Imanolen Forjarien kantara iritsi nintzen aurrekoan ustekabeko lotura baten bidez eta sentsazio arraro batek hartu ninduen, gustatu egin zitzaidalako.
Azalpen laburra: txikitan antiguotarraren kanta asko entzundakoa naiz, gurasoek atsegin zuten. Transmisio-paradigman sinesten dutenak harrituko dira agian, baina horrek ez nau Imanolen jarraitzaile egin, nerabezarotik aurrera haren kasetak, belaunaldikide gehienenekin batera, zapata kaxa batera joan ziren.
Itzul gaitezen Forjarien kantara, 1976ko Herriak ez du barkatuko diskoan argitaratua Gwendalen laguntzarekin. Gogoratzen nuenaren oso bestelako Imanol bat da hau, mailuka eta erredobleka ari den Arnaud Rogersek lagunduta, Bruno Barreren biolinkadekin gatzozpindua. Folk erradikala, musika tziganoa ia.
Konparatu hamar urte geroago egiten ari zen diskoekin (Oroituz, Mea kulparik ez); nire irudiko, askoz okerrago zahartu dira. Pianoarekin egindako moldaketek eta garaiko joerei lotuegiak diruditen produkzio karamelatu handiusteek nekez harrapatuko dute entzule berririk; zenbait gauza deskribatzeko “hortera” da ateratzen zaidan hitzik zehatzena.
Eta ez al da antzeko zerbait gertatzen Laboarekin ere? Sei diskoa entzun (1985) eta Bat-Hiruko (1974) piztia kaiolan sartu dutela pentsatzea ia saihestezina da.
Hamarkada batean lan interesgarriak egitetik gainbeherara, bitxia da nola baliabide gehiago eduki zituztenean hasi ziren huts egiten bai Laboaren, bai Imanolen diskoak. Galdu egin zuten sorpresa, bilaketa, arriskua. Bizia galdu zuten, nahiz eta oraindik ez dugun urte haietako zenbait diskoren birika artifiziala entxufetik atera.
Bizi daitekeenari heldu behar zaio. Beharrik, ez gara XX. mendean bizi eta Herriak ez du barkatuko deskargatu daiteke. Diskoa ez da maisulana, baina fresko mantentzen da. Berreskuratzea merezi duen Imanol bat dago hor, artean irakiten zegoena. Bestea, gurasoen eskutik ezagutu nuena, nahiago dut zapata kaxan.
6 Iruzkin
Eskerrik asko, Gorka, diskotzar gogora ekartzeagatik, aipatzen dituzun sentimenduak izan ditut nik, gogoratzen nuena baino askoz gehiago gustatu zait diskoa, arriskua eta indarra ditu oraindik.
Aspaldian hautatu nuen bigarren Imanol zela gustatzen zitzaidana, eta oraindik horixe pentsatzen dudan arren, argiago dut bi Imanol, artista bi daudela, oso ezberdinak estilo, intentzio artistikoz (pentsaeraz ere bai, eta horrek ekarriko zituen beste aldaketak), eragin musikalez, bata oso kanpora begira eta oso barnealdera bestea, eta horrek ere arriskua islatzen du. Hori guztia Juan Gorostidiren Lau kantari liburu zoragarrian ondo xehatua agertzen da.
Horregatik ez nuke gainbehera hitza aipatuko, ez behintzat Imanolen kasuan. Laboarenean bai ordea, baina kasu horretan piztia bera izan zen kaiolan sartu zena, bere kabuz (eta horrek, leun esateko, sutan jartzen nau). Horterismoak zipriztindu zuen Laboaren lana, Laboak estilo eta intentzioa aldatzeko nahirik eduki gabe, hortxe arazoa. Horregatik iruditzen zait egokiagoa eta koherenteagoa Imanolek egingo zuen biraketa eta hartuko zuen sonoritatea, dotorezia, gaur egungo belarrietatik entzunda 80ko hamarkadako zantzuak gorde dituena, ados, baina ekarri duzun diskoak 70eko zantzuak gorde dituen bezala (neurri handiagoan nire ustez). Horterismoa ez nuke kasu horretan delitutzat hartuko, falta arintzat baizik
Artistikoki uste dut geratuko dena bigarren Imanol izango dela, nire ustez kantu biribilagoak hor daudelako, nahiz eta biribiltasun hori aurkitzeko zenbait geruza zeharkatu behar diren, eta artista gutxik du inguruotan harek zuen dotorezia, ez dakit nork egin lezakeen gaur egun Gure euskaltasuna bezalako kantu bat dotorezia horrekin…Maddi Oihenartek agian
Baina zertarako aukeratu bat? Goza ditzagun biak, goza dezagun Oskorria eta goza dezagun Iratze okre geldiak.
PD: diskoa deskargatzeko pasahitza behar da, eta Pasahitza da pasahitza
Nahiko ados nago Ibonek esandakoarekin. “Bigarren aldiko” Imanol ez zait batere baztergarria iruditzen (eta aipatutako diskoetatik tiraka, “Joan etorrian” “Muga beroetan”); kantu bikainak ditu, euskaraz egin diren onenetakoak. Produkzioa eta konponketena? Bai apur bat bai, baina nahiko nekatuta nauka “gaizki zahartu da” rollo horrek. Izan ere, argudio horren atzean dagoen ideia da musikak (edo dena delako disziplinak) halako lerro zuzen progresibo bat jarraitzen duela eta denboraren igarotzeari esker iragana epaitu ahal dela argitasunez (denborak jartzen du bakoitza bere lekuan etab). Ez nago ados. Ezein testu juzgatzerakoan muntazkoa iruditzen zait testuaren testuinguruan kokatzea, eta hala, disko horiek duela hogeita hamar urte ekoitziak izan zirela kontuan hartzea ez dago soberan (historizitatea. nota pedantea: Gadamer); haien sonoritatea bada baita ere garaien erakusgarri, eta hori gutxiestea itsukeria iruditzen zait. Gutxien espero dugunean, gaindituta ei zegoena izugarri fresko irudi dakiguke. Ez dut ukatzen hortera ukitu hori baina, kasu, halako batean Ariel Pink etortzen zaigu, edo Rafael Berrio, edo, zinemara pasaz, David Lynch, eta hortera zena beste begi batzuez ikusarazten digute.
P.D: Hau guztia aitzakia bat da Egan aldarrikatzen amaitu nahi dudalako. Tiempo al tiempo.
Mila esker biei erantzunengatik.
Aitortzen dut Imanolen 80ko hamarkadako diskoekin nahiko harreman irrazionala daukadala; bat egiten dut zurekin Ibon, diozunean horiek izango direla geratuko diren kantak. Baina ez dut uste kanten kalitateagatik bakarrik denik. Begiratu zein diskoetxek argitaratu zituen aldi bateko lanak eta besteak, ezinbesteko faktorea iruditzen zait.
Bestalde, Beñat, nik ere ez dut artearen ikuspegi teleologiko horrekin bat egiten. Baina horrek ez du esan nahi, nire ustez, testuinguruak dena esplikatzeko balio duenik: hemen eta orain ere egin daiteke disko horien kritika bat.
Goian esandakoa, dena den: Imanolen disko horiekin daukadan problema entzuten hasi aurrekoa da, “espero dudanaren ortzemuga” (to pedantekeria) oso itxita daukat. ‘Herriak ez du barkatuko’-koa aldiz, ez.
Eganen bindikazio horren zain: beti pentsatu izan dut erromerietako konjuntubak izan direla Euskal Herrian Sound System jamaikarren antz handiena duten fenomenoa. Olerori, lori!
Ez dut esan testuinguruak dena esplikatzen duenik: “Ezein testu juzgatzerakoan MUNTAZKOA [tira, “muntakoa” behar luke ziur aski] iruditzen zait testua testuinguruan kokatzea, eta hala, disko horiek duela hogeita hamar urte ekoitziak izan zirela KONTUAN HARTZEA ez dago soberan.”
Aupa hirukote,
Twitter bidez izan nuen zuen gogoeten berri, eta asti apur bat hartu dut, izan ere, nigan Imanol revisitatzeko gogoa piztu zenuten. Gogoan zintzilik banituen hainbat kanta (Oroimeneko portua, Nire euskalatasuna, Izarapean, Oído…), baina ez iritzi trukean fundamentuz sartzeko beste.
Hasteko, Gorkaren zera azalgaitz hori ulertzen dut: niri Benitorekin gertatu zait gurasoen gustuko izan eta nik baztertzea; eta ez dut oraindik superatu…
Bestela, Ibon eta Beñatekin bat nator. Bigarren Imanol da gustukoen dudana. Soinu kontuekin ados egon naiteke (bereziki ‘Joan-etorrian’ egin zait alde horretatik pastela), baina inporta dutena kantak dira, eta ‘Muga beroetan’ disko izugarria da! Bestetik, bat nator zenbait kantatako dotorezia hori gutxik lortu duten iritziarekin.
Ez dut esan barik utzi gura, Imanolen kausaz Laboa aipatu duzuenez, niretzat Lete izan zela kaiolatutako piztia. Kasu horretan bai lehenengo Lete dela zirraragarriena. Niri oraindik ‘Ni naiz’, ‘Altzateko Jaun’ edo ‘Giza aberea’ entzuten barrenak oldartzen zaizkit… Iruditzen zait, gainera, kaiolan ere ezin zela piztia hura domatu: gerora ere ulu egin zezakeen kantetan zen indartsuen, ‘Xalbadorren heriotzean’ kasu (bai, ados: mendi hegaletan goraino gaude kanta horrekin).
Eganena, hurrengo baterako utziko dut.
[…] zail samarrak ziren diskoak berreskuratzeko ezinbesteko erreferentzia zen –urrunago joan gabe, Imanolen disko hau Ekaitzaldiri esker lortu dut, bestela ezingo […]