Biziko al zinateke tunelean?

Gorka Bereziartua
0

Dark Days filmean elkarrizketatutako pertsonetako bat

Den-den-dena hankaz gora joango balitz ere –probablea, ekonomiaren gobernariak hartzen ari diren erabakiekin–, beti legoke aukeraren bat bizirauteko. Hori darabilkit buruan Marc Singerren Dark days dokumentala ikusi dudanetik. 1999an izan zuen Singerrek filmeko protagonisten berri, esan ziotenean bazegoela New Yorken leku bat lur azpian, Freedom Tunnel, eta han ez zela hain gogorra dirurik, etxerik, jabetzarik gabe bizitzea, homeless bat izatea, alegia. Metroko tunelen abaroan lagun batzuk bizi omen ziren eta beren erara, antolatutako komunitatea osatzen zuten; bizimodu lasaiagoa ei zeukaten itzalpe horretan, kaleko eguzkitan baino.
Zer egingo Singerrek eta giza-sator horiekin bizitzera joango da, hilabeteak pasako ditu lurpean eta, lehenago pelikularik egin ez duen arren, kamera hartu eta bestelako New York hori kontatzeko asmoz dokumentala grabatzeari ekingo dio. Zuri-beltzezko pieza harrigarria aterako zaio. Harrigarria, abiapuntuak kontrakoa pentsarazi badezake ere, pelikulako protagonisten egunerokoa ez baita goiko mundukoen oso diferentea, dirua irabazteko lan egin behar dute, janaria prestatzen ikusiko ditugu, etxea garbitzen, lagunartean… Diferentea ez da zer egiten duten, nola egiten duten baizik: zaborretara botatako gauzak salduz ateratzen du batek dirua, zaborretatik berreskuratutakoarekin prestatzen du jatena besteak, handik eta hemendik bildutako materialekin egindako etxeetan bizi dira denak eta, tira, baten batek crack-a erretzen du adiskideekin elkartzean. Baina hizketan entzuten dituzu eta zuretik hain urrun dagoen muturreko bizimodu hori hurbileko egiten zaizkizu. Horretarako landu duen ikuspuntua da ziurrenik dokumentalaren lorpenik handiena, ez baitu bilatzen tuneleko biztanleenganako errukirik sentiaraztea.
Eta bai, arratoi gizenak daude zabor artean janari bila; protagonistek zakurrak baldin badauzkate, horiek ehizatzeko da. Bai, hodi zartatu batek botatzen duen ur hotzarekin dutxatzen ikusiko dugu pertsona bat. Bai, zaborretan eguneko donut batzuk aurkitu dituztelako izugarri poztuko dira protagonistak. Baietz, noski, ez nintzateke inoiz horrelako baldintzetan biziko, aukeratzerik izango banu. Baina gauzak nola dauden ikusirik, aukeratzeko posibilitateak geroz eta mehar, ilun eta laburragoak direla kontuan hartuta, ez da txarra jabetzea baldintza putapenagarrienetan ere, komunitate zentzuari eutsiz gero, bizitzen segi daitekeela.
(Gainera ez dugu –hala espero dut behintzat– estoldetara bizitzera joan beharko, ezta?).
Behean duzue filma osorik, denbora pixka bat izanez gero, merezi du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA