Gomendioen sail hau gaur bukatuko da eta aurtengo liburu eta disko ferian ondo mugitu diren (mundua seko erotu ez bada, ondo mugitu behar zuten) pare bat lan ekarri ditugu. Baina motz geratu garen sentsazioa daukagu eta, egunero idazten aritu garen paragrafo parearen atzetik, tweet formatuan gauza gehiago gehitzeko probestu dugu. Oporrak eskatu beharko dira denak irakurri eta entzuteko…
Diskoa: Animalia lotsatuen putzua, Lisabö.
“Argi dagoena zera da: egunen batean pentsatzen badugu ez dugula gaindituko aurretik grabatutakoa, orduan, utzi egingo dugula, beti kanta bera jotzen aritzea ez baita itxurosoa”. Lisabö taldeak 2002an La Factoría del Ritmori emandako elkarrizketan gauzak oso argi zeuzkan, bide berriak urratzea da inportanteena, ez X urtero disko berriak publikatzea. Tarte handiak hartzen dituzte diskotik diskora, baina estudiora iristen direnean zimenduak dardarka jartzeko izaten da. Ez dut Irungo taldearen azken lana entzun, baina aurreneko kritikak eta komentarioak irakurri, eta taldea ezagututa, ez dut eskapatzen uzteko asmorik.
Liburua: Twist, Harkaitz Cano.
Antzekoa esan liteke Harkaitz Canori buruz: sei urte pasa dira Neguko zirkua ipuin liburua argitaratu zuenetik eta isil antzean egon da geroztik; tira, esateko modu bat da, Zinea eta literatura. Begiaren ajeak saiakera, Piztia otzanak nobela grafikoa, gurean publikatutako Hipotesiak gordinkeriaz, ziento bat artikulu, hitzaldi, irratian egindako kolaborazio… Baina nobela berri baten irrika genuen, gauza jakina zen bazebilela 1980ko hamarkadan girotutako istorio batekin. Eta iritsi da. Soto eta Zeberioren istorioa da, Lasa eta Zabalaren trasuntuak, bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazitako bi lagun, eta hirugarren adiskide bat, Diego Lazkano idazlea, geroztik lagunei gertatutakoa burutik uxatu ezinda dabilena. Berriz ere komentarioez fidatuko naiz, Canoren nobela onena dela esaten duenik bai baitago jada.
Eta bonus track modura…
• Estankona, Borja Estankona: pop disko zaindua Arean taldeko abeslari eta gitarra-jotzaileak bakarka atera duen aurrenekoa, gardentasuna eta abstrakzioa, neurri zehatzetan banatua. Irakurri (nahi baduzu noski!) ARGIAn egin genion elkarrizketa.
• Egarri egunak portualdean, Koldo Izagirre: 1977ko gazteen inkonformismoa, prosa inkonformistan. Nobela laburra da orri kopuruan, baina geruza ugariko istorioari esker berrirakurketa asko eskainiko ditu. Blog honetan duela gutxi izan genuen mintzagai.
• Haria, Berri Txarrak: eboluzionatzen jarraitzen du Gorka Urbizu buru duen taldeak. Aspaldiko pasarte bortitzenak ditu disko berriak; kontrastean, alderdi melodikoa ere inoiz baino argiago erakutsi dute. Duela aste batzuk hitz egin genuen beraiekin.
• Azken garaipena, Iban Zaldua eta Julen Ribas: Naziek II. Mundu Gerra irabazi dute eta 2052ko Berlinen gaude; polizia hilketa misteriotsu batzuk ikertzen ari da. Abiapuntu interesgarria du komiki honek, ez esan ezetz.
• Montoiaren mundu miresgarria, Xabier Montoia: instrumentazio gutxi, apenas txelo bat, gitarra klasikoa, teklatua eta ahotsa; ez da gehiago behar kantak onak direnean. Eta disko honetakoak badira. Montoiak berak azaldu zizkigun diskoaren barne-bideak joan den astean.
• Hilabete bat Montalbanorekin, Andrea Camilleri: Igela argitaletxearen itzulpenak beti dira oparia irakurlearentzat. Aurten publikatu dituztenetatik edozeinek merezi du, ziurrenik, baina bat hartzekotan, Montalbanoren 30 kasu biltzen dituen hau, pertsonaiaren munduan murgiltzeko egokia oso.
PS: Gomendiorik egin nahiko bazenute, hor behean erantzunen leiho bat dagoela gogorarazten dizuet. Denak eskertuko dira bihotzez (diruz ez, oraingoz behintzat).
1 Iruzkin
Nik beste disko bat gomendatuko dizuet. Norte Apache rap taldearen Quilombo. Bizkaitarren bigarren lana da honakoa baina lehen diskoarekin alderatuta kalitatean gora egin dute nabarmen. Kanten baseak gitarra pixutsuz batzuetan, pop kutsuko melodiaz bestetan, oso onak dira.
Bilbo eta ezkerraldeatik datozen lagun hauek gizartearen kritika dakarkigute hitzetan, euskaraz. Miren Amuriza eta Aiora Renteriaren (Zea Mays) laguntza izan dute gainera zenbait kantutan.
MusikHerria herri disketxearen zigilupean argitaratu dute lan berria.
Portzierto, zuzenean giro bikaina jartzen dute, publikoa parte hartzera bultzatuz.