Halako batean iragarriko duten Espainiaren erreskatea zera da, lagunari katua utzi zion horren istorioaren oso antzekoa. Badakizue nola den: Mikel oporretara doa eta katua kolega bati uzten dio zaindu dezan. Josuk, hori baita kolegaren izena, hurrengo egunean bertan etxeko hautsak xurgagailuarekin garbitzen ari dela, pitxitxi gaixoa aurretik eramango du eta ez da egongo modurik zakar poltsatik ateratzean animaliaren zazpi bizietako bakar bat ere berreskuratzeko.
E-maila idazten hasiko da orduan, dena esplikatu nahian. “Aupa Mikel” hasiko da, baina egia kontatzeak ezinegon handiegia eragingo dio eta ezer ez esatea erabakiko du, momentuz. “Zer moduz hondartzan? Hi bizi haiz hi! Katuarekin primeran ari nauk moldatzen”.
Josuk plan bat dauka: pixkanaka kontatuko dio asuntoa Mikeli, hartara notiziak ez dio hainbesteko shocka eragingo. “Aupa Mikel: katuarekin primeran nabilek, baina gaur motel samar antzeman diat” idatziko dio astelehenean. “Aupa Mikel: a ze alfer puska den hire maskota. Egun guztia sofan zurrungaka!”, asteartean. “Aupa Mikel: aizak, kezkatzen hasi nauk, gaur katuak jateko ere ez dik mugitu nahi izan, normala al duk hori?” asteazkenean.
Mezu hori irakurrita, Mikelek gomendio batzuk bidaliko dizkio, pentsua esnearekin nahasteko eta abar. Ostegunerako Josuk bira dramatikoa emango du. “Mikel, oso mantso ari duk katua arnasa hartzen, ez zekiat, igual albaitariarenera eramango diat, ezta?”. Mikelek baietz eta itzultzeko hegazkin txartelak hartzera doala, ostiralerako etxean dela bueltan, zaintzeko ondo bitartean. “Eutsi pitxitxi!” esan du bere baitarako, Josuri erantzuna bidali bezain pronto. Jokaldia egina dago ordea: albaitariarengana doa Josu, zomorroa klinikara hilda iritsi dela zertifikatuko diote eta Mikel bueltan denerako ondo entseatuta edukiko du luto aurpegia. “Ezin izan dute ezer egin” esango dio, besarkatzearekin batera.
Orain kendu katua eta jarri Espainia. Kendu heriotza eta jarri erreskatea. Kendu Josu eta jarri Europako eta Espainiako agintariak. Eta kendu Mikel eta jarri herritarrak. Voilà, zer egiten ari diren azken hilabeteotan interbentzioari buruzko informazioarekin: pixkanaka kontatzen ari zaizkigu, kolpean gogorregia litzatekeena. Eta euren erantzukizuna ezkutatzen ari dira. Katua hilda baitzegoen hasieratik eta Espainiak denbora darama interbenituta.