Belengo estalpe guztiak ez dira kitsch

Gorka Bereziartua
0

Leo Bassiren gaur egungo jaiotza

“Estetikotasunik gabekoa edo gustu txarrekoa dena, bereziki, kontsumo komertzialerako egina”. Horrela definitzen du Harluxet hiztegiak Kitsch hitza. Wikipediak berriz, zera gehitzen du: Kitsch direla masan fabrikatutako ikono kultural merkeak eta artelan estetikoki eskasak, eta hitza lotu daitekeela gehiegizko sentimentalkeriarekin ere. Barka sarrera entziklopediko hau, baina inportantea iruditzen zait kontzeptua ezagutzea, Gabonetan inork etxea dekoratzen hasteko tentazioa baldin badauka, jakin dezan zer egin behar duen eta, bereziki, zer ez duen egin behar.

Baina behin Kitsch-a zer den ulertuta eta beste kontzeptu artistiko batzuk ere belarri ondoan xuxurlaka, arrunt zaila bihurtzen da Eguberri giroaz gozatzea. Baserritarrez janztea, kitsch. Kalean jarri dituzten argiak, kitsch. Papa Noelen txano gorria parrandan janztea, motel, hori bai dela kitsch. Eta ezta okurritu ere lagunei Gabonak zoriontzeko kitschmas postal horietako bat bidaltzea, aditu? Ez dago jaiotza txiki bat jartzerik ere: artzain prefabrikatu horiek, portzelana itxurako plastikozko figurak, belar sintetikoa… Ba ote dago hori baino gauza kitschagorik?
Eta hala ere artistak daude, hain ikonografia zarakatuekin zerbait diferentea egiteko gai direnak. Leo Bassi du izena eta aski ezaguna da Hegoaldekoon artean, besteak beste Espainiako telebistetan maiz agertu izan delako bufoiarena egiten. Ez diot sinpatia berezirik. Hedabide handiek beraien itxurazko pluraltasuna erakusteko noizbehinka plazara ateratzen duten “probokatzaile ofizial” horietako bat da, baina aitortu behar dut egin duen azken muntaiak arreta deitu didala.
Madrilgo Lavapies-en Belen bat jarri du, berezi samarra. Honako galdera egitera gonbidatzen gaitu: “Eta Jesus haurtxoa gaur egungo Belenen jaio izan balitz?”. Emaitza, imajina dezakezue: soldadu sionistak estalpearen ondoan; artzainak checkpoint-ak pasa ezinda; kolono judutarrak behar ez duten lekuan etxeak eraikitzen… Kristo handi samarra, Jesukristoren inguruan.
Originala ideia. Baina, Bassiren muntaiaren berri izan ondoren, hara zer ikusten dudan atzo nire herriko denda baten eskaparatean: playmobilez egindako jaiotza bat, guardia zibilaren eta ertzaintzaren auto eta guzti. Galdera, kasu honetan, zera litzateke: “Eta Jesus haurtxoa gaur egungo Euskal Herrian jaio izan balitz?”.
Difentzia bakarra dago Bassik egindako lanaren eta Hernanin ikusi dudanaren artean: lehenak badaukala egile bat izen-abizenak dituena; bigarrenak berriz ez. Alde txikia da, baina artelanaren eta dekorazioaren arteko tartea markatzen du. Eta berdin da zenbat aldiz jartzen den egiletzaren kontzeptua auzitan, oraindik ere artea ez da arte, artistak egiten ez badu.
Okerrena da, guztiok barneratu dugula hori; alegia, artea artisten gauza dela bakar-bakarrik. Eta ondorioz, guraso gehienak intolerante hutsak bihurtzen dira beraien haurretako batek etxeko jaiotzan Action Man bat sartzeko asmoa erakusten duenean. Ez dira konturatzen umearen ekintza txiki horrek zenbateraino alda ditzakeen Gabonak: etxeko salak, kitsch-aren tenplu izatetik, abangoardiako arte-erakustoki bihurtzeainoko jauzia egiten du. Gustu pixka bat ekartzen duela, alegia. Behar-beharrezko dugun zerbait, fetxa seinalatu hauetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA