Zergatik atzeratu zen hainbeste Martuteneren argitalpena

Gorka Bereziartua
4

Ramon Saizarbitoria (argazkia: Dani Blanco)

Ramon Saizarbitoriarekin hitz egin genuen uztail amaieran Martuteneri buruz —aste honetako ARGIAn publikatuko da elkarrizketa—; baina nobelak hari ugari eskaintzen ditu eta bestelako kontuak ere atera dira. Asko ez dira maketan sartu, adibidez, noiztik zegoen nobela idatzita eta zergatik atzeratu den argitalpena.
Jarraian irakur dezakezue Saizarbitoriak gai horri buruz azaldutakoa.
Aspaldi samarretik genuen nobela honen berri, 2007tik edo 2008tik…
Lehenago, lehenago ere bai…
… noiztik dago nobela bukatuta?
Neroni ere harrituta geratzen naiz ordenagailuan begiratzean. Asunto honekin ordenagailu bat izorratu nuen eta beraz artxibo zaharrak ez dauzkat, baina bai paperen batzuk. 2005eko paperak badira gutxienez, seguru.
Esango nuke istorioa sinpleagoa zela hasieran: plano bakarra zeukan, Abaituarena. Abaitua-Pilar-Lynn hirukotea. Ez dakidana da zergatik sartu nuen beste bikotea. Izan liteke segurtasun falta, beti iruditzen zait ez dudala gai aski izango; uste dut hori askori gertatzen zaigula eta ez da ona. Ehun metro ere zerbait konplexuagoaren parte zen, ez dakit zerena, eta atal hura atera nuen. Hemen berriz, atal hori banuen hasieratik, asko idatzi nuen lehen pertsonan Abaituaren ikuspegitik, asko, 200 orri agian. Gero hasi nintzen bestearekin eta arazoa izan zen biak nola uztartu; hor igual galdu nuen urtebete.
Emango nituen, nik uste, bederatzi urte edo… Eta gero nobela erabat idatzita urte eta erdi bazeraman. Kentzen ahalegindu nintzen eta kendu nuen. Gehiegi ere bai, guraizea joan egin zitzaidan —hori e-bookean konpondu dut, pasartetxo bat gehitu dut, Lynnen antidepresiboekin lotua—.
Eta gertatzen da —hori atxikitzen diot Martini— behin nobela daukazula konturatzen zarenean, has zaitezkeela idazle sentitzen eta gustura zaudela hor bueltaka; eta argitaratzeko kezkak baldin badauzkazu, egon zintezke… denbora asko. Gustatzen zait fase hori, esango nuke gehien gustatzen zaidana dela.

4 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA