Rabinoak onartzen ez duen amodioa

Gorka Bereziartua
0

Euren komunitateek bereizten dituzten bi pertsonaren arteko maitasun istorioa da filmaren ardatza
Euren komunitateek bereizten dituzten bi pertsonaren arteko maitasun istorioa da filmaren ardatza

Testuinguruak behartuta elkar maitatu ezin duten pertsonen istorioak ez dira oso kontu berria (e, William Shakespeare?), baina jokua eman dezakete, segun eta nola kontatzen diren. Felix et Meirak karta hori jokatu du, ezkonduta dagoen emakume judu ortodoxo baten eta gizon gentil baten arteko harremanaren hasiera kontatuz. Indarra falta du eta korapiloa zein den argi geratu denean desegin egiten da. Eta halere, ez zait erabat baztertzekoa iruditu.

Seguruenik musika izango da horren arrazoia: Meirak haurrari jartzen dion soul kanta, haren senarrak eta lagunek dantzatzen duten klezmerra, Leonard Cohenen Famous blue raincoat kasik bideoklip baten moduan sartzea… Kanadarrek badakite hori egiten. Duela urte batzuk Donostian ikusi genuen Take this waltz irregularrak ere musikarekin mantendu ninduen filmaren barruan.
Errealizazio aldetik baditu gauza interesgarriak, etxe barruko zenbait eszenatako plano luzeak adibidez. Ikusteko polita da eta familia ortodoxo baten egunerokotasunean sartzeak badauka bere interes puntua.
Baina arrankatzea kosta egiten zaio eta ez du tonua aurkitzen, kontentzio handiko lehen parteak ez baitu gehiegi lotzen gero etorriko diren pare bat eszena esperpentiko xamarrekin. Emakumeak bizi duen dilema ere intentsitate handiagoarekin konta zitekeela uste dut, bere komunitatea abandonatzera eraman dezakeen erabakia hartzen baitu, kasik janzteko era aldatzen duen pertsona baten arintasunarekin. Borobila izateko asko falta duen filma, azken finean.
SAIL OFIZIALA
Felix et Meira
Zuzendaria: Maxime Giroux
Aktoreak: Martin Dubreuil, Hadas Yaron, Luzer Twersky, Anne-Elisabeth Bossé
Kanada
105 minutu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA