Erreportaje bat bukatu nuen atzo (hilak 25) astekarirako, gutxi gorabehera esaten duena liburu elektronikoaren zabalkundea, askotan iragarria eta beste hainbestetan atzeratua, azkenean baietz, iritsi egingo dela. Titular balientepasatua jarri nion: “Orain bai, liburu elektronikoak eztanda egingo du”. Baina uste dut badaudela bi motibo hori esateko: lehenengoa, zenbait idazle ezagunek, Philip Roth eta Orhan Pamuk tartean, ohiko editorialak bazterrean utzi eta Amazonera jo dutela, gehiago ordaintzen dietelako; bigarren motiboa da, azkenaldian ugaritzen ari dela liburuen kopia librea Interneten (batzuek “pirateria” esaten dioten hori).
Hara hor liburuen sektorean ikusiko ditugun bi zurrunbilo: batetik, idazleen royaltyak handiagoak izan beharko dira ezinbestean, liburu fisikoak eskatzen zituen kostuak desagertu ahala, bitartekariaren (alegia, argitaletxearen) irabazi-marjina egokitu egin beharko delako; bestetik, liburuak kopiatzeko eskubideari buruzko eztabaida piztuko dela esango nuke, obrek libre zirkulatzea saihestu nahi duten agenteen (alegia, argitaletxeen) eta irakurleen artean.
Erreportajea bukatu eta ez dut ba jo albiste batekin, esaten duena Gurebook plataforma sortu dutela Elkarrek, Ereinek eta Alberdaniak? Sartu naiz atarian eta aurreneko sorpresa liburuen prezioa da. Etxeberria anaien Arrain abisalak, adibidez, 17 euroan topatu dut, paperekoa baino bi euro merkeago baino ez. Eta irakurle naizen aldetik duda sortu zait, ea merezi ote duen artxibo batengatik, kostu materialik ia ez duen produktu batengatik, hainbeste ordaintzea. 17 euro horietako zenbat joango dira Xabier eta Martin Etxeberriaren kontu korrontera? Ohiko portzentajea, onenera, oker ez banago %12koa dena, eta txarrenera (oker ez banago hau ere) %9koa? Ala gehiago? Zenbat?
Bigarren dudak sigla batzuekin dauka zerikusia. Gurebook-en “ohiko galderak” izeneko sailean DRMa zer den azaltzen baitu. Hitzez hitz, webgunearen arabera, DRMa “liburuak babesteko sistema bat da”. Ez bainaiz eufemismoen oso zale, nahiago nuke jarriko balu DRMa liburuak kopiatzea eragozteko sistema dela, funtsean. Eta horrek ere trumoian sortzen dizkit galderak: Gurebook-en liburu bat erosiz gero, ezingo diot lagun bati utzi? Ze, non eta ez diodan irakurgailu osoa uzten, kopia egitea galarazita edukiko dut, ezta? Eta, nola funtziona dezake liburutegi publiko batek DRMarekin babestuta dauden liburuekin?
Bai badakit, baten batek esango du oso erraza dela trabak bilatzea. Eta ea zertan ari naizen: ez daukatela erraza argitaletxe euskaldunek digitalizazioarekin, saiatzen ari direla eta ez dela gutxi. Baina inpresioa dut norabide okerretik ekin diotela bideari: prezio horiekin ez dira irakurle asko hurbilduko; idazleek ere, liburu bakoitzeko irabazien parte handiagoa eskuratzeko aukera badute, beste norabait joko dutela uste dut. Eta eskubide digitalak ukatzetik ezin da ezer onik etorri.
Beste irtenbideren bat beharko du kontuak. Negozio-ereduaren aldaketa, irakurlea ere prozesuaren parte bihurtuko duena eta ez hartzaile huts. Orduan bai esan ahalko zaiola Gurebook. Bitartean, Batzuenbook izena egokiagoa iruditzen zait. Edo, gaizto jarrita, Facebook.
DRMarekin eta garesti: ez da nirebook
Gorka Bereziartua
15 Iruzkin
Honek jada txiste txar itxura du.
Ez dakit zenbat aldiz entzun behar izan dugun azken aldian, batetik, euskal literaturak irakurle falta larria duela, eta bestetik, “pirateoaren” kontra borrokatu behar dela egile eskubide eta idazletzaren duintasunaren izenean. E-book-ak 17 eurotan ipintzen dituzten batzuk izan dira, gainera, gauza hauek esaten dituztenak. Larrua behar da gero.
Baiki, argitu beharko lukete 17 euro horietatik zenbat den idazlearentzat, zeren %15a bueltan baldin bada, hau espekulazio hutsa baino ez da, prezioak gastuen gainetik itxuragabeki puztea. Eta idazle eskubideei eta irakurleari adarra jotzea, bidenabar.
P.D: Salbuespenen bat badago, hala ere, Pamielaren liburuak ez daude hain garesti (nahiz eta uste dudan oraindik merkeago egon beharko luketela).
[…] egunotan zeresan asko eman duen liburu elektronikoak erosteko denda […]
Gurebook-eko bideoan entzun dudanez, Plazagunea teknologia enpresaren eta Libenet ekimenaren arteko elkarlana da Gurebook. Libene,nett era berean, Alberdania eta Erein argitaletxeen, eta Adimedia teknologia enpresaren artekoa da (gehi banaketa enpresa bat). Hortaz, Elkarren izena ez dut ikusi… Tartean direla dakizu?
Horrez gain, egia izanik paper/digital tartean prezio alde txikia jarri dutela, ez dakit nik esan daitekeen liburu elektroniko euskaldun hauek “kostu materialik ia ez duen produktua” direnik. Kosturen bat edukiko du enpresa aliantza honek, webguneak eta teknologiak, kudeaketa… Materia fisikorik ez badago ere, seguru nago kostuak egongo direla, eta horiei ere, ezinbestean, kostu material esan beharko diegu, ez dira ba izango kostu espiritualak. Zenbaterainoko kostua, ez dakit, baina gauzak ondo egiteko teknologian ere inbertitu beharra dagoela iruditzen zait neuri.
DRMaren zure definizioa, bestalde, beraiena baino hobea da, argi dago. Tori beste kontzeptu bat, baliagarri izan dakizukeena: bookcrossing digitala. Horixe baita eragotzi nahi dutena, erositako liburuak beste batzuekin partekatzea. Horri pirateria deituko diote, baina ez da pirateria, bookcrossing digitala izena hobeto datorkio.
Aupa Luistxo: bideo horretako laugarren minutuan esaten da hain zuzen ere Alberdania, Erein eta Elkar batu direla Gurebook-en. Bestalde, Berrian joan den ostiralean publikatu zen albistean gauza bera esaten da, baita Pamielaren, Txertoaren eta Arrainen liburuak ere katalogoan daudela, eta Ttarttalorenak (Elkarrek erdarazko liburuentzat daukan argitaletxea da azken hori, oker ez banago).
Kostuen kontuaz: liburu bat idazteak ere baditu kostu batzuk, nik baino hobeto dakizu zuk hori. Orduak ordenagailu aurrean, buruhausteak, norberaren eta ingurukoen umorean izaten duen eragina… Eta iruditzen zait aliantzek eta kudeaketak daukaten kostua baloratzen bada, hori ere baloratu beharko litzatekeela.
Gabon lagunok
Argitaletxeek zilegitasun osoa dute enpresa diren heinean, bizirauteko ekimen bateratuak abiatzea. Ostera, ekimen berri honetako aurkezpen bideoan baten baino gehiagotan entzun liteke euskarazko literaturak internet den itsaso horretan bere lekua izateko asmoz sortu dutela gurebook. Agian gogorarazi egin beharko zaie badagoena SUSA deritzon argitaletxe txiki bat duela 8 urtetik liburuak oso osorik eta doainik eskeintzen dituena interneten eta ez soilik bere liburuak.GUREBOOK egitasmoa abian jarri dutenetako batzuek “pirata” ere deitu izan gintuzten orduan, zergatik eta paperean salgai genituenak interneten doainik erakusteagatik.
Bestetik, gogor salatu gura dut liburu elektronikoarekin saldu gura diguten iruzurra: Gezurra da eta galanta gainera, euskarako literaturak liburu elektronikoarekin irakurleak irabaziko dituenik. Beraz, ez gaitzatela engainatu. Euskarazko literatura sustatzeko eta irakurleak irabazteko bestelako neurri batzuk hartu beharko dituzte argitaletxeek, berbarako, Euskal Herrian euskarazko literatura gorde, zabaldu eta prestigiatzeko lanean ari garen herri eragileekin harremanetan jartzea, ondo esatea eta auzolanean sinestea. Beste guztiak diru kontuak dira, spot baterako berba politak bezain faltsuak.
gotzon barandiaran arteaga
Kaixo:
Ez dakit etorkizuna nolakoa izango den, baina zuen generazioak (Gorka, Beñat and cia) argitaletxe bat sortu beharko du. Ez dakit argitaletxea den hitz egokia, baina bide alternatiboetan barna ibili beharko duzue.
Nork egingo du?
Nik ulertzen dut (eta konpartitzen) kritiko izatea egitasmoarekin, planteatu den moduarekin ados ez egotea, gehiegizko prezioak saltzea, liburu elektronikoaren etorkizunaz eszeptiko izatea… baina esatea –are gehiago, salatzea- gezurra dela liburu elektronikoarekin euskal literaturak irakurleak irabaziko dituenik… Hori ziriari zotza sartzea iruditzen zait. Zer egingo du ba, galdu? Nire ustez euskal literaturak liburu elektronikoaren kontu horretan sartu behar du. Edo akaso etorkizuna literatur eskolan eta antzeko ekimenetan bakarrik dago?
Musikan gertatu denaren eskarmentua aipatzen da sarri DRM-a justifikatzen denean. Han gertatu dena ezin dela liburugintzan jazo. Bada nik ere musikari begiratzen diot, hain justu kontrako zentzuan.
Iturri, arrazoi duzu, asuntoa izango da gai izango ote garen Bidehuts bat sortzeko literaturan. Hor dago gakoa.
Beñat, zalantza bizia dut euskal literaturarentzat zer den hoberena bIDEhUTS edo Roadrunner (barka ondo idatzi ez badut).
[aipu hau cc-by-nc-copy_far_right lizentziapean idatzi da]
BakalHau editoriala sortuko dugu orduan.
Ba ez zait iruditzen gauza zaila denik nirebook bat sortzea atzean hori bultzatuko duen masa sozial nahikoa badago. Eta idazleak, noski.
Beharko litzateke webgune bat egileei euren dokumentuak igotzen utziko diena, erabiltzaileei hainbat formatu elektronikotan deskargatzeko aukera ematen diena (izan bitez DRMrik gabeak) eta prezioa egilearen aukeran uzten duena: egileak berak zehaztutako kopurua, dohaintza bidezko ordainketa edo debalde.
Bitartekaririk gabe; begira bestela baserritarrei. Formatu elektronikoan argitaratzeko (bit-ak toki batetik bestera pasatzeko) nork behar ditu bada argitaletxe eta liburudendak?
Ez dakit zeren zain dagoen idazle jendea beraz. Baina, beharbada, gustora daude argitaletxeen aterkipean… esan nahi baita, gustora sentitzen direla euskal literaturaren aldarean. Eta aldaketek, amigo, beldurra ematen dute.
aupa lagunok, aupa Jon
Liburu elektronikoak ez ditu ordura arte irakurleak ez zirenak irakurle bihurtuko Jon. Irakurtzeko zaletasunik ez duenak ez da irakurtzen hasiko liburu elektroniko bat eskuetan izatearren. Liburu elektronikoa negozioaren partea da, zuzen zuzenean. Liburu elektronikoa ez da sortu irakurzaletasuna zabaltzeko, paperezko liburugintzak dakartzan galera ekonomikoak sahiestu eta liburugintzaren industria teknologia berrietara egokitzeko baino. Lehen ere esan dut, SUSAn urte mordoa daroatzagu liburuak osorik eta doainik interneten eskeintzen. http://www.armiarma.com literaturaren atari erraldoia sortu genuen euskarazko literatura munduratu eta munduko literatura euskarara ekartzeko.
Irakurzaletasuna sortzeko bestelako egitasmo batzuk sortu beharko ditugu, irakurleak izan daitezkeenak kontuan hartuta, ohiturak sortuta, geure arteko sarea ehunduta. Nik ez dut egundo “bakarrik” hitza erabili, nik “auzolana” aldarrikatzen dut, “bakarrik”en kontrakoa dena. Eta diskurtsoetan zintzoa izatea, noski.
[…] Julen Arrizabalaga eta Ixiar Uria. Atariari buruzko nire iritzia eman diet, batez ere jendeak Interneten aipatu izan dituen gauzak kontutan hartuta. 3 puntutan laburbildu dezaket […]
[…] Aquí está la lista completa de los establecimientos que participan en esta promoción, y ojo porque FNAC participa pero solo para entradas, no para libros ni discos. De momento este año no hemos encontrado en la web el listado de establecimientos, lo actualizaremos cuando lo sepamos. Sí por ejemplo sé que participará la mítica librería Cámara, que por cierto parece que muy acertadamente ya tienen su propia librería de libros electrónicos online. Lo hacen a través de una empresa que parece que tiene una plataforma muy interesante para ofertar a librerías tradicionales una librería de ebooks online que incluye varias plataformas. Falta Gurebook la de algunas editoriales vascas, que ya ha recibido algunas críticas… […]
[…] baita, hainbat euskal argitaletxeren lanak salgai jartzen zituena. Hala ere, dena esan behar bada, ez da harrera handia izan edota ilusio handiak sortu duen proiektua, eta amaieran ere, izan ditu […]