Xorak asmatu du Jinkoak sortzen… eta desegiten

Gorka Bereziartua
3

Jef Goihenexpe, Xora filmeko protagonista, errodajean

Pelikula zubereraz grabatu dute eta berezitasun hori azpimarratu dugu kazetariok estreinatu aurretik Xorari buruz hitz egitean, horrelakorik egiten den lehenbiziko aldia delako, baina behin filma bukatu eta ikusgai egongo den honetan, ez dut uste bidezkoa denik ezaugarri horrekin tematzea, Peio Cachenautek zuzendutako lanaren alderdi esanguratsuenez ahaztea litzateke eta. Idaztearen eta bulegoko lan arrunta edukitzearen artean erabaki beharrean den gaztea (Jef Goihenexpe) da protagonista eta haren osabak, “Hollywood” ezizenena daukan idazleak (Titika Rekalt), ematen dio kontrapuntua.
Rekalten pertsonaiak berak iradokitzen du hasiera-hasieratik, beharbada, ez gaudela %100 klabe errealistan ikusi behar den istorio baten aurrean: cowboy baten modura doa jantzita, ezkerreko begia piraten antzera estalita; eta ilobarekin dauzkan elkarrizketetatik halako misterio giro bat zabaltzen hasiko da. Baina gainontzean, denak normala dirudi. Tempo lasaiak eta plano luzeek ere hori eman dezakete aditzera, nahiz eta baden film osoa hartzen duen tentsio zehazgabe bat, ezinegon bat; pertsonalki, Twin peaks hein batean gogora ekarri didan atmosfera —hain zuzen David Lynch aipatu zuen Cachenautek, filmaren errodajeari buruz Mikel Asurmendik egin erreportajean—. Musikaren erabilera egokiak eta nondik datorren ez dakigun off-eko ahotsak laguntzen dute giro hori sortzen.
Osagarri onak dira, gainera, protagonistak gradualki biziko duen noraeza janzteko. Neska-lagunarekin, adiskideekin edo bulegoko nagusiarekin hizketan ikusiko dugu, eta idazten; eta istorioak aurrera egin ahala geroz eta galduago egongo da, geroz eta bakartuago, horren kausa zein den ez dakigun arren. Inguruan jazoko diren gertakari lazgarriek, osabak idatzitako nobela lodi batek istorioan hartuko duen garrantziak eta atzetik dabilkion beltzez jantzitako tipoak, are misteriotsuago bihurtuko dute dena.
Pasarte batzuetan ikuslea apur bat gal daiteke apika, istorioak errealismoa puskatu gabe arrakalatu egiten baitu handik eta hemendik; ez du kontakizun fantastiko izaterainoko pausoa ematen, baina mugan dabil etengabe. Eta fikzio mailen arteko jolasa ere planteatzen du, kontua apur bat gehiago kiribiltzeko. Tematika aldetik, hainbat bikoiztasunen artean eraikitako filma da Xora: errealitatea/fantasia, bizitza/heriotza, idazle bizimodua/soldatapeko lana… Gai klasikoak, unibertsalak, baina orain arte inoiz zinemaratu ez zen testuingurutik kontatuak.
Ulertuko duzue, orain artekoa esanda, zergatik idatzi dudan testu honen lehenbiziko esaldia. Xorak kontuan hartzeko moduko apustua dauka atzean eta esango nuke egileek asmatu dutela Jainkoak sortzen… eta desegiten.
Filmaren trailerra duzue behean:

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA