Boligrafo Gorria
Antzerkia
by Gorka Bereziartua
  • Antzerkia

Dejabu estiloa

Gorka Bereziartua
2014-11-17
1

Lurrek ez zuen ama ezagutu eta hilda agertzen denean iraganari buruzko galderak egiten hasiko da.
Lurrek ez zuen ama ezagutu eta hilda agertzen denean iraganari buruzko galderak egiten hasiko da.

“Ba gaur antzezlan polita omen zegoen Niessenen”, esan dio zerbitzariak barran bermatuta dagoen bezeroari. Igande arratsa da eta Dejabu panpin laborategiaren Arrastoak ikustetik etorrita, poza ematen du antzezlana tabernako hizketagai dela ikusteak. Ez tabernakoa bakarrik, noski: azken ilararaino beteta zegoen Oreretako aretoa, obrak ikusmina sortu duen seinale.
Planteamendu eszenikoarengatik, pertsonaia batzuengatik, istorio tragikoa umore zipriztinekin uztartzeko eta iraganari begiratzeko moduarengatik, Gure bide galduaken lehengusutzat jo daitekeen obra da udazken honetan estreinatu dutena. Kasu halere, lehengusu diogu eta ez biki: amak abandonatu zuen Lur gaztearen istorio honetan Dejabu taldeari eboluzioa sumatzen zaio, batez ere, nire ustez, taula gainean sortzen duen sentsazio bisualean.
“Gutxirekin asko” maximari eutsi diote, objektu sinple batzuekin testuinguru ugari errekreatzea lortzen dute. Baliteke oraingoan efektu batzuk –aktoreak kamera geldoan ariko balira bezala mugitzea berbarako– neurtuago erabili izana, aurreko obrekin alderatuz gero. Eta keinuren bat edo beste egiteko askatasuna hartu dutela dirudi –adibidez, baserri batean protagonistak aurkitzen dituen bi amonek Monty Python ekarri didate gogora–.
Istorioa bera ere konplexuagoa da, bi belaunaldi atzera egiten baitu eta lekuz aldatzen da, gertakari guztiak garai eta toki berean kokatu ordez. Lau aktorek jokatzen dituzte ia rol guztiak eta alde horretatik ere, zailena erraz egin daitekeela sinestarazten dizute.
Txalo zaparrada beroa jaso zuen obrak bukatutakoan. Azken urteotan Dejabuk estilo propioa landuz publikoa bereganatzea lortu du eta egiten ari diren bidean Arrastoak beste urrats sendo bat dela uste dut. Beste herri askotako tabernetan ere emango du zeresana, datozen hilabeteetan zenbat hitzordu dauzkaten kontuan izanda.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

arrastoakdejabuniessenorereta
1 Iruzkin
    txus (e)k dio: Erantzun
    2014-11-18, 8:35

    Azaroaren 28an Elorrioko Arriola antzokian izango da!

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Euskal Herriko segallari txapelketa2014-10-28
Nik ez dakit deus Baztanen antolatzen ari diren Nobela Beltzaren asteaz2014-11-21
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA