Iraganak zamatuta, Gadu zaharra asteroide batean bakarturik bizi da Dani Fanoren Anubis 3.0 komikian. Robot bat du lagun eta hark albumari titulua ematen dion Anubis 3.0 makina aurkitzean izango dugu protagonistaren iraganaren berri. Duela urte pare bat argitaratu zuen TeleATOI: Kalabaza Haluzinogenoak bezala, zientzia-fikziozkoa da komikigile donostiarraren obra berria.
Egitura narratiboa nahiko sinplea da (seguruenik Xabiroi aldizkarian atalka argitaratu izanak eraginda): Anubis 3.0 tresnak gizakien arima pisatzeko balio zuela esplikatu ostean, Gaduk kontatuko du nola aberatsek erosi zituzten Montserrat Caballéren pisuko arimaren jabe egiten zituzten agiriak, barrutik eulia pisatu ez arren, kontu espiritualetan ere goi-mailakoak zirela erakusteko.
Hortik aurrera, bost flash-back, arima arineko eta patrika astuneko beste horrenbeste pertsonaiaren istorioak. Apur bat errepikakorra egin zait kontakizun bakoitzaren bukaerak daukan justizia poetikozko zentzua. Gainontzean, albumaren estetika nabarmenduko nuke erakargarria baita oso; apokalipsi ostekoa dirudien munduan sartzen zaitu ia aurreneko binetatik. Etorkizunean kokatu arren, Dani Fano gure garaiaz ari da: bankuen gupida faltaz, hedabidetako tertulietan hitz egiten duten faxistez, soldata baxuko langileen esplotazioaz.
Bitxikerien atalerako, Ronaldo gizenak –Barçan, Interren eta Real Madriden jokatu zuena, ez Cristiano– Burger Kingen publizitatea daraman elastikoarekin istorioan egiten duen agerpentxoa. Atzera salto eginda kontatutako istorio bakoitzak, garapen luzeagoarekin, eman zezakeen komiki indibidual gisa argitaratzeko ere nire ustez; gehiago irakurtzeko gogoz uzten zaitu.
Jakinminez geratu zarela? Anubis 3.0ri buruz Fanok prestatu duen bloga bisitatzea gomendatzen dizut. Edo bestela, berari zuzenean galdetzea: Durangoko Azokan topatuko duzu abenduaren 6an eta 8an.
PS: TeleATOI… argitaratu zenean Jon Tornerrek Fanori egin elkarrizketa ere biziki gomendatzen dizu blogari honek.