Venancio Amillanoren ezinezko arropak

Gorka Bereziartua
0

Venancio Amillanoren obretako bat.
Venancio Amillanoren obretako bat.

“Egur taila” entzun eta diseinu etnoak burura etortzen bazaizkizu bagara bi: hainbeste lauburu ikusiak dituzu etxeko altzarien dekoragarri, kasik harritu egiten zarela zura zizelkatuz bestelako lanak egin daitezkeela ikusten duzunean.
Venancio Amillanok, gaur idaztera animatu gaituen artistak, eskarmentu handia du zeregin horretan. 40 urte baino gehiago zura, marmola eta harria lantzen, aipatutako tailaz gain heraldika, eskultura eta zaharberritzean jo eta jo.
Eta halako batean erakusketa bat antolatzen dizu Iruñeko zitadelako labean, oso bestelakoa. Ez duzu aurkituko euskal sinbologia tradizionalarekin lotutako deus maiatzaren 18ra arte bisitatu dezakezun instalazioan. Arropa baita ardatza, egurrari eta harriari kax-kax eginda zimur eta guzti eraiki (josi?) dituen alkandora, galtzerdi, berokiak.
Galtzak, galtzerdiak, elastikoak... zintzilik, zimur eta guzti tailatu ditu Amillanok.
Galtzak, galtzerdiak, elastikoak… zintzilik, zimur eta guzti tailatu ditu Amillanok.

Erakusketa koloretsua da, badu halako pop kutsu bat eta, benetan diot, zenbait piezarekin zalantza sortzen dizu, ez ote den benetako arropa, ikuslea despistatzeko hor jarria.
Hamar egun barru kenduko dute Hiri Buruzagiko txoko politenetako batetik. Hori baino lehen merezi du bisitak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA