Zirrara berezia eragiten du 1960ko hamarkadan Luis Amilibiak Bob Dylanen Blowin’ in the wind kantari egin zion euskarazko bertsioa entzuteak. Jon Zelestinori esker jarri dute sarean Euskalerria Irratiko lagunek Entzun aizetan, baita garaiko beste zenbait pop pieza interesgarri ere. Baina apunte honen helburua, horiek entzuteko gomendioa egitearekin batera, nire ustez okerra den historizazio bat auzitan jartzea ere bada.
Esplika nadin. Zera leitu dut gutxi gorabehera Euskalerria Irratiaren webgunean: 1960ko hamarkadan kantautoreak musika komertzialari gailendu zitzaizkiola, Ez Dok Amairu bihurtu zela mainstream eta pop musika berriz, underground. Nire zalantzak ditut hori erabat hala izan ote zen.
Erredakzioko lagun beteranoenek behin baino gehiagotan kontatu izan didate hamarkada hartan euskal kanta arrakastatsuenekin hamabostean behin osatzen zen “Euskal Hit Parade” izenekoan ez zirela Laboa, Lete, Iriondo eta Lertxundiak nagusi izaten, Kontrapuntoak taldeak Massielen La, la, la hartuta egin zuen bertsio euskalduna eta tankerakoak baizik. Kontuan izan behar da Ez Dok Amairu 1965an sortu zela, hamarkadaren erdia pasata, eta gainera, ez zutela berehalako arrakastarik izan: 1967ko Zeruko Argiaren zenbakiak hostokatzea nahikoa da konturatzeko, artean kazetariek gazte haiei buruz esplikazio askotxo eman behar zituztela. Badaude motiboak pentsatzeko bitartean ye-yea zela euskal eszena (are gehiago Nagore Irazustabarrenak idatzitako Euskal musikari ilea luzatu zitzaionekoa artikulua irakurri ondoren), eta bolada batean ye-yeak eta kantautoreak ez zirela aparte bizi izan. Yoloak taldeari egindako elkarrizketa hau irakurrita ikusten da: Elvis Presleyren eta Los Bravosen bertsioak egiten zituzten, baina Ez Dok Amairurekin ibiltzen ziren jaialdiz jaialdi.
Zer gertatu zen beraz, 60ko hamarkadako pop euskalduna gure musikaren historiatik ezkutatzeko? Nire hipotesia: 1970eko urteetan aurreko hamarraldiari begira jarri zirenean, gaur egun 1990eko hamarkada errepasatzean egiten den “Urtz amnesia”-ren antzeko zerbait pasa zela. Orain ematen baitu 90etan mundu guztiak Dut entzuten zuela (Negu Gorriak-ez aparte, noski). Gutxiago aipatzen dira urte haietan Top Gaztea astintzen zuten beste talde batzuk, Urtz edo EH Sukarra, berbarako. Eta nekez aupatuko du inork bolada batean etengabe entzuten zen Hemendik At!-en euskodancea.
Urteak pasa ahala gure iraganaren berrinterpretazio interesatua egiten dugu eta estilo batzuk oso lotuta geratzen dira nerabezarora, garai ederra, noski, baina, zergatik uka, baita pixka bat erridikulua ere.
Orain imajinatu 70etan Francori sua eman nahian dabilen gazte iraultzaile haietako bat: bakeroak, zimak eta tabako-beltza. Vietnamitan inprimatutako propaganda politiko ilegala darama zakuan. Beharbada Leninen liburu baten edizio klandestinoa besapean. Agian burdin bat gerrian, tiro egiteko prest. Nola aitortuko dizu bospasei urte lehenago Ameslariak-ekin Baby nerea kantatzen ari zenik?
4 Iruzkin
Altxorrak dira pop kantu horiek inondik ere.
Bi gai azalerazi nahi nituzke.
Bata: 60ko hamarkada horretan eta Euskal Herrian ‘mainstream’ eta ‘underground’ musikaz hitz egitea ez al da gehitxo, behintzat merkatuari, industria eta haien legeei bagagozkie? Alegia, zer nolako musika merkatua zegoen orduan desberdintasun hori egin ahal izateko?
Bestea: Eta merkatuaz ez bagera ari, musika generoak termino horiekin parekatzea ez al da oker ohikoegia? Hau da, pop musikak ezinbestean komertzial eta ‘mainstream’ izan behar duela dirudi askotan; eta gurean, salbuespenak badiren arren, kontrakoa gehiagotan ez ote den gertatu… Bestela galde diezaiotela Balerdi Balerdiri edota berrikiago Elurretani…
Gorka Bereziartua:
‘The Organization’-ekoek esanen luketen bezala, modu ‘informalean’ aipatu genuen ‘mainstream’ eta ‘underground’-en teoria hori.
Helburu nagusia ez zen historizazioa, baizik eta binilo horiek entzunaraztea, garai haietan euskaraz mota horretako musika ere egiten zela oroitaraztea, perla horiekin gozatzea.
Zure tesia oso interesgarria iruditu zait. Ados nagoen ala ez erabakitzeko, datu gehiago beharko nituzke. Zenbat disko saldu zituzten poperoek eta zenbat Ez Dok Amairukoek? Zenbat kontzertu eskaini zituzten batzuek eta besteek? Zenbat jende mugitu zuten batzuek eta besteek?
Horrelakoak ikertzen hasteko astirik ez. Beraz, irtenbide dialektikoa proposatuko dizut. Tesiaren eta antitesiaren ondotik, sintesia: Ez Dok Amairuk indar gehiago eduki zuen popak baino, eta gainera gero popa ezkutatu zen.
Gorka Erostarbe:
Erabat ados. Pop komertziala aipatu behar genuen, eta ez pop-a huts-hutsean, izen lagunik gabe. Neuk ere oso gustuko ditut Balerdi-Balerdi edo Bide Ertzean bezalako taldeak. Gora euskal pop erradikala!
Besarkada bana.
Eta zergaitik sailkatu behar da garai horretako musika Pop edo Rock dikotomia horretan? Bob Dylan-en “Blowin’ in the wind” pop bezala ulertu behar da ala folk musika modura? Ipar amerikako folk tradizioan, Pete Seeger datorkit burura esaterako.
Nire susmoa da, eta susmorik besterik ez, ez baitut daturik, Ez dok amairu-ren fenomenoa ezin dela ulertu Euskal Herritik kanpo gertatzen ari zenaz eta egiten ari zen musikatik aparte. Eta musika horrek arrakasta zuela, ezaguna zela. Beste kontu bat da, frankismoaren zentsura medio, zenbaiterano ote zen musika hori popularra gure artean, Hego Euskal Herrian.
Pete Seeger – If i had a hammer
https://www.youtube.com/watch?v=mUiVKPqY6Bw
Doinu ezaguna, ezta?
Konfunditu egin naiz bideoarekin. Askoz egokiagoa zen hau jartzea:
https://www.youtube.com/watch?v=QSWQfCkduu0&feature=related