztiak dantzan jarri ziren ideia bat saldu beharrez: Espainiako Estatua herrialde moderno bilakatu zela, Europarekin homologagarria. Aldaketa sinbolizatzen zuen AVE horretako business class bidaiariak ez zihoazen Madrildik Sevillara edo Sevillatik Madrilera bakarrik, estatuak bere buruari imajinatu zion etorkizunera ere bidaiatzen ari ziren, zeinean klase ertain-altuko jendeak bakarrik zeukan existitzeko eskubidea –sinbolikoki, alegia–.
Orduz geroztik, ideia horrekin berdintsu mozkortu dira kolore guztietako agintariak –gure paraje hauek gobernatu dituzten guztiz gehienak ere bai; ez zaie asko inporta izan AHT Madrilen inguruan ardaztutako proiektu e-ra-bat zentralista izatea: euzkotar abertzaleak, omen–. Hortxe aritu dira, horrelako trenetan gastatu eta gastatu, jendeak gehien erabiltzen dituen distantzia laburreko lineez ahaztuta, langile-jendea bi aldiz kondenatzen duen dinamika bat sustatzen: lehenbizi kulturalki mespretxatu, ahaztu beharreko iragan azpigaratu baten erlikiatzat joz; eta ondoren, haien bizi-baldintzak izorratzeko bidea ireki, egunero erabili behar dituzten azpiegiturekin aritzen baitira zekenkerian ia beti.
Politika horren emaitzak ikusgarriak izan dira: Txinaren ondoren Espainiako Estatua da munduan abiadura handiko kilometro gehien daukan herrialdea –4.000 kilometro inguru–. Baina benetan ñir-ñir egiten duten datuak beste batzuk dira: kilometro bakoitzeko erabiltzaile-kopuru negargarria, adibidez –hamabost inguru; Japoniak kilometroko 166 bidaiari ditu; Alemaniak 84; Frantziak 49–. Edo dirua zertan gastatzen den: 2018tik 2023ra bitartean Espainiako abiadura handiko trenbideetan egindako inbertsio gehienak (%84) kilometro gehiago eraikitzera bideratu ziren, dagoeneko eraikitakoen segurtasuna eta mantenura baino lehen (%16), Europako Batzordeak txosten batean nabarmendu zuenez –kontinente zaharrean, normalena azken horretara %35-40 bideratzea omen da–.
Ez da klaseko listoena izan behar konturatzeko hain modu disfuntzionalean eraiki eta zaindutako abiadura handiko tren-sare batek buztinezkoak dituela errailak. Eta hemendik aurrera lokatz askotan murgilaraziko duela haren ardura hartuko duen edozein, azpiegitura osoa birplanteatzen ez badu.