Alberto Brandolini, Italiako Emilia-Romagna eskualdean jaiotako informatikari bat, inspiratuta esnatu zen duela hamahiru urte. Edo, auskalo, behintzat beste askok baino lehenago sumatu zuen debate publikoan gertatzen ari zena. Kontua da txio bat idatzi zuela oraindik dibertigarria eta interesgarria zen txoritxoaren sare sozialean, zeina denok dakigun horrek erosi zuenetik goitik behera izurritu eta izorratu baitzen, leku aparta bilakatzeraino, hain zuzen, etengabe egiaztatu ahal izateko Brandolinik egun hartan munduari esplikatu ziona benetako zerbait dela. Hura ez baitzen txio soil bat izan, zerbait inportanteagoa baizik: printzipio baten sorrera. Brandolini printzipioa, alegia: “Edozein mordoilo gezurtatzeko behar den energia kopurua magnitude-ordena handiagokoa da hura sortzeko behar izan dena baino”. Bestela esateko: informazio faltsu bat produzitzeko erabilitako indarra 10 izan bada, hura ezeztatzeko eginahaletan gutxienez 100 gastatuko dira.
Ergelkeria asimetrikoaren funtsa esplikatzen duen printzipioa, antza denez, Silvio Berlusconik Marco Travaglio kazetariarekin izan zuen eztabaida bati begira bururatu zitzaion Brandoliniri. Telebista oraindik hedabide hegemonikoa zen garaiko kontuak, beraz. Urte haietan publiko zabalari atertu gabe gezurretan aritzeko pribilegioa gutxi batzuek zeukaten eta, ederki ustiatzen zuten arren –Berlusconi, enfin: bera zen gezurra oso-osoan–, kontuak ez zeukan zerikusirik gaur egungo gorotz-jasa atergabearekin. Lehen ez ginen hain nekatuta bizi. Azken finean erantzun behar zitzaion bi, lau, sei telebista-estudiotatik jaurtitzen ari ziren mordoiloei; ez berrehun, seiehun, mila streamerrek isurtzen duten kaka guztiari –marka da gero, e? Nork esan behar zidan desinformazioaren estandarra Mediasetek ezartzen zuen garaiaren nostalgia arraro hau sentitu behar nuenik–.
Brandolini printzipioarekin aski ez, eta haren lehengusua den gezurteroentzako eztabaida-teknika bat ere geroz eta sarriago agertzen da, batez ere hauteskunde-debateetan: Gishen galopa deitzen zaio errekurtso horri eta, hura erabiltzen duena halaxe hasten da, zaldi baten gainean nola, trakatan-trakatan-trakatan egi-erdiak, falaziak, itxuragabetutako datuak eta gezur lotsagarrienak bata bestearen atzetik abiada bizian botatzen, halako moldez non aurkariari ez baitzaio denborarik geratzen denak ukatzeko, ez behintzat bere ikuspuntuak plazaratzeko tartea oso-osorik bestearen faltsukeria desmuntatzen pasa nahi ez badu.
Aurrekoan, Hego Euskal Herria neofrankisten esku utz dezakeen hauteskunde-kanpainako debate nagusian, zaldi horren gainean lauhazka ikusi nuen denbora gehienean Alberto Nuñez Feijoo. Harritzekoa ere ez, bestalde: garbi dago politikan sartu aurretik tipoa ez zela aritu spoken word emanaldiak egiten bere lagun Marcialekin –barku hartako lerroak ez ziren errezitatzen diren horietakoak–; eta oratoria eskasa disimulatzeko trikimailuren bat behar. Gainera, betiko eskuin muturrari eta idem berriari berdin gustatzen zaie nihilismo kognitiboaren karta jokatzea, zer den egia eta zer gezurra lausotzea beti baita interesgarria ipurkume batek bakarrik hartuko lituzkeen neurriak hartzeko asmoa daukazunean.
Deigarriagoa iruditu zitzaidan Pedro Sanchezen jarrera. Debatea galtzen utzi izan balu bezala; pasibo samar behintzat. Nahita egin omen zuen, boto-emaile moderatuen bila ari delako kanpainaren azken txanpan eta gehiago komeni zitzaion Broncano izatea, bronkan aritzea baino. Baina orain duda geratzen zait, Brandolini: nekatu behar al dut frogatzen erdipurdi atera zitzaion debate bat jenialtasun taktikoaren maskarapean ezkutatu nahian dabilela? Ala hobe da hilaren 29ra arte itxarotea, Sanchezek berriz ere Tetuango zakurrarena egiten ote duen ikusteko?