Iraila da hilarik krudelena

Gorka Bereziartua
0

Eliotek bazekien gezurretan ari zela, esan zuenean apirila zela hilarik krudelena. Jakinekoa da garai hartan, orain bezalaxe, urteko lau aste ankerrenak irailekoak izaten zirela. Bai: iraila da hilarik krudelena, arboletako lehen hosto hilak haztan, abuztuko oroimen eta desirak nahasten, ofizina uherrak errutina ekoizten. Udak berotan mantendu gintuen, sabelak edari epelez betetzen, gosea jaki merkez elikatzen. Baina udazkenak ustekabean atzeman gintuen, eta abar, eta abar. Bistan denez, Lur eremua poema askoz sinesgarriagoa da opor osteko sindromearen mozorroz jantzita.

iraila028
Iraila da hilarik krudelena... eskerrak bukatzen ari den!

Baina agian Eliot baino lehenagoko, askoz lehenagoko garai batean, jendeak ez zion hainbesteko garrantzia emango hilabeteen kontu honi. Egun bat izango zen, hori: egun bat. Eta bizitza egun askoren kolekzioa. Lehen orbelak haizetan ikusi, eta inori ez zitzaion burutik pasako urtebete zaharragoa zela. Garai hartako pertsonak, aurpegia uretan islatuta ikustean, ez zion erreparatuko ilearen koloreari, urtebete lehenago existitu ez arren, denbora gutxian ejerzitotxo bat bihurtzen ari ziren bilo urdinei. Estresa? Mamuta ehizatu bitartekoa; sua piztu artekoa; loa izorratu nahi zizun basapiztia garbitu aurrekoa.
Gero neolitoa etortzen da, eta gaur egun arte: festarik ez aitzakiarik gabe; dena agendan ondo apuntatua; badaezpada, badakizu, ez da inprobisatu behar. Garai ederrean okurritu zitzaion baten bati harrapari izatea baino gauza hobeak bazeudela mundu honetan. Seguru orduan ere izango zirela disidenteak: opor osteko lehen baja, kristo aurreko 7.000. urtean hartuko zuen norbaitek.
XXI. mende honetan ordea, irailez hankarteraino gauden honetan ordea, iraultza berri baten zimenduak jartzeko ordua iritsi da. Utziko didazue historiako orrietan sartzen, pre-neolitismoa aldarrikatuz. Eta baimena emango didazue, datorren urteko irailerako deialdi bat egiteko: ez zaitezte jaiki oporren osteko lehen egunean. Gera zaitezte ohetan nagiak eta langileak, 20 urteko zaharrak, 40ko gazteak, aberats eta pobre oro. Ez itzazue bete iraileko zeregin errutinazkoak. Trukean izango duzue jasaten ere zaila izango den askatasuna. Rodolfok berak nekez jakingo du nor egurtu, denak ohean egongo baitira. Zibilizazio zaharra desegingo duen kaosa sortuko da; zibilizazio berria jaioko: eta hain erraza izango da aurrekoa ahaztea, iraultzari ez zaiola “Iraileko iraultza” esango, “Iraila” agureren batek bakarrik erabiliko duen arkaismoa besterik ez baita izango.
Horrelako kontuak neuzkan buruan, hiriburutik mezu bat iritsi zaidanean, Euskalerria Irratitik, Burutazio eske. Mila puskatan hautsi dira nire asmo iraultzaileak; etsaiaren kausa besarkatu dut konturatu naizenerako. Izan ere, errutina batzuk ez daude batere gaizki. Eta ez da ona gehiegi kexatzea ere. Azken finean iraila bukatzen ari da, ezta?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA