Euskadi Sarietako finalistak: apustuak egin nahi badituzue, hona datu objektibo bat

Gorka Bereziartua
11

Euzkadi'k bear zaitu!
Euzkadi'k bear zaitu!

E-postara iritsi berri zaizkit aurtengo Euskadi Sarietan finalista izango diren sei liburuak: Zinea eta literatura (Harkaitz Cano), Gertakarien urtzea (Luis Garde), T (tragediaren poza) (Juanjo Olasagarre), Egunsentiaren esku izoztuak (Xabier Lete), Zoaz infernura, laztana (Anjel Lertxundi) eta last but not least, Bilbao-New York-Bilbao (Kirmen Uribe). Has gaitezke paramenak egiten, prentsa oharrak dioenez “datorren asteetan”  (“datozen” egokiago litzateke, baina tira, euskaraz da, así que no te esmeres…) jakingo baitugu nork merezi duen Euskadi.

Niri ordea, beste kontu batek jo dit begian, epaimahaiaren osaerak: Maite González Esnal da epaimahaiburu, Marta Merino idazkari; eta gainontzeko deliberatzaileak dira Maite Toledo, Ivan Igartua, Gorka Aulestia eta Jon Kortazar. Azken izen hori irakurrita zeraz gogoratu naiz: Kortazar bera bazegoela berriki Espainiako Narratiba Saria erabaki duten jujeen artean. Eta, pixka bat atzerago joanda, jabetu naiz bera izan zela (urtero legez) Kritika Saria aukeratu zuena ere. Biak, jakina denez, Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbaorentzat izan dira.
Datu objektibo hori oso kontuan hartzekoa iruditzen zait: lagunekin irabazleari buruzko posturak egitean probabilitatea oso garrantzitsua baita, sosak barra-barra galdu nahi ez badira. Irabaziko ote du Uribek Euskadi Saria? Literaturaz apustuak egiteko Kirol Jokoaren antzeko makinarik balego, nik ez nuke dudarik egingo.
Eguneraketa (2009-10-16, 19:08):
Literatur apustuak egin zale den lagun batekin hitz egin dut oraintxe, eta nire probabilitate-logikarena baino modu sinpleagoan, silogismo baten bidez, garbi ikusi du irabazlea nor izango den. Ze, kontuan izanda:
A) Bilbao-New York-Bilbao dela 2009an Espainiako Estatuan idatzi den libururik onena.
B) Gainontzeko hautagai guztiak ere Espainiako Estatukoak direla.
Garbi geratzen da…
C) Espainiako Estatuko libururik onena ezin dela lurralde horren barruan dagoen beste edozein liburu baino txarragoa izan.
Logika, aizue, zein argigarria den batzuetan.

11 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA