Literatura eta boxeoa ez daude elkarrengandik hain urrun

Gorka Bereziartua
7

Ernest Hemingway, boxeorako eskularruak jantzita

Boxeoari buruz gutxi leitu izan dut; literatura, esan nahi dut (prentsa-artikuluak, batere ez), baina leitu dudan apur horren artean, atximur egin zidan Jack Londonen A piece of steak (Xerra puska bat) narrazioak. Tom King boxeolari zahartuak konbate agonikoa borrokatzen du sos batzuk lortzeko; parean pugil gaztea dauka, haren ukabil zaparradari ahal duen moduan eusten dio asalto amaigabeetan, noizbait nekatuko delakoan, eta orduan, muturreko zuzen pare bat, uppercut batzuk eta probidentzia lagun, borroka irabazi eta dirua eraman ahalko du etxera, jateko adina, zor batzuk kitatzeko moduan eta bizitzen segitzeko lain.

Ez dut kontaturen nola bukatzen den ipuina, inork irakurri nahiko balu ere.
Boxeoaz gutxi irakurri dudala esaten hasi naiz, ez baitut gehiegitan aurkitu euskal literaturan. Bernardo Atxagaren lerro hura (“bus txofer batzu bozeolari hilaz mintzatzen,/ apatridak bailiran trenak/ memoria karrilen fatalitatean galduz”) eta Beñat Sarasolaren Kaxa huts bat liburuko Udaberria poema datozkit gogora (Mike Tyson eta Evander Holyfield Madison Square Garden-en izerdi patsetan, elkarri T.S. Eliot-en Hilen ehorzketako lerroak errezitatzen). Izango dira gehiago ere, baina ez da gure idazleen gai gogokoena.
Beharbada, ez dakit, eskribitzen dutenek esku guriak dauzkatelako, eta boxeoaz zerbait zirriborratzen hasi aurretik hatz-koskorrak matrailezurrei jo eta jo maiztu behar dituelako pertsonak.
Hori da behintzat Arthur Cravan-en kasua. Boxeolari astazakila batzuentzat, legeen barruan bizitzerik ez duen horietakoa. Raoul Vaneigem-entzat berriz, nihilismo dadaistaren munduko txapelduna, Arthur Rimbaud-ek zibilizazioari egindako desafioa gorpuztu zuena. Gorpuztu, eta nola: gizaseme izugarria zen, haragi guztia giharra. Gladiadore eta idazle, biak batera. Gutxitan ematen den konbinazioa.
Arthur Cravan idazle eta boxeolaria

Duela 99 urte (ez da efemeride borobila, baina ez esan zenbakia polita ez denik) Maintenant aldizkaria sortu zuen Parisen. Agerkari horren bost zenbakietan denetarik dago, literatur eta arte kritikatik hasi eta era guztietako probokazioetaraino. Horixe izan baitzen, batez ere: probokatzailea. Bere buruaz beste egingo zuela iragarri zuen behin, lekua eta ordua zehaztuz. Jendea samaldan hurbildu zen herio ikuskizunera eta Cravan-ek voyeurista hutsak izatea leporatu zien.
Baina gero gerra etorri zen (beti etortzen da gerra bat) eta kontuak serioa zirudienez, 1915ean maletak egin eta Frantziatik Bartzelonara jo zuen. Letra kontuak baztertu eta boxeoari ekingo dio, ez nolanahi. Konbate handi bat antolatuko du, Jack Johnson munduko txapeldunaren kontra eta seigarren asaltoraino ez dio olanari pa emango, ukabilak dantzatzen moldatzen zela erakusten duen datua, inondik ere. Bizitzak New Yorkera eramango du gero, Mina Loy poetarekin maiteminduko da eta hau, Cravan inspirazio hartuta, nobela bat idazten hasiko da, Colossus izenekoa eta bukatu gabe geratuko dena.
Amaitu gabeko nobela dirudi Cravanen bizitzak berak ere: 1918an, 31 urterekin, Mexikoko Golkoan desagertuko da Atlantikoa zeharkatzera aterata. Ez dute inoiz aurkituko haragi guztia gihar behar zuen gorpu hori.
Geroztik izan dira boxeoa gustatzeaz gain, praktikatu ere egin duten idazleak; Iñigo Astizek esanda dakit Ernest Hemingway bera muturrekoaren artean abila izan zela. Eta konbinazio horren garrantzia azpimarratu nahiko nuke, euskal literatura momentu honetan nola dagoen ikusita. Kritikariak harrotu antzean baitabiltza, lotsarik gabe liburuak larrutzen; eta irudipena daukat ez liratekeela hain lasai ibiliko, hitzekin egurtzen ari diren liburu horren idazlea ukabilekin egurra banatzeko gai izango balitz.
Ni behintzat, ez nintzateke inolaz ere hasiko gaizki esaka crochet sorta bat emanda ubeldu nazakeen idazle baten liburuaz.
Zenbat polemika txatxu ez ote ziren saihestuko boxeo pixka bat jakingo bagenu!
Eguneraketa (2011-II-7, 12:51)
Patxi Gaztelumendik gogorarazi dit Twitter bidez Josu Landaren Odolbildua nobelan boxeoak daukan protagonismoa. Paddy Rekalderen Ragga-ragga dator gaua nobelako protagonista ere boxeolari ohia dela akordatu naiz ni, bestalde. Ziur gehiago ere badaudela. Azkenean uste baino gehiago idatzi da euskaraz boxeoari buruz…
Eguneraketa (2011-11-7, 12:56)
Hau memoria! Harkaitz Canoren Pasaia Blues-en ere bada boxeorik, Beñat Sarasolak gogorarazi duenez. Hona pasarte bat:

Abenduak bere bigarrena betetzen zuen. Pasaiako kaleak eta hormak afixaz beteta zeuden, Hernaniko Young Play dantzalekuan jokatzekoa zen boxeo lehia iragarriz. Normala zen alde batera, pasaitar gazte baten debuta ez baitzen egunero sortzen zen berria. Egunkariek ere, Paulino Uzkudun eta Paco Buenoren garaiko argazki hautseztatuak kaxoien hondo ozeanikoetatik berreskuratu eta beren argazkilari eta bekarioak zakurren gisan bota zituzten Pasaiako gimnasiora, barruko orrialdeetarako kutsu melodramatiko eta ukitu bogartardun kronikak idazteko aginduta. «Txiki-txiki egingo dut», «Begiak zapi batez lotuta ere irabaziko nioke», «Agure horrek jakin behar luke erretirada duela garaipenerako bide bakar, eta garaiz dago oraindik».

Eguneraketa (2011-II-7, 13:25)
Eta Atxagaren beste erreferentzia boxistiko bat gogorarazi digu Gorka Azkaratek: Ubanbe izeneko pertsonaia agertzen zen Soinujolearen semea nobelan. Nik bere momentuan Urtain-en trasuntutzat jo nuen, bide batez, baina ez dakit…
Eguneraketa (2011-II-7, 15:10)
Ukabilez betetako beste erreferentzia bat ekarri digute Info7 irratiko Sartudalapurra saioko lagunek: Susa aldizkariaren 32. zenbakian. Lubaki Bandako kideek Hau muturreko pila! izeneko testua sinatu zuten, euren agerpen publikoaren ondoren literatur munduko jende ezagunak (eta zenbait anonimok) beraien kontra luzatutako kolpeak zerrendatuz, boxeo-entziklopedia desordenatu batekin. Bidenabar, azkenaldian modan jarri den Jon Juaristi aipatu zuen baten batek lubakiarren kontra egiteko…

7 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA