Goizean Twitterreko mezuen artean notizia, eguraldia bezain txarra, udazkenean ez dela Sautrela saiorik egongo Durangoko Azokari buruz egingo duten programa berezia salbu. Literaturari buruz Euskal Telebistan geneukan programa bakarra gabe geratu gara beraz, horrela, batere zalapartarik gabe, zizpuru batean, orain bai eta orain ez. Galdera: inori pasa al zaio burutik zer gertatuko zen, Sautrela ordez igandeko futbol saioak edo ostiraletako pilota partiduak kenduz gero?
Galdera gehiago: literaturari buruzko saiorik ez, baina artzain txakur lehiaketak ikusten segituko al dugu ETBn? Literaturari buruzko saiorik ez, baina erlijio katolikoari eskainitako programak jasaten jarraituko al dugu telebista publikoan? Literaturari buruzko saiorik ez, baina programa beraren goiz, eguerdi eta arratsaldeko errepikapenak bai? Kontua ez da berria, hori ere egia da, eta tristea da zenbaitzuen kritikak ikustea, ematen baitu egoera orain bihurtu dela kezkagarria, audientziak behera doazenean; eta ez duela, demagun, hiru, lau, bost urte, programazio arrunt eskasa edukita ere pantaila-kuotatxoa nola hala mantentzen zenean.
ETB3 genuen esperantza, aspaldi euskaraz halako eduki berritzailerik ikusi gabe: Nickdutnik, Orain, Ipupomamua, Zinematekako filmak bertsio originalean azpitituluekin… Sautrela bera ere prime timean eskaintzen hasi ziren astelehenetan, ez siestarako egokiagoa den larunbateko bazkalostean. Inuzenteak gu, pentsatzen genuen hortik etor zitekeela euskarazko telebista publikoaren berpizkundea. Baina artaziak sartu, baliabideak urritu eta marrazki bizidunen kontainer bihurtzeko bidean jarri dute EITBko xefek. Audientzia datu on bat azaltzen bada paparra puztu, hala ere; ez dadila esan jada ez ditugunik aprobetxatzen 1988 inguruan erosi genituen marrazki bizidun horiek.
Gaurko notiziarekin nik behintzat motibo bat galdu dut ETB1 ikusteko. Eta geratzen zaizkidanak ere beharbada galtzen joango naizenez, purrustada botatzea ez da kalterako. Ez dadila esan gutxienez, kexatu ez garenik.
Sautrela ere ez: zer geratzen zaigu ETB1en?
Gorka Bereziartua
18 Iruzkin
Epa! Urtarriletik aurrera 12 atal berri egingo ditu ‘Sautrela’-k. Bitartean penagarria da ETBn literatur saiorik ez egotea.
Mila esker informazioagatik Urtzi. Dena den, horrela ibiltzea da tristeena, hari batetik zintzilik beti.
Bai, tamalgarria horrela ibili beharra, baina ondo iradokitzen duzun bezala, ez ginateke konformatu beharko “gure literatur saiotxoa” salbatzearekin. Faltan nabari baititut ETBn, besteak beste, arte bisual, musika, arte eszeniko eta ikus-entzuezkoei buruzko saioak.
Seguru naiz telebistako jerifalteren batek hau irakurtzen badu barrez hasiko dela gure xalotasunaren lepotik, baina tira, horretarako gaude; horixe da komunitateari egiten diogun zerbitzua.
Erabat ados, Gorka.
Ze demontre egin beharko dugun Kalitatezko telebista publikoa izateko!!??
Atzo ‘Lokaleroak’ saioaren bost minutu ikusi nituen (ez nintzen gehiago jasateko gai izan).
Eta gaztetxeekin egingo balute? ‘Gaztetxeroak’
(jasangarri eta jasangaitz guztiekin).
Edo gizarte mugimendu edo kultur elkarte edota borondate hutsez gauzak antolatzeko biltzen diren edozelako taldeekin… ‘Dirurik ez irabazteko antolatzen diren eroak’.
Ez dut ‘Lokaleroak’ kendu behar dutenik esaten. Diot, badirela ahalegin eta baliabide berberekin askoz eduki hobeak eta etekin handiagoak ateratzeko moduko ekimenak (barka, ez naiz negozioaz ari). Ez?
Edo agian izango da inoiz ez naizela lokal bateko partaide izan eta inbidia zantarra baino ez dela nirea.
Hasier Etxeberriak jakinarazi duenez, ekainetik zekiten saioa ez zela udazkenean emitituko, baina ez dute gaur arte jakinarazi. Urtarrileko programa berrien zain geratzen gara, beraz…
Trankil denok. Dakidanez laister euskal jaietan ibiltzen diren turista batzuei egindako realitia ikusiko ahal izango dugu. Superinteresgarria.
Gaztetxeroak ya!
Tamalgarria dena, 30 urte eta gero, Euskal Herri osorako euskarazko ikus-entzunezko komunikabide bakarra ETB izatea da.
30 urtean, ez da ezer egin (edo ezer gutxi egin da) euskararen alde, aldez aurretik diru-laguntza publikoa eskatu gabe.
Merezi duguna daukagu.
Josemari, arrisku bat ikusten diot zure baieztapenari: “euskarazko hedabideak = diru-laguntza publikoen dependentzia” asoziazioa indartzen duela. Eta bai, existitzen da diru-laguntzen behar hori, baina ematen du euskarazko hedabideak direla diru-laguntzak jasotzen dituzten bakarrak. Ez da hala, are gutxiago krisi garaiotan, bankuak, enpresa handiak… denak ari dira diru publikoaz baliatzen. Baina ez diozu, berbarako, inori adituko Basque Culinary Centerreko norbaiti esaten “klaro, zuek diru-laguntzen menpe bizi zarete”, nahiz eta euskarazko edozein medio baino askoz dependenteagoa den.
Eta gainera ez zait egia iruditzen: azken 30 urteetan sortu dira Ttipi Ttapa telebista, Xaloa telebista, GoiTB edo Goierri Telebista bezalakoak, adibidez. Besterik da, diru-laguntza handiagorik gabe, zaila dela proiektuek dimentsio bat hartzea eta eskaintza zabalagoa edukitzea. Ze, proiektu militanteak beharrezkoak dira, lan boluntarioa ezinbestekoa, baina konpetentzia (erdarazko medioak) profesionala bada, eta euskaraz aritzeagatik publiko murritzagoa baldin badaukagu, zerbaitek konpentsatu behar du desoreka.
Kontuz, Gorka, desoreka konpentsatzeko kontu horrekin. Hau da, ematen du erdarazko medioek ez dutela dirulaguntzarik jasotzen… modu batera edo bestera, diru publiko mordoa jasotzen bait dute haiek ere, zeuk ere badakizunez.
Tamalgarridxe… EITB, oro har…!
Arrazoi duzu Imanol, horrek ere aparteko aipamena merezi du. Baina horretaz gain, azpimarratu nahi nuen euskaraz egiten denak laguntza publiko berezia beharko lukeela, kontuan edukita euskaldun oro elebiduna dela, espainolez/frantsesez dauden medioak kontsumi ditzakeela, eta hizkuntza horietan proiektu askoz handiagoak daudela konpetentzia egiten. Diru-laguntzarik gabe jendea ez dela hasi telebistak sortzen? Ez nago ados, sortu dira telebista lokalak. Baina gainera, horrelako baieztapenak egin aurretik, konturatzen al gara zenbateko diru-galerak eragin ditzakeen euskarazko telebista nazional bat sortzeak? Problema ez da diru-laguntzarik gabe jendea ez dela animatu. Problema da ez dela diru-laguntza partida potenterik egon horrelako proiektuak sustatzeko.
Ez duzue uste hemen beste eztabaida bat (beste bat gehiago) falta dela? Alegia, zer nolako komunikabideak nahi ditugun? Nik ez dut T5 edo A3 euskaraz nahi, ez dut El País euskaraz nahi, ez dut Le Monde nahi. Nik hemengo kultura, hemengo gizartea eta hemen kezkeetatik abiatuta eginiko komunikabideak nahi ditut.
Noiz lortuko dugu euskara jakin baina euskal komunikabideetara iristen ez den jende hori erakartzea? DVri konpetentzia egiten?? T5ri?? Jai dugu.
Eta bitartean euskal kultura arrotz euskal egunkarian??
Hor duzue beste gai bat…
Josemariri esango nioke hor dagoela Hamaika telebista, oso eskaintza duina diru gutxirekin eginaz. Kexu gutxiago ta gehiago ikusi Hamaika.
don´t hate the media,
become the media
LAgunok, adiskideok… politikari hauekin ez dago zer eginik.
Guk geuk egin behar dugu etorkizuneko euskarazko telebista librea.
Beranduegi izan baino lehen.
Irakurleak batu, bideoak igorri, ikusentzunezko fantzine kulturalak sortu, copyleft edukiak sustatu, irakurketa atsegingarri egin, eta ez pedante…
Kultura librea maite dugunok eraiki ditzakegu alternatibak… irrati libreetako kanalak erabili, gaztetxeetako poesia errezitalak grabatu, musikariak gonbidatu, hitzen uberak sustatu…
mila aukera alternatibo daude, alternatiboa izatea ez baita converse batzuk izan eta ilea beste modu batean orraztean…
euskarazko telebista libre eta parte hartzailea posible da, eta ez du psoek egingo, ez peneuvek, ez bilduk, ez amaiurrek ez inork… hori ziur izan.
Internetek sekulako aukera ematen dizkigu horretarako… protestatzeko beste.
Etb-1ko arazoa hasieratik datorrela esango nuke, baina denborarekin okerrera egin duela. Kointainer hutsa izan da beti: pilota, kirola, dantza-solte txapelketak (eta oraindik ez dute oinetako planorik egiten ikasi!), ardi-txakur lehiaketak, jota lehiaketa, pastoralak, errepikapenak,…eta Goenkale, beti Goenkale!
Fikziozko tele-sail batzuk ere egin ziren, arrakasta izan zutenak, baina errepikatzearen poderioz, higuindu egin gaituzte.
Teleberriak ere laburragoak eta eskasaoak dira euskarazkoak, esango nuke argi gutxiago ere erabiltzen dutela platoan! Dena hondarrekin eginda balego moduan: 4 neba-arrebatan gazteena, besteen arropak erabili behar duenenaren antzera, sekula ezer berririk estreinatu ezinda.
Askok dirua eta finantziazioa aipatuko dituzte, baina hor dugu Hamaika telebista, askoz diru eta baliabide gutxiagorekin oso produktu duina egiten ari dena. Beraz, diru kontua ere ezta.
Nire ustez, arazo nagusia da euskal gizarteari bizkarra emanda daudela, ikusten dutena sarritan bat ez datorrelako eurek pentsatzen dutenarekin.
Beste alde batetik umetu ere egin gura gaituzte, edo tenteldu, larregi pentsa eta iritzirik izan ez dezagun. Baina, tira, hori beste telebista generalisten helburua ere badenez…
Logotipoaren irudia dela eta. Nago ETB1eko “1” zirkulu gorri horrek ez ote duen “prohibido el paso” edo blokeoa irudikatzen. 90 gradu biratuta aski da trafiko seinalea ikusteko. Horixe, moztu, blokeatu, edota beharrezko diren ikus-entzunezko lanak eten…
[…] Udazkenean ere kontu honekin bueltaka ibili ginen, sosegatuago, akaso. Etiketak: eitb, etb, etb1, sautrela zabaldu bildu del.icio.us facebook […]