Durangon outsider plantak eginez erosteko bi proposamen

Gorka Bereziartua
0

Kritikatzen dugu Durangoren harira gure kultur mundutxoan gailentzen den farandula-giroa, baina azkenean jai daukazula, plan hoberik ez, aspaldiko lagunarekin geratu zarela, nola ez dakizu baina han tokatu eta Landakon atzera-aurrera bukatuko duzu –zergatik idazten ote dut pluraleko lehen pertsonan edo singularreko bigarrenean?–.
Sasi-erradikal hiper-kultureta chic izateak hori du problema: Azokan egon, baina egon nahi ez duenaren plantak egiteko, ezin duzula Toti Martinez de Lezearen azkena besapean eraman*, integratuegia egongo zinateke rollo azokeroan. Eta zuk norbaitekin topo eginez gero, lasai-lasai atera nahi duzu delako liburu/diskoa poltsatik, keinu aspertuz zera esan bitartean: “Azkenean hau hartu dut. Salbatzen den ia bakarra, egia esan; hau urtetik urtera dekadenteagoa da”.
Outsider plantak egitea atsegin baduzu, aurtengo nire gomendioak hauek dira (blog honek ARGIA osoak bezala CC-by-sa lizentzia daukanez, hemen beheko testua lasai erabil dezakezu Plateruenan izango dituzun tertulietan):
Jon Alonso, Zintzoen saldoan (Txalaparta).

‘Zintzoen saldoan’ nobelarekin itzuli da Jon Alonso.

Ia hamar urte nobelarik argitaratu gabe, gose ginen: bueltan da Jon Alonso, Camembert helburuko protagonista zen Enekoitz Ramirezen ibilera berriak kontatzeko. Mikel Soto editoreak Gure Liburuak aldizkarian idatzi duenez, txipiroi saltsa bezain beltza atera zaio Zintzoen saldoan, gastronomia eta krimena nahastuz kuzinatua.
Nobelari eskua sartzeko arrazoiak: Alonsok idatzia izateak garantia nahiko ematen du; gainera eliteko gastronomiaren estoldak erakutsiko dituen esperantza daukat. Azokaren aurretik gutxi, gutxiegi aipatu da. Gero zeresana emango balu, ez al zenuke gustura esango Durangon zuk jada antzematen zenuela zerbait?
 
Joserra Senperena, 10 trio piano, biolin eta akordeoirako (Gaztelupeko Hotsak):
Joserra Senperenaren azken diskoko azala.

Aste pare bat daramatzat diskoa entzuten: Senperenak, aurretik ia estilo eta lan mota guztietan maisutasuna erakutsi duen musikari horrek, pieza instrumentalez osatutako disko garaikidea egin du (baten bat jada izutuko zen “instrumental” eta “garaikide” hitzak elkarren segidan irakurri ondoren; benga, lasai, itzuli hona, ez da hainbesterako).
Konparazio traketsa da, baina 10 trioko hasierako piezek Yann Tiersen ekarri didate gogora. Aurrera egin ahala esperimentalagoa iruditu zait; pasarte batzuetan ezustekoa, noiz malenkoniatsu, noiz jostalari, irudirik beharko ez lukeen film bateko soinu banda dirudi. Aparteko artista baten lana da. Lortu diskoa. Entzun. Eta aurpegiratu parean tokatzen zaizun edonori zaborra sartzen duela belarrietatik tamainako zoragarrikeriak eskuan edukita.
PS: Asko sentitzen dut, badakit gehienak zain zeundetela [barre algarak] baina ez dut iaz bezala egunero liburu eta disko bana gomendatzeko denborarik. Nork esan du “eskerrak”? E?
* Jabetuko zen irakurlea euskaraz aritzen diren idazle eta musikarien aipamenik egitea saihestu dudala modu aski deliberatuan. Puztuta dauden fenomenoak gehiago ez puzteko asmoarekin egin dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA