Ez dagoenez modurik argitaratzen diren liburu guztiek behar bezalako promozioa izan dezaten, geroz eta idazle gehiagok ikusten dute premia argitaletxeen sustapenetik harago beren obrak saltzen aritzeko. Problemarik ez daukat autobonboarekin, baina uste dut nire níre NÍRE liburua ezagutarazteko ere badaudela muga batzuk, maiz gainditzen direnak.
Hori dela-eta, autobonbo etikoa egiteko oinarrizko bost debeku proposatuko ditugu gaur (bazkalosteko telefilma bailitzan, benetako gertakarietan oinarritu gara).
1) Liburu bat argitaratu baduzu eta prentsako kolaboratzailea bazara, ez aipatu zure hurrengo artikuluan zure liburua. Tira, ez hurrengoan, ez inoiz.
2) Ez sartu zure libururik zuk gidatzen duzun irakurle txokoko kideek leitu behar dituztenen zerrendan. Nahiz eta beraiek erregutu. Ez ezazu egin.
3) Ez deitu komunikabideetara zure liburuaren kritika nork egin beharko lukeen eta nork ez “gomendatzeko”. Are gehiago: zure liburuari egin dizkioten kritikak publikoki komentatzea saihestu.
4) Zure belaunaldiko idazleak aipagai izango dituzun hitzaldi batean, ez aipatu zure burua belaunaldiko kide gisa, ezta zure libururik ere. Are gehiago: ez nabarmendu zure burua edo zure obrak belaunaldi horren barruan.
5) Hedabide batek zure liburua aupatu ez badu, ez joan kontu eske eta ez pentsatu konspirazio masoniko bat antolatu denik zure obra isilarazteko.
Gomendio horietako bakoitza zehatzago esplikatu behar ote den zalantza egin dut momentu batez, baina bere horretan aski ebidenteak iruditzen zaizkit. Beraz, post honekin bukatzeko, jar dezagun musika pixka bat.
1 Iruzkin
Ausartuko naiz, zure baimenarekin, autobonbo literario jasangarrirako (“etikoa” hitz potoloegia iruditzen zait) seigarren gomendio bat gehitzen:
6) Beste idazle baten liburuari hitzaurrea egin behar badiozu, ez duzu zeure burua aipatuko bertan, eta, ezinbestekoa balitzaizu, moderazioz egiten saiatuko zara. Gogoratu, une batez sikiera, liburua ez dela zurea…