Kristalezko kutxa batean, eskuak lotuta eta biluzik dago Jose K. ekintzailea –uler bedi “ekintzaile” Elhuyar hiztegiak ematen duen frantsesezko itzulpenean, militantea edo aktibista, alegia; inola ere ez espainolezkoan, “emprendedor” gorrotagarri hori–. Presidenteak hitz egin behar duen plazan bonba jarri du, denbora gutxi falta da lehertzeko. Baina atxilotu dute eta tortura erabiliz atera nahi diote lehergailua non dagoen. Komisarietako praktika higuingarri horretaz dihardu antzezlanak, baina harago ere joan nahi du, agintari kapitalisten hipokrisia salatu nahian.
dFerian estreinatu zuten Jose K. torturado martxoaren 14an. Javier Ortiz zenaren testu batean oinarrituta dago, Studio Teatrorena da ekoizpena, Carles Alfarok egin ditu testuaren bertsioa eta dramaturgia; eta Pedro Casablanc aktoreak hartzen du protagonismo guztia –ordubete baino gehiagoko bakarrizketa da–. Obrak bi galdera nagusi planteatzen ditu, estatuaren indarkeriaren zilegitasuna, batetik; eta pertsona batek zenbaterainoko oinazea jasan dezakeen bere ideien alde borrokatzeagatik. Lehenbizikoaren haritik indarkeria “terrorista” parez pare jartzen du sistemarenarekin eta azken hori askoz ere suntsitzaileagotzat jotzen du protagonistak. Bigarren galderak tentsioan ipintzen ditu dimentsio indibiduala eta ideal kolektiboengatik ordain daitekeen prezioa.
Tematikak Albert Camusen Les justes antzezlana ekarri dit gogora, baina konparazioan Jose K. torturado, muntaia honetan behintzat, galtzen ateratzen da, militanteak bere hautuak justifikatzeko esplikazio gehiegi ematen dituelako nire ustez. Behin pertsonaiaren motibazioak argi geratu direnean ere, tematu egiten da Mendebaldearen aurkako diskurtsoan; eta horrek obraren parte bati panfleto kutsua ematen dio. Ez dut jatorrizko testua irakurri, baina Antzoki Zaharretik ateratzean lagun batek esan zidanez, gauza dezente gehitu dizkiote. Ortizenak ez omen zeukan diskurtso politiko baten hainbesteko antzik. Nik ikusi dudanak bai ordea, eta alferrik luzatzeaz gain, ez dio onik egiten istorioaren gainontzeko hariei.
Bestela ondo, dena den: aktorearen lanak ez dauka tatxarik, modu sinesgarrian antzezten du Jose K. torturatua, pixkanaka lurrunak hartzen duen kristalaren barruan. Meritu handiko interpretazioa, kontuan izanda denbora guztian ikusleei bizkarra emanda dagoela, mugitzeko ia aukerarik gabe; baina taula gaineko argi-jokoei eta aktorearen aurpegia erakusten duen pantailari esker, obra erraz doa aurrera. Aparte, testu hori guztia kaskotik mihira segidan eramatea, mnemoteknia ariketa itzela iruditzen zait eta obra planteatuta dagoen modua, fisikoki oso exigentea. Casablanc-ek proba gainditzen du, ordea.
Pena, testuaren lasto-su hori…
Diskurtsoan galdu da Jose K. torturatuaren giza-dimentsioa
Gorka Bereziartua
1 Iruzkin
[…] Carlos Gil en Gara.Sandra Toral entrevistada en Irutxuloko Hitza. Por Nerea Lizarralde. En euskara.Diskurtsoan galdu du Jose K torturatuaren giza dimentsioa. Gorka Bereziartua. Argia. En euskara.Torturari buruzko hausnarketa. Berria egunkaria. En […]