Liburuak, institutuko jende guaya bezala, ezkutatu egiten dira urteekin norbere biografiako traste zaharretan; eta inor ez da akordatzen, ez du akordatu nahi, are, lotsa ematen dio akordatzea nola ibili zen txoratu beharrean gaur ikusiz gero aurpegia itzuliko liokeen horren atzetik. Bai, aitortzen dut, nik ere leitu nuen The Pillars of The Earth baina orain arte ez nuen batere premiarik sentitu inori kontatzeko. Eta ez dut uste orain liburu hori irakurtzen ari direnek denbora baten buruan oso harro aldarrikatuko dutenik –nahiz eta Twitterren “Los pilares de la tierra” bilatuta ustea zalantzan jarri zaidan; glups!–. Dena den, hemendik 100 edo 200 urtera inork ez du Ken Follett gogoan izango Gasteizeko eskultura komikoarengatik ez bada. Literaturaren historian agertzeko arau batzuk bete behar baitira (danbor-erredoblea): Etorkizun Literarioa Ziurtatzeko Arauak.
Urrezko erregelarik ez dagoela esatea litzateke zentzuzkoena, baina orduan ez geneukake justifikaziorik beste ez-dakit-zenbat paragrafotan lata emateko, beraz demagun badela zuen artean inor, sinesten duena literatur sariek zerbaitetarako balio dutela. Zerbait hori ez da ba liburu sarituaren etorkizuna ziurtatzea. Bota begiratu bat Kritikoaren Sarien zerrendan 1980ko hamarkadako liburuei. Zenbat ezagutzen dituzu 14 horietatik? Horixe ba.
Atzerriko liburuentzat balio duen arau bat, honakoa: “Egin dezatela film bat liburuan oinarrituta: mundu guztiak esango du liburua hobea dela”. Euskal liburuekin ez da araua betetzen, ez egokitzapen filmikoak hobeak direlako liburuak baino, kontrakoarengatik baizik: egin diren –nork esan du kometitu?– filmak oro har hain txarrak izanik, liburuak irakurtzeko gogo guztiak kentzen dituzte.
“Kafkiarra”, “borgestarra”… idazle baten izena adjektibo bihurtzeak etorkizuna ziurta dezake, esan nahi baitu leku bat egin duela jendearen imaginario sinbolikoan. Arau honen aldaera beldurgarrienak adjektiboa klixe bihurtzean ikusten dira –errepika dezagun ariketa: bilatu “kafkaesque” Twitterren eta hasi negarrez ziminoen planetan Askatasun Anderea aurkitu berri duen Charlton Heston bezala–.
Funtsean, kontua ez da jende askok zu irakurtzea, irakurtzen zaituztenak nor diren baizik. Zure jarraitzaile apur horien artean asko idazleak al dira? Ondo! Haien liburuetan zure izena agertzea posiblea da, inspirazio iturri, itsasargi literario, gainditu nahi eta ezin duten langa gisa. Kabroi horiek zuk baino irakurle gehiago izango dituzte apika, baina batere konturatu gabe zure izena eternitatean izkiriatzen ari dira.
Eta historiak Ken Follett ahaztuko duela esan dugun arren, eta salduenen zerrendako askori antzeko patua desio diegun arren, best-sellerrak idazten dituztenek iraungo ez dutela bezain ziurra da iraun nahi dutenek hobe dutela gutxienez best-seller bat idaztea. Ze, aurreko paragrafokoa betetzen bada ere, jai daukazu zure obrak batere saltzen ez zirelako berriz publikatu nahi ez badituzte.
Bukatu aurretik, inkesta informal bat abiatu nahi nuke: zein euskarazko liburu uste duzue irakurriko dela oraindik 2112an? Jarri erantzunak behean, otoi. Asmatzen duenak sugus poltsa bat jasoko du nire birbiloben eskutik (utziko diot notarioari oharra, lasai, ez zaie ahaztuko, nire kontu).
9 Iruzkin
Nik ez dut zalantzarik: Pottokoren usainak.
Golosinak nire birbilobentzat!!(nik ere utziko diet errekadua, eta zu ere lasai, ez baitzaie ahaztuko)
(nik uste batik bat pasarte aukeratuak irakurriko direla; adibidez, obra hauenak)
linguae vasconum primitiae
gero
garoa
biotz begietan
harri eta herri
100 metro
obabakoak
hnuy illa…
twist
Post ederra! Eta ia guztiarekin ados nago. Hala ere, esan duzunaren kontrakoa ere gertatzen da hainbat libururekin, ederrak izan arren ezkutatuta geratzen direla, inork ez daki zergatik, gure apaletako trasteen artean. Makinatxo bat dago horrela euskal literaturaren zerrenda laburrean.
Era berean, ezin dut posturarik egin; agian 2112an liburu irakurlerik ez delako izango, edota sugusik ez delako fabrikatuko 🙁
A! Eta 80. hamarkadako narratibako liburu horiek ia guztiak irakurrita ditut, baita poesiako baten bat ere. Irakurri eta batzuk akorduan. Bat oso maitatua dut, gainera. Adin kontua da, seguru!
Euskaraz sortutakoetatik ez dakit, baina euskaratuetatik dudarik gabe salbatuko dena Ford Madox Ford-en Historiarik goibelena da, zeinaren 2. argitalpena, @boligorria eta @ororostorm tuit-eroen aurtengo maiatzeko kanpainari esker, laster hasi beharko baitugu prestatzen, nire lagun tuit-zale xalo eta twitter-en sinesmen osoa duen baten arabera.
To nire porra!
Lan klasikoak alde batera utzita, eta azken 40 urteotara mugatuta, hona hamarkada bakoitzeko (edo) ale bana:
– 100 metro
– Obabakoak
– SPrako Tranbia
– Twist
Mekauen! Guztiak ere saridunak! No fotis! Ea sariak ez diren hain makurrak??? 😉
100 metro, Obabakoak eta Twist bitan atera dira… Ba hona nire iritzia: Obabakoak-ek orain pentsa dezakeguna baino zahartzaro txarragoa izango duela uste dut. Eta 100 metro baino, nahiago nuke Hamaika Pauso geratuko balitz…
Ba ni gusturago nengoke Etiopia irakurriko balitz Obabakoak baino. Eta bai, 100 metro irakurtzen jarraituko da. Guero ere preziatua izango da euskararen irakaskuntzan. Eta Gartzelako poemak zein Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak ere sarri -ja! ze txiste ona- irakurriko dira.
Bestalde, 2005 urrun hartan egin nuen liburu zerrenda -ustez- graziosilloa. Hemen: http://www.blogak.com/jozulin/irla-bakartirako-liburuak
Denborak aurrera egin ahala, lanak baino gehiago idazleak geratzen dira, beharbada (edo hori da nire ustea). Shakespeare, Woolf, Faulkner eta Borges aipatzen ditugu, barra-barra, eta ez horrenbeste euren lan jakin bat.
Obabakoak ala Etiopia? 100 metro ala Hamaika pauso?
Ez dakit. Garaiko tendentzia literarioak ere aginduko du; edo irakurketa-formatuak; edo testuen luzeerak. Baina Saizarbitoria hor egongo da.
Urte jakin batean euskal liburu irakurrienak zein izanen diren institutu eta euskaltegietako euskara irakasleek erabakitzen dutenez gero, eta horiek, oro har, unibertsitateko karrera bukatu ondoren ez dutenez euskal literaturaren nobedadeak jarraitzeko ohiturarik:
Otto Pette (1994ko promozioko irakasleek)
Soinujolearen Semea (2003 aldekoek)
Hamaseigarrenean aidanez (jubilatzekotan daudenek).
Belarraren Ahoa (2004): Nik honen alde eginen nuke apustu. Laburra, irakurtzeko erraza, eta Harkaitz Canok idatzia.
Twist ez. Orrialde asko, hitz arraro gehiegirekin.