“Y belaunaldia” eta kulturgintza ardatz duen Erretenak dokumental laburra edonork ikusteko moduan dago gaurtik. Kepa Matxainek eta Ander Bolibarrek zuzendu dute Mondragon Unibertsitateko Sorguneak ikertegirako eta akaso 1980-2000 urteen artean jaiotako pertsonak talde gisa kontsideratzen dituen lehenbiziko ikus-entzunezko lana da Euskal Herrian.
1960-1980 urteen artean jaiotako jendeari, X belaunaldiari, ADN postmodernoaren zenbait bereizgarri atxiki izan dizkiote jakintsuek (axolagabekeria, idealik eza, iraganaren ukazioa, alternatiba falta) eta milaka liburu, film eta mota guztietako produktu kultural argitaratu dira haiei buruz. Ez da gutxiago hitz egin ondorengo generazioaz, Wikipediak erakusten duenez ezker abertzaleak azken 10 urteetan eduki dituen siglak baino talde-izen gehiago eman baitizkiete 1980-2000 urteetan jaiotakoei: Y Belaunaldia, Milenioaren Belaunaldia, 9/11 Belaunaldia (New Yorkeko Dorre Bikien aurkako atentatuari erreferentzia eginez), Ni Belaunaldia, Trofeokumeak, Baby Boomer Berriak…
Nolakoak diren tarte horretan sortutako euskaldunak? Zer iritzi duten kulturgintzari buruz? Baieztapen kategorikoak baino, eztabaidarako puntuak eskaintzen ditu Erretenakek hainbat lagun elkarrizketatuz (Garazi Arrula, Leire Lopez, Jon Benito, Amets Arzallus, Andoni Olariaga, Beñat Sarasola eta Jokin Azpiazu). Ez direla belaunaldi bateko partaide sentitzen diote gehienek. Gutxienez, ez direla errepresentatuak sentitzen euren belaunaldiari buruz behin eta berriz errepikatzen diren topikoekin.
Zierto, adin berdina edo antzekoa edukitzeak ez du zertan bizipen-katalogo amankomunik ekarri. Ez automatikoki behintzat. Historiaren eskailera mekanikoan bateratsu igo izanak kezka batzuk partekatzera daramatza elkarrizketatuak, hori bai. Lauzpabost adibide, brotxa lodiz: Euskal Herriko aro politiko berriak zabaltzen dituen aukeren aurrean ikusmina, tradizioarekin harreman problematikoa, euskal kulturako zentro eta periferien gaiaz hitz egiteko gogoa, kritikaren premia, beren burua testuinguru globalean txertatuta ikustea…
“Bukle batean sartuta egon izanaren sentsazioa” aipatzen du Leire Lopezek dokumentaleko parte batean. Beste hitz batzuekin ere maiz errepikatzen da ideia hori, ez kasualitatez: aurreko belaunaldiak sortu eta garatu zituen mito eta praktiketan harrapaturik egon izanaren sentipena partekatzen dut nik ere bideoko protagonistekin. 30 urteren bueltara iritsi gara berritik deus guti asmatuta, akaso zerbait deseraikitzen hasita.
Zaharrarekin hautsi? Jasotakoa galbahe kritikotik pasa? Aurrekari berriak asmatu? Matxainen eta Bolibarren lanak lagunarteko eztabaida baterako baino gehiagorako eman dezake. Horregatik iruditzen zait bakarka baino taldean ikusteko moduko lana dela, non arraio gauden eta zer arraio egin behar genukeen serio hitz egiten hasteko, askoz gehiago berandutu gabe.
2 Iruzkin
Eta mundu globalizatuan, nolakoak dira belaunaldi beraren kontsumo ohiturak https://www.youtube.com/watch?v=fAn-Qm1aMxU
[…] hainbat lagunek beren blogetan idatzi dute dokumentalak eragindako inpresioei buruz: Gorka Bereziartuak, Eneko Barberenak, Beñat Gaztelumendik eta Jon Benitok. Danele Sarriugartek, ostera, bideo batean […]