“Ah, kantu batzuk ere egin ditugu”. Toxic Twins blogean altxa dute erbia Ubeda anaiek: Bide Ertzeanek disko berria martxan daukala, udazken honetan entzungo dugula emaitza.
Lanak amaitu gabe dauzkate oraindik baina gauza batzuk aurreratu daitezke. Kontzeptu baten inguruan egituratutako diskoa izango da –hori da esan dezakegun guztia–, eta hirukote modura grabatu dute, Fran Iturbe eta Joserra Senperena gabe. Oinarrietara itzuli nahi dute erabaki horrekin: lehenbiziko abestiekin estudiora joatean batu zitzaien Iturbe eta geroztik egin zen taldeko partaide Senperena ere. Baina taldeak hiruko modura maiz jo izan du diskoak bosten artean grabatu dituztenean ere, izenak pentsarazten duenaren kontrara –hala uste dugu behintzat– sexualetik gutxi daukan Bide Ertzean Trio izenarekin.
Berrikuntza gehiago: orain arte taldearen disko guztien soinuaz arduratu den Kaki Arkarazo ere ez da lan berrian egongo. Eta entzuteaz gain, irakurri ere egingo da diskoa, jakin ahal izan dugunez –Jordi Estadella gugan bego, hori da esan dezakegun guztia gai honetaz ere–.
Aldaketa handiak beraz, gure pop-rockaren erreferentziazko bandan. Haien blogari pegatuta segi beharko, ea zer gehiago aurreratzen duten. @bidertzean Twitter kontua jarraitzea ere gomendatzen dizuegu, taldeari buruzko informazioa eskaintzeaz gain, izugarri dibertigarria delako.
3 Iruzkin
Urriaren 24an Arrasateko Gaztetxean izango da Bide Ertzean hirukotea disko berria aurkezten, Kooltur Ostegunak ekimenaren barruan.
Aupa Iker, mila esker informazioagatik!
[…] Bide Ertzean taldearen disko berriari buruzko xehetasun gehiago. Hiruko formaziora itzuliko direla aurreratu zuten duela zenbait hilabete eta atzo diskoaren tematikaz idatzi zuten Toxic Twins blogean: Trantsizio […]