Kargu bat uzteko modu hobeak badaudela behintzat inork ez du ukatuko: Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak iragarri du ez dela probintziako etxe handira aurkeztuko 2015eko bozetan, baina lasai egoteko, 12 urtean ikusi dituen “miseriak” ez dituela kontatuko.
Ikusi dituen eta salatuko ez dituen delituen zerrenda transkribatzeko modukoa iruditu zaigu:
Nire memorietan pertsonak beren handitasunekin agertu ahalko lirateke, baita beren miseria handiekin ere. Zoritxarrez, miseria asko legoke. Pribatuan gauza bat esan eta jendaurrean kontrakoa esaten zutenak, gezurra esaten ari zirela jakinda gezurretan aritzen zirenak, erabili ezin genuen informazioa geneukala jakinda horrekin jolasten zutenak, gauza bat eta gauza horren kontrakoa begiak kliskatu gabe esan zezaketenak, jatorria zein zen erakutsi gabe billete-sortekin ordainketak egiten zituztenak, paradisu fiskaletan diru kopuru handiak zeuzkatenak, haien izenak argitaratu gabe; jatorri ezezaguneko dirua etxera ekarri dutenak eta kalean jaunen gisa dabiltzanak, are, baita besteoi egin beharko genukeena esateko lain direla uste dutenak, eta zer dagoen ondo, eta zer dagoen gaizki. Horiei guztiei, eta ondotxo dakite nortzuk diren, esaten diet lasai egon daitezkeela, niri dagokidanez behintzat. Inoiz ez ditut nire memoriak idatziko.
Adierazpenen sakoneko esanahia ulertzeko, Guillem Martínezek Kataluniari buruzko artikulu honetan zioen moduan, egokiagoak dira analisi kulturalak politikoak baino, analisi politikoak lotuago baitaude euren background kulturalera deklaratutako politiketara baino.
Uste dut Bilbaok bi plano horien arteko tartea norainokoa izan daitekeen demostratzeko lezio magistrala eman duela, aipatutako adierazpenak ez baitira egin dituen bakarrak: diru zikinaz, iruzur fiskalaz, informazio konfidentzialaren erabileraz eta 12 urteko agintaldian ikusi bai, baina epaitegietara eraman ez dituen beste zenbait delituri buruz mingaina lasai dantzatu baino lehen, gardentasun-ariketa usteko bat egin nahi izan du, daukan posizioa bere burua aberasteko baliatu ez duela esanez —excusatio non petita zer den esplikatu beharko litzaioke akaso Bizkaiko gizon itzaltsuari, bidenabar—.
Hau da, kargu publikoari dagozkion hainbat balore aldarrikatu ditu aurrena (politika deklaratua, demokrazia), baina luzapen denbora iritsi denean, estolderia ireki eta agerian geratu da balore horiek guztiek merezi dioten errespetua eskala liliputiarrekoa dela (kontrabandoko politika, post-demokrazia).
Azken 30 urteetan nagusitu den kultura politiko opaku, bertikal eta herritarren kontroletik kanpokoaren lagin bat besterik ez da. Antzeko jarrerak nonahi aurkituko dituzu, udaletatik administrazio autonomiko gorenetara dauden eskaileretan. Asmo batzuk adierazten dira, printzipio batzuen arabera funtzionatzen da ustez —herritarren zerbitzura egotea, gardentasuna, erantzukizuna, entzuten jakitea, aukera berdintasuna…—, eta oso polita da dena, eguneroko bizitza ikatza bezalako jokamolde ilunak isurtzen hasten den arte.
Gure administrazio publikoetako maizterrei utzi diegu sinesten gangsterrak direla: talde itxietan funtzionatzen dute, badakizkite beste inork ez dakizkien gauzak, lantxo zikinak egiten dituzte, elkar babesten dute eta euren ohorezko kodean dago, barkutik jaisteko ordua iritsi denean, omertá zin egitea, baita telebistako kameren aurrean egin behar bada ere, kasu honetan Bilbaok bezala. Jokoan dagoena know how politiko horren gainean eraikitako guztia delako, hau da, hauteskundeak, alderdiak eta norabide politikoak bezain garrantzitsua den “gauzak egiteko modua”.
Zer edo zer benetan aldatu nahi izanez gero, kultura politiko horrek dirudi eraitsi beharreko murrua, are gehiago dena zalantzan jartzea posible bihurtu den momentu honetan.
1 Iruzkin
[…] kudeaketa boterea da. Argiako kazetari Gorka Bereziartuak irailean Boligrafo Gorria blogean egindako sarrera batean aipatzen zuen: “gure administrazio publikoetako maizterrei utzi diegu sinisten gangsterrak […]