Oscar sarietarako bederatzi izendapenek denen ahotan jarri dute Alejandro Gonzalez Iñarrituren Birdman eta guk ere ikusi dugunez zer edo zer esan beharko dugu, azken finean blog hau abandonatuta eduki dugu ia hilabetez eta norbait pentsatzen hasia izango zen ez genuela berriz idatziko, beraz, ezer baino lehen, esplikazioa zor dugu, hau da, aukerarik ez dugula izan, beste lan batzuekin trabatuta egon garela, eta orain filma ikusirik, badugunez zertaz hitz egin, ba, hori, harira, gustatu zaigula, batez ere bere izaera garaikidearengatik, hemen eta orain ikusteko zerbait delako, sare sozialen eta fenomeno biralen garaian; eta Iñarrituk goi mailako artearen eta masa produktuen arteko dikotomia gaur egungo terminoetan planteatzen asmatu duela iruditu zaigulako, eztabaidarako elementu ugari –kritikaren funtzioa eta ospearen gaur egungo definizioa, besteak beste–, mahai gainean jarriz, film dibertigarria egiteari utzi gabe –komedia “zikin” bat da, izan ere–, protagonista lanetan Michael Keaton jarriz –Batman egin zuen aktorea, Birdman super heroiarekin famatu egin ondoren bere burua teatroan berrasmatu nahian ari den izar eroria bihurtuko da pantailan– eta Edward Norton paratuz parean, kontrapisu gisa, antzerkian zaildutako aktorearen rolean –Nortonen karrera ere New Yorkeko teatroetan hasi zen–, bi aktoreen irudi publikoa abilki fikziorako baliatuz, kasik reality show baten mekanismoak imitatzeraino, planteatu ahal izateko istorioaren korapiloa, zeina izan litekeen, gure ustez, ea nondik jo dezakeen aktore batek zinema industria zaharra –txarteldegiak lehertzen zituzten superprodukzioetan oinarritua– krisian dagoenean, eredu berriko –INTERNET!– joko-arauak oraindik definitzeke daudenean, eta formula garbien faltan, dena –fama, prestigioa, dirua– komunetik behera doala dirudienean, protagonista utziz garai hobeen oihartzunekin erotzeko zorian, zer bide hartu ez dakiela, antzokiko pasilloetan hara eta hona ia filma bukatzen den arte (itxuraz) etenik ez duen planoan; eta bukaerara iritsi arte ez dugu komentatu baliabide tekniko hori, nahiko ados baikaude Angel Aldarondok Berrian dioenarekin, eta kontziente gara artikulu hau esaldi bakarrean idatzi izanak ere ez duela testuaren kalitateaz askorik esaten, baina idazten dibertitu garena ez digu inork kentzen ahal honezkero, eta akaso berdina pasako zitzaion Iñarrituri errodajea planeatu bitartean, nahiz eta gero, lanean hastean, buruhausteak ere ez ziren txikiak izango, guk artikuluari azken puntua jarri ahal izateraino izan ditugunekin konparatuz gero, problema inportanteak, noski.
1 Iruzkin
Filma gustatu zitzaidan ta artikulu hau ere gustatu zait, analisiarekin ados nago era punttugabeko divertimento hori kopiatuko det, probatzeagatik, neri kamarako akoso horrek botagura eman zidan hasierako momentutan bambalina arteko pasiluetatik, Alien espaziontzikoak bezain itogarriak, Mickael Keaton era Eduard Norton mundialak (barkatu ortografiagatik)